bidaiari - bidaia aldizkaria

Aizkorri-Aratz Parke Naturala, paradisu naturala

Aizkorri-Aratz Parke Naturalera hurbiltzen denak asko gozatuko du, zalantzarik gabe. Euskal Herriko mendikaterik garaiena izateaz gain, kultur ondare aberatsa duelako: trikuharriak, antzinako kobazuloak eta erromatarren garaiko galtzadak daude bertan. Eta, akaso, baita Mari ere.

Aitzkorri mendia Otzaurtetik ikusita. (Andoni CANELLADA)

Aizkorri-Aratz Parke Naturalari buruz azalpenak eman aurretik, Gasteizko Turismo saileko webguneak kokapena zehazten du: Araba eta Gipuzkoa artean dago, eta kareharrizko mendilerro eta pagadi amaiezinengatik nabarmentzen da. Hego Euskal Herriko gailurrik altuenetakoa dago bertan, Aitxuri (1.551) eta, elezaharren arabera, gailur horietan egon daiteke oraindik Mari jainkosa mitologikoa.

194 kilometro koadro dituelarik, Euskal Autonomi Erkidegoko natura parkeen artetik bigarrena da hedaduraz. Gipuzkoa eta Araba arteko mugan dauden mendiak hartzen ditu barne, eta hortik, hain zuzen ere, datorkio izena: Aizkorri Gipuzkoatik, eta Aratz Arabatik.

Gipuzkoako sai arreen koloniarik handienera hurbildu, Arrikrutzeko kobazuloa bisitatu, Iturrigorriko pagadi izugarria zeharkatu edota Euskal Herriko gailurrik ezagunenetako batzuetan zehar latxa ardiengandik hurbil ibili. Hori guztia egin daiteke parkean. Bertako mendilerroa erreferentzia da euskal mendizaleentzat, eta benetako mendi-harresi bat da Gipuzkoaren eta Arabaren artean.

San Adriango tunela

Oso ezaguna da Gipuzkoa eta Araba artean dagoen San Adriango tunel ikusgarria, errege-bide eta Done Jakue bide izan zen antzinako galtzadak zeharkatzen duena.

Parkearen sarrera nagusia Arantzazuko Santutegiaren ondoan dago. Santutegia amildegi handi baten gainean dago eta ezinbesteko bisita da interes arkitektoniko eta artistikoa aintzat hartuta. Horrez gainera, Araban kokatutako Araia ere Aratzera (1.443 metro) igotzeko abiapuntu egokia izan daiteke.

Parketxe bat ere badago, Araian, eta bisitariei ibilbide, interesgune, programa didaktiko eta taldeentzako bisita gidatuen berri ematen die.

Dena dela, Aizkorri-Aratz parke naturala hobeto ulertzeko, Aizkorriko Ataria interpretazio zentroa bisita daiteke, Zegamako Anduetza baserrian kokatuta dagoena. Han, kulturaren eta naturaren arloko alderdiak ezagutarazten dira, inguru idiliko batean.