bidaiari - bidaia aldizkaria

Mendi Tour ziklo ibiltariaren urteko bigarren ibilbidea, abian

Mendi Tour BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren erakusketa ibiltariak urteko bigarren ibilbidea hasiko du irailaren 6an, Aragoiko Monzon hirian, eta guztira 18 geldialdi izango ditu azaroaren 23ra arte. Negu-udaberriko denboraldian 59 zinema saio izan ziren 31 hiri edo herritan, 9.600 zale bilduz.

Tour ibiltariaren kartela. (Menditour)

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten puntako filmekin osatutako saioez gozatzeko aukera eskaintzen du Mendi Tour zirkuituak, Euskal Herritik abiatu eta Espainian zehar ere plazaratuz.

Mendi Tourren 14. denboraldia da 2024koa. Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajimaren Tirish Mirreko espedizioan oinarritutako ‘Rope’ filma da Mendi Tourreko berezienetako bat, jada «tributu moduan» proiektatuko dena, joan den uztailean zendu baitziren bi mendizale japoniarrak K2 mendian.

Harrera bikaina

Beste hainbat filmek ere harrera bikaina izan dute ikusleen artean, hala nola Seb Berthe eskalatzailearen ‘Yosemiteko Captains on El Cap’, Mikel Sarasola kayakerraren ‘Zerbait aldatu da’, Julen Elorzak zuzendutako ‘La Gara’, Jean-Michel Jordaren ‘Everest Invaders’, Luis Arrieta zinemagilearen eta Xabier Zarranz mendi korrikalariaren ‘212 Mountains’, Bartek Ziemski eskiatzaile eta alpinistaren ‘The Silent Escape’, Madaleine Sorkin eskalatzailearen ‘Body of a line’ edota Michael Dillonek zuzendutako ‘The Great White Whale’.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 17. edizioa abenduaren 6tik 15era bitarte egingo da, eta zinemagileek irailaren 15era arteko epea dute filmak aurkeztu eta zinemaldiaren Sail Ofizialeko hautagaitzan sartzeko.