16 MAI 2024 Arabako Museoen Foru Sareak zazpi jarduera antolatu ditu Museoen Eguna ospatzeko Arabako Museoen Foru Sareak zazpi jarduera antolatu ditu, maiatzaren 18an ‘Museoak hezkuntza eta ikerketaren alde lanean’ lelopean ospatuko den Museoen Nazioarteko Eguna dela eta. Bibat izango da Araban Museoen Eguna ospatuko duten museoetako bat. (Eli Txapartegi) Bidaiari Duela 40 urte baino gehiagotik ospatzen da Museoen Nazioarteko Eguna, kultur hartu-emanetarako, kulturak aberasteko eta herriek elkar uler dezaten, elkarlanean aritu daitezen eta bakean bizi daitezen museoek duten garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko asmoz. Bada, testuinguru horretan, Arabako Museoen Foru Sareak zazpi jarduera programatu ditu egun horretarako, besteak beste, bi erakusketa, bi hitzaldi eta sari banaketa bat, bere arduradunek iragarri dutenez. Maiatzak 15ean bi erakusketa inauguratu dira Arabako Arte Ederren Museoan: ‘Ibilbideak’ eta ‘Maria Antonia Proietti, italiar modeloa’. Urtarrilera arte egongo dira ikusgai. Bisita gidatua Halaber, maiatzaren 16an, ‘VIT Herbarioa ikerketarako eta hezkuntzarako baliabide gisa’ bisita gidatua egingo da Hibridalab eraikinean, 18:30ean, Patxi Heras eta Marta Infanteren eskutik, eta maiatzaren 17an, Irene Zottolaren ‘Ikaro’ erakusketa inauguratuko da Amarika aretoan. Bestalde, larunbatean, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ‘Nire artelan gogokoena’ haurrentzako hamargarren marrazketa lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da Bibat Museoan, 11:30ean, eta ordu erdi geroago ‘El libro como obra de arte’ hitzaldia eskainiko du Celina Valdiviak Arabako Arte Ederren Museoan. Azkenik, Arabako Museoen Foru Sareak maiatzaren 22an bukatuko ditu Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerak, Oskar Gonzalezek 19:00etan Bibat Museoan eskainiko duen ‘El arte bajo la lupa de la ciencia’ hitzaldiarekin.