23 AOûT 2024 Urkuluko eta Arantzazuko pasealekuak, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean Haurrekin, familian… ahalmen desberdinetakoei egokitutako natura pasealekuetan zehar ibiltzera gonbidatzen du Debagoienako Turismo bulegoak. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean bi ibilbide aukeratu ditugu: Oñatin, Arantzazuko Pasealeku Irisgarria, eta Aretxabaletan, berriz, Urkuluko Pasealeku Irisgarria. Uda giroan egiteko aproposak biak. Arantzazuko pasealekua. (turismodebagoiena.eus) Bidaiari Urkuluko pasealeku irisgarria aukeratzen duenak kontuan izan behar du Urkuluko urtegia Aizkorri-Aratz parke naturaleko sarreretako bat dela. Hainbat elizatez inguratuta dago: Aozaratza, areantza, Korueta eta Larrino... Inguru egokia paseatzeko, hegaztiak behatzeko eta naturaz gozatzeko. Gainera, ibilbide hau ezintasun funtzionala daukaten pertsonei egokituta dago eta 805 metrokoa izan arren, urtegia inguratzen duen beste 6 kilometroko ibilbidearekin osa daiteke. Bigarren proposamenari dagokionez, berriz, Arantzazuko pasealeku irisgarriari alegia, jakin behar da abiapuntua eta amaiera Arantzazuko Santutegia dela. Pasealeku honek Arantzazuko Santutegia eta frantziskotarrena den Gomiztegi baserria, Artzain Eskolaren egoitza, elkartzen dituen bidea jarraitzen du. 1.200 metroko pasealekua da, irisgarritasun unibertsalekoa, adin guztietako eta edonolako murriztasun funtzionala duten pertsonendako egokia.Behin Arantzazuko aparkalekutik abiatuta, Gandiaga Topaguneko goialderantz zuzendu behar da. Ermitaren ondoan dagoen informazio-panelak seinalatzen du hasiera. Gainera, ez dago galtzeko arriskurik, ia bide osoa egurrez egindako hesiaz babestua baitago. Hona hemen zenbait xehetasun geldiuneez ahalik eta gehien gozatzeko: -Bidean Peñakulo baserria ikus daiteke. Harkaitzari lotuta, 1860. urtean eraiki zen. Egun artegia da. -Arantzazu auzoko behatokia: Paisaiaz disfrutatzeko eta atsedena hartzeko prestatu den lehenengo gunea da. Aurrez aurre Urkila eta Elgea azaltzen dira, euren tontorrak haize-errotaz jantziak. -Basoa: Metro gutxi batzuk aurrerago paisaia irekia utzi eta baso barrenean sartzen da ibilbidea. Bide ertzean dauden pagamotzak garai bateko ikazkinek utzitako aztarnen lekukoak dira.