16 AVR. 2024 Durangaldeko ondarea eta historia ezagutarazteko bisita gidatuen katalogoa Durangaldeko ondarea eta historia ezagutzera emateko bisita gidatuen katalogoa osatzen ari da Gerediaga Elkartea, eta asmoa da Bizkaiko eskualdeko herri guztiek gutxienez bat izatea. Gaur gaurkoz, Durango, Iurreta, Garai, Elorrio eta Otxandioko bisitak daude prest. Herrietako eskulturak ere iznago dira ikusgai bisita gidatuetan. (Gerediaga-eus) Bidaiari Gerediaga Elkartetik jakinarazi dutenez, bisita gidatuak gehienez 25 laguneko taldean egiteko daude diseinatuta eta, batez beste, ordu eta erdikoak dira. Herri bakoitzeko leku esanguratsuak ikusi eta herriaren historian eta ondarean sakontzeko aukera ematea da helburua. Durangoko Udalak larunbatean eta igandean antolatuko duen ‘Plazara’ ekimena aprobetxatuz, diseinatutako bisita gidatu berria aurkeztuko dute: Durangon aire librean dauden kale eskulturak ezagutuz antolatutako ibilbidea. Bi bisita izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, Ezkurdi plazako iturrian hasita, zazpi eskultura bertatik bertara ikusi eta ezagutuko dira. Edonola ere, Durangon zehar dauden beste horrenbeste eskultura ere aipatuko dira bisitan, besteak beste, Vicente Larrea, Nestor Basterretxea, Jesus Jauregi edota Imanol Marrodanenak. Bisita doakoa izango bada ere, aurretik izena eman behar da Gerediaga Elkartean: gerediaga@gerediaga.eus edo 946 818 066. Euskarazko bisita 10:30ean izango da, eta gaztelerazkoa 12:30ean. Elkarlana Gerediaga Elkarteak bigarren urtez sinatu du elkarlanerako hitzarmena Durangoko turismo bulegoarekin. Martxoaren 30ean hasita, udaberri-uda garaiko kanpainan, guztira 27 bisita tematiko eskainiko dira. Bisita berezi horiek turismo bulegotik kudeatuko dituzte. Bestalde, Durangora bizitzera doazenei zuzenduta, Durangoko Udaleko Immigrazio Sailarekin batera, bisita gidatu berezia eskainiko da, eta apirilaren 27an egingo da lehenengoa. Durangoko Udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak non dauden eta zer eskaintzen duten azalduko zaie ibilbidean etorri berriei, nahiz eta Durangoko historia, ondarea eta kulturaren berri ematea ere baden helburua. Apirilekoaz aparte, ekainean, urrian eta abenduan ere egingo dira beste hiru bisita.