bidaiari - bidaia aldizkaria

Sentsibilizazio guneak, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean

Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Gasteizko Udalaren Ingurumen Gaietarako Ikastegiak publiko guztientzako jardueren egitarau oparoa antolatu du. Ekintzak hiriko hainbat txokotan egingo dira ekainaren 5etik hilaren 16ra bitarte.

Klima aldaketa izango da jorratuko den gaietako bat. (Getty Images)

Gasteizko Udalak adierazi duenez, «egitarau honen bidez, ingurumeneko arazoak konpondu eta toki eta mundu mailan ingurumeneko eta gizarte eta ekonomia arloko jasangarritasunerantz aurrera egin beharra dagoela gogorarazi nahi dugu».

Asteazkeneko Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, «herritarren inplikazioa» lortu nahi dutela nabarmendu du, «ingurumena babesteko, bioaniztasuna kontserbatzeko, ekosistemak berrezartzeko eta jasangarritasuna lortzeko beharrezko laguntzaileak direlako».

Egitaraua ekainaren 5ean hasiko da, Agenda 2030 Foroarekin, Europa jauregian, eta Gasteizko 24 ikastetxetako irakasle eta ikasleek Eskolako Agenda 2030eko 2023-2024 ikasturteko emaitzak aurkeztuko dituzte bertan. Oraingoan, landutako ekintzak Garapen Jasangarriko 7. Helburuarekin lotuta daude: energia eskuragarria eta ez-kutsakorra. Ekimena 10:30ean hasiko da eta 130 lagunek baino gehiagok hartuko dute bertan parte.

Ingurumenaren Jaia

Halaber, Ingurumenaren Jaia ospatuko da Atarian ekainaren 9an ‘Gure lurrak. Gure etorkizuna. #BerrezarpenBelaunaldia gara’ lelopean, eta, 11:00etatik aurrera, egurrez egindako jolas tradizionalak, energia berriztagarriekin funtzionatzen duten jolas eta gailuen erakusketa, kontsumo txikiko ureztaketa sistemen erakusketa, eguzki bidez egindako sukaldaritza eta dastaketa eta familia osoarentzako pista jolasa egingo dira. 12:30ean familientzako antzerkia izango da Behibi's taldearekin.

Programazioarekin aurrera jarraituta, Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astea (Basque Environment and Ocean Week-BEOW 2024) antolatu du, Nakusarbe elkartearekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien babesarekin.

Agenda horren barruan hiru jarduera daude Gasteizen. Ekainaren 10etik 14ra bitarte, Planetarako Jardunaldiak egingo dira Europa jauregian. Lurraren osasun egoera ezagutzeko aukera egongo da oinarrizko hiru ikuspegitatik abiatuta airearen, uraren, lurraren, klimaren, bizitzaren eta ozeanoen egoeraren bidez: zientzia, ekintza eta justizia soziala eta komunikazioa.

Halaber, Planetarako Jardunaldien baitan, ‘Mundu justua planeta seguru batean’ erakusketa aurkeztuko da. Horren bidez, zibilizazioaren eta Lurrean bizi diren izaki guztien etorkizunarekin lotuta gizakia sekulako arriskuak hartzen ari dela erakutsi nahi da.

Klima azoka

Bestalde, Klima Azoka egingo da ekainaren 15ean eta 16an Urrezko Zeledonak plazan. Hainbat karpa jarriko dira eta era askotako gaiak jorratuko dira hauetan: hiri-redu naturalago baterako aldaketa bultzatzen duten etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia eta kontsumoa eta klima aldaketa.

Karpa bakoitzean, eguneroko bizitzako alderdiei eta horiek klima aldaketan duten eraginari buruzko sentsibilizazioa lortzeko jolas bat egongo da.

Ibilbidea amaitzean, parte hartzaileei beren karbono aztarnaren inpaktua geldiarazten lagunduko duen ekintzaren baten bidez banakako konpromisoa hartzeko aukera eskainiko zaie.