27 SEPT. 2024 Afrikaldia, kontinentearen aniztasuna eta aberastasuna pantaila handian ezagutzeko Afrikaldia, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, Gasteizera eramango ditu azaroaren 4tik 11ra afrikar zinemetako film ospetsuenak. Aurten, bertako gazteak bilakatuko dira gai nagusi, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna ikusaraziz. Styles Osunde arduratu da edizio honetako kartela diseinatzeaz, Afrikako gazteen ahalmen sortzailea aldarrikatzeko eta gizarteak haren inguruan duen ideia aldatzeko. (Afrikaldia) Bidaiari Styles Osunde, jatorri afrikarrekoa eta Alemanian jaioa, jaialdiaren edizio honetako kartelari forma eta kolorea eman dion artista izan da. Ilustrazio digitala da, gizartean berehalako eragina bilatzen duena eta Afrikako gazteen ahalmen sortzailea islatzen saiatzen dena. Kartelaren aurkezpenean, Osundek eskerrak eman dizkie «Afrikaldiari eta beste hainbat kolektiboeri artista afrikar gazteri bere adimena adierazteko aukera emateagatik». Obraren bitartez, artistak gizarteak Afrikako gazteriari buruz duen ideia aldatu nahi izan du, «historiak islatzen saiatzen diren gosetik edo sufrimendutik urrun». «Etorkizunari beldurrik gabe aurre egiten dioten haur afrikarren poza nabarmendu nahi izan dut, ikasteko gogoa duen pertsonak gara eta izaera hori ezkutatu zaigu», nabarmendu du Osundek. Posta kaleko Fotoprix dendan egindako prentsaurrekoan, Thierno Madiou Diallok, Gambia Euskadi Kankiling Elkarteko idazkari nagusiak, eta Soumaya Eddimokrati Smimahk, Gasteizko Haaly Pular Elkarteko eraldaketa sozialerako hezkuntza-teknikariak, ere parte hartu dute. Fotoprix izango da aurten ere Afrikaldiaren egoitza ofiziala jaialdiaren astean. Hainbat kultur espaziotan Azaroko lehen astean, Afrikaldiak hiriko hainbat kultur espaziotan ospatuko ditu bere jarduerak, Florida Zinemak eszenatoki nagusia mantenduz. Era berean, jaialdiak UPV/EHUko Arabako Campusean, Arte eta Lanbide Eskolan, Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolan eta Kaleko Heziketarako programetan presentzia izango du jarduera desberdinekin. Gainera, eta azken edizioetako arrakasta ikusita, sektorearen profesionaletarako atal esklusibo bat diseinatu da berriro, Montehermoso Kulturunean ospatuko dena. Beste alde batetik, Afrikaldiak Araba lurraldeko kuadrilla guztietan jarduerak ere programatu ditu, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun Zerbitzuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Azken asteetan Afrikaldia Ekoran edo Lagranen egon da. Aurten Afrikaldiak laugarren edizioa ospatuko du eta estatuko iparraldeko zinema afrikarraren jaialdi berezienetako bat izaten jarraituko du. Erakunde sustatzaileek, Kultura Bendera Elkarteak eta Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak, giza garapen integrala sustatzen dute, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna ikusaraziz.