05 AVR. 2024 Bidaia Gasteizen Napoleonen garaira Ipuin kontalariak, birsorkuntza historikoak, musika tradizionala, txotxongiloak, antzerkia, artisautza eta gastronomia azoka... Aurten ere hamaika ekitaldi eskainiko ditu Gasteizen urtero antolatzen den Napoleonen garaiko azokak.Aurtengo nobedadea ‘Historiaren Txokoa’ izango da. Aurreko edizio bateko irudia. (vitoria-gasteiz.org) Bidaiari Ipar Arriaga bizilagunen elkarteak Gasteizko Udalaren babesarekin antolatutako Napoleonen garaiko azokaren 12. edizioa egingo da apirilaren 5etik 7ra, Arabako hiriburuko Arriaga parkean. Artisautza, gastronomia eta bertako produktuen 130 salmahai bilduko ditu Egitarauak Napoleonen garaiko pertsonaiekin egindako birsorkuntza historikoak, antzerkia, kalejirak eta abar biltzen ditu, eta aurtengo edizioko berritasun gisa, ‘Historiaren Txokoa’ egingo da hiriko historialari ezagunen eskutik, 1813ko Gasteizko Batailaren Monumentuaren historia ezagutzeko. Pregoiarekin hasiko da Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azoka ostiraleko 18:00etan hasiko da, pregoiarekin, inaugurazio salbarekin eta kalejirekin. Ondoren, ipuin kontalariak, birsorkuntza historikoak, musika tradizionala, txotxongiloak eta antzerkia izango dira. Larunbatean, egitaraua 11:00etan hasiko da, azokaren eta kanpamentuen irekierarekin. Ondoren, artilleriako salbak eta musika tradizionala iritsiko dira. Gainera, birsorkuntza historikoak, musika tradizionala, haurrentzako jarduerak eta askotariko ikuskizun eszenikoak izango dira 21:00ak arte. Azkenik, igandean, azokaren irekiera eta gainerako ikuskizunen ordutegi guztiak ordu erdi aurreratuko dira goizean. Hala, azoka eta kanpamentua 10:30ean irekiko dituzte eta jarduerak 21:00ak arte izango dira.