bidaiari - bidaia aldizkaria

Australiak milioi askoko plana abiarazi du Koral Hesi Handian ura hobetzeko

Australiak 130 milioi dolarreko plana abiatu du Koral Hesi Handian pestiziden isuria eta uraren beste kalitate arazo batzuk gelditzeko. Dena dela, zenbaitzuek neurria kritikatu dute arazoaren benetako arrazoiari ez diotelako behar bezala heltzen.

Koral Hesi Handia goitik ikusita. (Getty Images)

Tanya Plibersek Ingurumen ministroak aurkeztu du proiektua, espezie inbaditzaileen kudeaketa eta arrezifearen alderik ahulenetan lurren administrazioa hobetzea helburu omen duena.

Munduko egitura bizidunik handiena omen den Koral Hesi Handia 2.300 kilometrotan hedatzen da eta biodibertsitate izugarria hartzen du, 600 koral mota baino gehiagorekin eta 1.625 arrain espezierekin.

Baina zuritze-aldi errepikatuek (muturreko beroak elikagaiak eta koralen kolorea erauzten dituenean) haien ekosistema hauskorra mehatxatzen dute. Fenomeno horiek 1998, 2002, 2016, 2017, 2020, 2022 eta aurten gertatu dira.

Arrezifearen kaltea hain handia denez, Unescok Hesi Handia «arriskuan» dagoen munduko ondareen zerrendan jartzea aztertu zuen.

Plibersek esan du inbertsio hori funtsezkoa dela ekosistemaren zenbait arazo geldiarazteko eta «arrezifearen edertasuna eta handitasuna gure seme-alabek eta bilobek goza dezaten bermatzeko». «Sedimentuen isurketa Koral Hesi Handiarentzako mehatxu handienetako bat da», adierazi du. «Kalitate txarreko urak korala birsortzea, algak hiltzea eta arrezife osasuntsu baterako beharrezkoa den eguzki-argia blokeatzea eragozten du», gaineratu du.

Aurtengo zuritze-gertakariak kalte handia edo muturrekoa eragin du arrezifearen %81ean, Gobernuaren datuen arabera larrienetako bat.

Zientzialariek hilabete batzuk beharko dituzte zehazteko ekosistemaren zein zati diren berreskuraezinak.

Arazoaren sustraia, klima-aldaketa

Australiako Itsas Kontserbazioko Elkarteko Lissa Schindler ekologistak Gobernuaren finantziazioaren bultzada txalotu du, baina arazoaren sustraia, klima-aldaketa, konpontzeko neurri gehiago behar direla ohartarazi du.

«Uraren kutsadura mehatxu handienetako bat da uharriarentzat, klima-aldaketatik haratago. Arrezifeak ahal duen laguntza guztia behar du», salatu du.

Duela gutxira arte, munduko gas eta ikatz esportatzaile nagusietakoa den Australiako agintariek ez zuten neurririk hartu karbonoaren neutraltasunerantz aurrera egiteko.