bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Phoenix’ ontzia bisitatu ahalko da Pasaia Itsas Festibalean

‘Phoenix’ bergantina izango da Pasaia Itsas Festibalaren protagonista nagusietako bat. 34 metroko luzera du eta badian ibiliko da maiatzaren 9tik 12ra nahi duenak bisita dezan. Musika, artisautza, gastronomia... hamaika jarduera izango dira, denak itsas ondarea oinarri hartuta. 

‘Phoenix’ ontzia Pasaiako badian ikusi ahalko da maiatzean. (PASAIA ITSAS FESTIBALA)

Maiatzaren 9tik 12ra ospatuko da Pasaia Itsas Festibala, itsasoko zein lehorreko hainbat proposamen eskainiko dituena, urtero bezala: musika, artisautza, gastronomia... beti ere itsas ondarea oinarri hartuta.

Antolatzaileek aurreratu dute aurtengo herrialde gonbidatua Txile izango dela eta bertako ordezkaritza «garrantzitsu bat» Euskal Herrian izango dela. Beraz, esan dutenez, «aukera paregabea izango dugu Atlantikoaren beste aldean dagoen eta itsasoarekin eta kulturarekin lotura garrantzitsuak dituen herrialde batera hurbiltzeko».

‘Phoenix’ ontzia

Seguruenik, ‘Phoenix’ bergantina izango da Pasaia Itsas Festibalaren protagonista nagusietako bat. 34 metroko luzera du eta badian ibiliko da maiatzaren 9tik 12ra nahi duenak bisita dezan. Ontzia 1929an eraiki zen Danimarkan eta, 1991n, Ridley Scotten ‘1492: Conquest of Paradise’ filmerako XV. mendeko karabela ‘bilakatu’ zuten. Bi mastako bergantin hau badian ibiliko diren ontzietatik handiena izango da eta San Pedroko kaian izango dela ikusgai.

Zehazki, Frederikshavnen herrian eraiki zen. Jatorriz goleta moduan sortu arren, karga-ontzi funtzioa ere bete zuen, baina sute baten ondorioz makina-gela kaltetu zen. Ondoren, 1974an beste jabe batzuek erosi eta bergantin bihurtu zuten, Azkenik, Square Sailek erosi zuen 1988an.

Jaialdiko arduradunek azpimarratu dutenez, ontziak duen ehun urteko ibilbidean bada nabarmentzeko moduko pasadizo xelebre eta deigarri bat: 1991. urtean Ridley Scott zinemagilearen ‘1492: Conquest of Paradise’ filmean parte hartu zuen ontziak, XV. mendeko karabe bilakatuta, ‘Santa Maria’ karabela. Iitsasontzia izen horrekin ezagutu izan zen 1996. urtean bi mastako bergantin bihurtu eta jatorrizko izena berreskuratu zuen arte: ‘Phoenix of Dell Quay’.