17 MAI 2024 Subijana etxea, memoria historikoaren babesleku Amasa-Villabonako Udalak Subijana eraikinaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimena jarri du martxan, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin. Ekainaren 7an izango da ‘Emakumeen haria’ lelopean, hamaika ekitaldiz jositako kartelarekin. Subijana etxea. (Tolosako Turismo Saila.) Bidaiari Amasa-Villabonako Subijana ez da edozein eraikin, historia interesgarria baitu atzetik. 1880tik 1960ra oihal fabrika erreferentea izan zen; gainera, langile asko emakumeak ziren. Gaur egun, Bertsozale Elkartearen egoitza da eta bertsolaritzak eta bereziki emakumeek egindako lana ere nabarmendu nahi du Amasa-Villabonako Udalak. Gainera, oihal fabrikatan bertsotan aritzen ziren langileak eta, horrela, Subijana eraikinaren iragana eta oraina islatuko dituen horma irudia jarriko da fatxadan, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok marraztua, Maialen Lujanbioren bertsoarekin. Bisita gidatua Ekimenaren hurrengo hitzordua ekainaren 7an izango da, herritarrei zabalik. 17:00etan Subijana etxera bisita gidatua egingo da. Oihal fabrika zaharraren berri emango du Fanny Alonsok, eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak gonbidatuko dira bereziki, elkarrizketan aritzera. Subijanan Bertsozale Elkarteak egun egiten duen lana azalduko dute elkarteko kideek.Halaber, ‘Emakumeen haria’ horma irudia inauguratuko dute 18:00etan. Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma irudian islatu dutena azalduko dute, eta Maialen Lujanbioren bertsoa ere plazaratuko da ekitaldian.Azkenik, 19:00etan, Gudari plazan, oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioa izango da, Oihana Iguaran, Amaia Agirre, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabalen parte hartzearekin.