26 NOV. 2024 Ardoaraba azoka enogastronomikoaren eskutik, Gasteiz, ardozaleen topaleku Abenduaren 5etik 8ra bitartean ardozaleen topaleku bilhurtuko da Gasteiz, Ardoaraba azoka enogastronomikoaren 17. edizioa egingo baita. Guztira, 36 upategik 134 ardo eskainiko dituzte, gehienak Arabakoak. Aurtengo kartela. (ardoaraba.com) Bidaiari Ardoaraban parte hartuko dute 36 upategik, 134 ardorekin, 19 kolektibok, 55 eskaintza gastronomikorekin, eta ostalaritzako eta sukaldaritzako 60 establezimendul, 221 ardo, menu eta pintxoko eskaintzarekin. Gasteizko Probintzia eta Foru plazetan eta Plaza Berrian kokatuko diren dastatze gune tradizionalak, jauregi eta gune berezietan egingo diren historiadun dastaketa saioak eta dendekin eta ostalaritzako lokalekin elkarlanean antolatu diren jarduerak itzuliko dira. Ardoaren, txakolinaren eta sagardoaren inguruko programazio didaktikoa eskainiko du Txoko Gastronomikoak, eta helduentzako zein haurrentzako tokiko gastronomia ez da faltako, eskaintza berritu eta zabalduarekin. ‘SUMMUM by Ardoaraba’ Gainera, ‘SUMMUM by Ardoaraba’ ekimenaren laugarren edizioak nazioarteko gidetan baloraziorik onena duten Euskal Autonomia Erkidegoko ardorik berezienak aurkeztuko ditu. Berrikuntza nagusiei dagokienez, ‘Euskadi Gastronomika: Gastromuseums’ esperientzia, slow food saio berezia, eduki berriak Txoko Gastronomikoan, jauregi eta espazio berezi berriak, eta ardogintzako emakume erreferenteak biltzen dituen ‘Who is Who?’ ikerlanaren eta Down Araba elkartearen egutegiaren (bertako argazkiak hainbat upategitan atera dituzte) aurkezpenak dira ekitaldirik azpimarragarrienetakoak. Ardoarabako taloitegiak 22 euroko prezioa izango du eta 28 puntu trukagarri izango ditu dastatzeko guneetan (karpak), Ostalaritzaren Ibilbidea delakoari atxikitako taberna eta jatetxeetan eta Txoko Gastronomikoko jardueretan. Taloitegiak karpetako informazio guneetan edo Andre Maria Zurian eskuratu ahal izango dira.