19 NOV. 2024 ‘Donostia Japonian’, bidaia gastronomikoa Donostia Zinemaldiak eta Tokioko Cervantes Institutuak ‘Donostia Japonian: SSIFF eta Tokioko Cervantes Institutua’ izenburuko jardueren programa antolatu dute, Japoniako hiriburuan egingo den zinema emanaldi batekin eta Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdian parte hartuz. ‘Mugaritz. Sin pan ni postre’ pelikulak 72. Donostia Zinemaldiako Culinary Zinema Saria irabazi zuen. (Gorka RUBIO | FOKU) Bidaiari ‘Donostia Japonian: SSIFF eta Tokioko Cervantes Institutua’ emanaldirako hautatutako filma ‘Mugaritz. Sin pan ni postre’ da, 72. Donostia Zinemaldian Culinary Zinema Saria irabazi zuena. Paco Plazak zuzendutako dokumentala «gastronomiaz haratago doa» eta Andoni Luis Adurizen jatetxean gertatzen den «berrasmatze prozesuaren salbuespenezko lekuko» bihurtzen du ikuslea. Tokioko emanaldia azaroaren 20an izango da eta hilaren 22an ‘Mugaritz. Sin pan ni postre’ filmak Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdia inauguratuko du, Sapporon. Hokkaido Japoniako uharteen artean bigarren handiena da, herrialdearen iparraldean dago, eta, topografia, kokapen, korronte ozeaniko eta urtaro-haizeak direla eta, natura eta kultura aski bereziak ditu, herrialdearen elikadura oinarri izanik luzaroan. Industria gastronomiko eta turistikoa Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdiaren lehen edizioa 20tik 22ra arte egingo da, zinemaren munduko profesionalak, sukaldariak, ekoiztetxeak eta Hokkaidoko industria gastronomiko eta turistikoko ordezkariak konektatzeko plataforma izateko helburuarekin. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, «betidanik sentitu dugu Japonia gertuko herrialde. Gastronomia japoniarrak eta Espainiako gastronomiak harreman handia izan dute, eta elkarri eragin diote goi mailako gastronomian. Cervantes Institutuarekin eta Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdiarekin sinatutako akordio berriak balioko digu zinemaren eta gastronomiaren arteko harremanak are gehiago estutzeko».Era berean, Victor Andresco Tokioko Cervantes Institutuko zuzendariak nabarmendu du Donostia Zinemaldia dela oraindik «zinema espainiarrak Japonian duen lehen enbaxadore eta enbaxadorerik onena», eta akordio berria «merezitako omenaldia» dela «lan ordainezin horretarako, baita bi erakundeok Japoniako kultura eta herriarekiko elkarrizketari heltzeko dugun energia eta grinaren biderkatzaile ere».