14 AOûT 2024 Horma-irudia eta ibilbide turistikoa Mexiko Hirian, Cantinflas-en omenez ‘Cantinflas’ aktore eta komikoaren omenez, mural bat egin du Yuca hiri-artistak Mexikoko hiriburuan, haren jaiotzaren 113 urte betetzen direnean. Ibilbide turistiko bat ere diseinatu dute Mario Morenoren pelikulak ardatz hartuta. Cantinflasen omenezko murala. (Getty Images) Bidaiari Mario Moreno (1911-1993) aktore komikoaren jaiotzaren 113 urteak ospatzeko, ‘Cantinflas’ izenaz ezagunagoa, haren omenezko mural bat jarri dute ikusgai Mexikoko hiriburuan. Irudiak hasiera emango die hainbat ekitaldiri, eta, ondoren, ibilbide berri bat egingo dute turistek, bere etxetik museo berrira. Yuca hiri-artistak egindako mural berri honetan, Mario Moreno ikus daiteke lau alderditan: trajez jantzita eta serio, ‘El profe’ (1971) filmean bezala, edo ‘Ahí está el detalle’ (1940) lanean ohikoa duen jantziarekin: alkandora luze bat, galtza zabal eta eroriak, kapela bat, zapi gorria lepoan eta gabardina bihurtutako oihal puska bat. ‘El Patrullero 777’ bezala Horma-irudiaren beste zati batean, ‘El Patrullero 777’ (1987) bezala ikus daiteke Cantinflas, bere uniforme urdinarekin, xehetasun horiekin eta kasko biribilarekin; baita karikatura bat ere, ‘El barrendero’ (1981) pelikularen irudiarekin. Guztiak, hori bai, bibote hasiberriarekin. Yuca autoreak adierazi du bi egunetan egin zuela lana eta aerosolarekin, ‘grafiti’ak bezala. Halaber, aitortu du ez dela erraza izan komediante eta aktore mexikarra bere film luzerik enblematikoenetan irudikatzea eta islatzea. Grafiti munduan 28 urte baino gehiago daramatzan egilearen lana Lazaro Cardenasen dago, 182 zenbakian, Santa Maria la Redonda kolonian (auzoa), Mexikoko hiriburuaren erdigunetik gertu, Mario Moreno jaio zen lekuan. Gainera, aktorearen omenezko plaka bat inauguratu da, honako hau dioena: «Hemen Santa María la Redondan (...) Mario Fortino Alfonso Moreno Reyes jaio zen, Cantinflas, nazioartean aktore komiko, enpresari, filantropo eta mexikar nortasunaren ikono gisa duen garrantziagatik ezaguna».