bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Artikutza Natura’ programan, bisita gidatuak: “Urdallue”, “Burdinolen bidea” eta “Mikologia”

Donostiako Udalak eskaintzen duen “Artikutza Natura” programa barruan zenbait bisita gidatu programatu egingo dira egunotan: “Urdallue” (Urriak 13), “Burdinolen bidea” (Urriak 20) eta “Mikologia” (Urriak 27). Udalak enpresa bat kontratatu du, gidari lanak egiteko.

Artikutzako irudia. (Juan Carlos RUIZ. | FOKU)

Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, bisita programatu bakoitzaren deskribapenean aurkitzen den izen-emate online formularioren bitartez edo beste bide hauen bitartez: artikutzanatura@donostia.eus edo telefonoz 679 613 016 (astelehentik ostegunera, 11:00tik 16:00ra)

Urte osoan zehar antolatzen dira bisita gidatuak, baina eguraldiaren araberako azken uneko aldaketak gerta daitezke.

Urdallue (Urriak 13)
Uneoro basopean egiten den ibilbidea da (9 kilometro inguru eta 400 metroko desnibela)- Bidean zehar, Artikutzako basoei, biodibertsitateari eta historiari buruzko azalpenak emango dituzte. Artikutzako auzotik hasi eta Urdallueko burdinola zaharrera abiatuko dira parte hartzaileak pagadi ilunetik zehar, ur gardenetako zenbait errekasto eta iturburu zeharkatuz. Itzulera eguteratik egingo dute, harizti eta pinadien artean. Hizkuntza: elebitan. Zailtasuna: ertaina

Burdinolen bidea (Urriak 20)

Ibilbide honetan (8 kilometro inguru), Artikutzaren historiako industria-aldi garrantzitsuenaren xehetasunak eta ingurunean izan duen eragina ezagutuko ditu parte hartzaileak. Elama eta Goizaringo burdinolen hondakinak bisitatuko ditu, eta haien funtzionamendurako beharrezkoak ziren jarduerak ezagutuko: meatzaritza, ikazkintza...

Irteera Arriurdinetako harrobian hasten da, Artikutzako hegoaldeko sarreran. Elamako burdinola eta baserriraino jaitsiko dira eta ibaiaren bideari jarraituz, Goizarinera iritsiko dira. Hemendik, pagadi trinko batetik igoz, abiapuntura itzuliko dira. Desnibela: 400 m. Zailtasuna: erraza.

Mikologia (Urriak 27)

Ibilbide erraz batean (4 kilometro inguru) eta mikologian aditua den batek gidatuta, gure inguruan hazten den dibertsitate fungikoa ikusiko dugu, eta onddoen bizi-zikloari eta ekosistema batean betetzen duten funtzioari buruz ikasiko dugu. Hori guztia, ehun urtetik gorako haritz eta pagoz inguratuta eta udazkeneko paisaiaz gozatzen dugun bitartean. Hizkuntza: elebitan. Desnibela: 150 metro. Zailtasuna: erraza.

Ohar orokorrak eta aholkuak

-Irteerak 9:00etan hasiko dira.
-Ibilbidearen arabera, Eskaseko parkinga edo Artikutzako auzoa izango dira elkarguneak.
-Nahiz eta ibilbideek zailtasun teknikorik ez izan, komenigarria da mendirako zapata egokiak eta hotzerako arropa eramatea, eta horrez gain jateko zerbait ere bai.
-Ibilbide hauek ez daude gaitasun fisikoak hobetzeko prestatuak, naturak Artikutzan eskaintzen dizkigun aberastasunez jabetzeko baizik.
-Geldialdiak egingo dira ibilbidean zehar, ingurunea ezagutu, usaindu, ukitu, entzun eta paisaiaz gozatzeko, besteak beste; hamaiketakoa egiteko geldialdi teknikoa ahaztu gabe, noski!
-Ibilbide guztietarako mendiko botak eramatea gomendagarria da.    
-Zira edo txamarra eramatea aholkatzen dizuegu, mendian eguraldi aldaketak maiz gertatzen baitira. Eguraldi txarra dagoen kasuetarako, aldatzeko arropa eramatea ere gomendatzen da.
-Jateko eta edateko zerbait eramatea komenigarria da, auzoan kafe eta freskagarri makina besterik ez dago eta.
-Sortutako zabor guztia biltzea eskatzen dizuegu mesedez, (fruta hondakinak eta azalak barne).
-Mendi bideak izan arren, ez dute zailtasun handirik, osasun arazorik ez badago behintzat. -Aukeratu baino lehen begiratu ibilaldien deskribapen orrian luzera eta desnibela.
-Makilak edo bastoiak lagungarriak dira maldetan.