01 JUIL. 2022 Rovos Train, retoriatik Lurmutur Hirira errailen gainean Pretoria eta Lurmutur Hiria banatzen dituzten 1.600 kilometro eskasak egiteko nahikoa da hegazkinez bi orduko bidaia laburra egitea. Aldiz, horrela eginez gero, antzinako tren batean bi egunez bidaiatzearen erromantizismoa galduko genuke. Honakoa Rovos Train mitikoan egindako bidaiaren kronika da, atmosfera iradokitzaile eta zinematografikoa bidaide hartuta bizitako abentura ederrarena. Testua eta argazkiak: Sergi REBOREDO Esperientzia Pretoriako tren geltokian hasten da. Geltokiak 10.000 metro koadroko tailerra ere badu, eta, horri esker, bagoiak nola zaharberritzen dituzten bertatik bertara ikusteko bisita gidatu bat egiteko aukera ere badago. Iraganean baporezko trenez betetako geltoki zaratatsua zena Rovos konpainiaren egoitza nagusia da egun. Geltoki arranditsuak, estilo kolonialekoa, ez du bere dotoreziaren izpi txikiena ere galdu. Instalazioak iraganera eramango gaituen trenarekin lotutako museo bat ere badu, semaforoak, trafiko seinaleak edota antzinako bagonetak biltzen dituena. Asmoa Pretoriakoa funtzionamenduan dauden trenen munduko museo handiena bihurtzea da. Eguerditik aurrera, turisten joan-etorria etengabea da. Tartean daude “Afrikako harribitxian” bidaiatzeko pribilegioa izango duten 40 bidaiariak. Arratsaldeko laurak aldera hasiko dira trenera igotzen, eta, ordu bat geroago, Rovos Train mitikoa martxan jarriko da poliki-poliki kirrinka artean. Rovosek munduko tren luxuzkoenetako bat izatearen pribilegioa du. Baporezko lokomotorrak iraganeko kontua dira dagoeneko, baina 2016an eskuratutako dieselezko bost lokomotor australiar berriek ez diote bidaiari glamourrik kentzen. DD motakoak dira, 1970ean eraikitakoak Queensland Australiako estatuan ikatza garraiatzeko. Lokomotorrak erosi eta gero, desmuntatu eta piezaz pieza berreraiki zituen Rovosek, trenaren funtzionamendua perfektua izan zedin ordezko pieza berriak edo espresuki egokitutakoak erabiliz. Lokomotorraren atzetik, 19 bagoik osatzen dute konboia eta osotara 72 bidaiari har ditzake trenak. Bagoi gehienak 1919 eta 1970 artean eraiki ziren eta, ondoren, Pretoriako artisauek zaharberritu zituzten, barnealdeei kutsu koloniala emanez. Gong soinu batez bidez, 19:30ean, bidaiariei afalordua dela gogorarazi diete; trena Witwatersrand mendilerroko urrezko meategi zaharrak zeharkatzen ari da, Mpumalunga probintzian. Errail gaineko hedonismoa zain dugu afarian; etiketa-jantziz joatea ezinbestekoa da. Gauean zehar, triki-traka eta kirrinka artean, trenak Transvaal Hegoafrikako eskualde historikoko mendebaldeko arto soroetatik zehar jarraitzen du aurrera, Vaal ibaiaren bidea segituz. Goizean, Kimberley hiriko geltokira heldu da trena. “Big Hole” diamante meategiagatik da ezaguna Kimberley, eta ez da harritzekoa, Afrika osoko ospetsuena baita. Aire zabaleko diamante meategiak 170.000 metro koadroko azalera hartzen du eta gizakiak munduan sakonen hondeatutako zuloa ere bada, 240 metrorekin. 1914an meategia itxi zuten arte, hiru tona diamante erauzi zituzten bertatik. Oraindik ere posible da urez betetako krater izugarria ikustea, eta, batez ere, eskualdeak diamanteen munduarekin izandako lotura estua azaltzen duen museoa bisitatzea. Museoaren ondoko herri zaharrak orain dela mende bateko itxura mantentzen du; zutik daude oraindik egurrezko etxeak, saloia, dendak, banketxea... eta orduko tranbia ere martxan da. “Diamanteen sukarrak” beste aberastasun iturri agorrezin bati egin dio leku egunotan: “turismoaren sukarra”. Ilunabarra azken bagoitik Arratsaldeko bostetan tea zerbitzatzen dute trenean. Hori bai, jende gehiena trenaren azken bagoian biltzen da; guztiz irekita dago eta horri esker bidaiako argazkirik onenak egiteko aukera ematen du ilunabarretan, bereziki trenak bira handiak ematen dituenean. Gin-tonic joan-etorria etengabea da, betiere biltong behi haragi sikua lagun; Hegoafrikan oso maitea den zapore biziko mokadua da. Hurrengo egunean, trena Matjiesfontein herrixkara heldu da, Lurmutur Hiriko azken geltokitik 150 kilometro eskasera. Estetika viktoriarreko herria da Matjiesfontein, eta trenbidea heldu aurretik ez zen existitzen. Logan jaunak sortu zuen trenbideko geltoki gisa 1890ean, bidaiariei trago bat hartu eta pixka bat ibiltzeko aukera eskaintzeko. Negozioa hain bihurtu zen oparoa berehala etxe multzo txiki bat sortu zela bertan. Gertuko Lord Milner Hotelean jarri ziren Hegoafrikako lehendabiziko komunontziak eta argindarra eta telefonoa izaten lehendabiziko ostatua ere izan zen. Zenbait museok herriaren historia azaltzen dute. Herriko muturretako batean kokatutako Garraioaren Museo bitxian, 1930 eta 1960 arteko automobilen bilduma aipagarria ikus daiteke. Marie Rawdon Museoak, berriz, David Rawdon bildumagileak pilaturiko askotariko objektuak ditu ikusgai. Matjiesfontein atzean utzita, trenak mendebalderantz jarraitzen du bidea zuhaixka eta sastraka artean, ia giza presentziarik gabeko basamortuetan barna; noiz edo noiz ikusten diren haize-orratzak eta herdoildutako nekazaritzako tresnak dira salbuespen bakarra. Karoo goi-ordoki idorra atzean utzi eta mahastiz betetako lurraldera heldu gara. Jakin beharrekoa da Hegoafrikako ardoak, batik bat zuriak, munduko onenen artean daudela. Cape Flats lautadak aurrez aurre ditugu dagoeneko, baita Lurmutur Hiriko aldirietako lehen auzoak ere. Inguruok zuriak ez ziren herritarren etxe bihurtu ziren ezinbestean aurreko mendeko 50eko hamarkadatik aurrera, apartheid erregimen arrazistak horrela erabakita. Eguzkia ezkutatzen ari da pixkanaka-pixkanaka, eta, bien bitartean, paisaiari botatako begirada bakoitzak nostalgia biziberritzen du, Lurmutur Hiriko geltokian sartzen ari baikara dagoeneko, eta, beraz, bidaia amaitzear baita. Mala Mala, safaria Kruger Parke Nazionalean Luxuzko tren batean egindako bidaia goi mailako safari batekin osatu daiteke Hegoafrikan. Johannesburgotik bertatik charter hegaldiak eskaintzen ditu Federal Airlines konpainiak Mala Mala erreserbara, hau da, Kruger Parke Nazionalaren eta Sabi Sand erreserba pribatuaren artean kokatutako gunera. Angel Gabriel konpainiak ordu eta erdian lotzen ditu Johannesburgotik oso gertu kokatutako Lanseriako aireportua eta Mala Mala. Kruger Parke Nazionala Hegoafrikako handiena da, ia bi milioi hektareako azalerarekin. “L” forma du eta Afrikako fauna basatiarentzako igarobide natural handiena da egun, Nelson Mandelak berak bultzatutako plan bati esker. Bene-benetako babeslekua da 147 ugaztun, 500 hegazti, 116 narrasti, 450 zuhaitz eta 1.500 landare espezierentzat. Mashatu, safaria Botswanan Oraindik ere bidaiarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutenek, Mashatu Erreserba Naturala esploratzeko hautua egin dezakete, Botswanan. 29.000 hektareako erreserba da eta Botswana ekialdean dago, zehazki, Shase eta Limpopo ibaiek Hegoafrikako mugan bat egiten duen lekuan. Pretoriatik autoz heltzeko aukera egon badago, baina hegaldi motz bat hartzea da praktikoena. Gune ireki zabalek osatzen dute Mashatu Erreserba, eta, horri esker, espezie basati ugari ikusteko aukera dago bertan. Erreserba zuhaixkez osatutako gune oihantsuek eta Afrikako sabana tipikoek osatzen dute eta elefante, zebra, gepardo, lehoi, bufalo, hiena, jirafa, antilope eta ostruka talde handien etxe da. Erreserbak ostatu hartzeko bi gune ere eskaintzen ditu: Main Camp eta Tent Camp. Lehendabizikoa luxuzko egonaldi bat bilatzen dutenentzako dago pentsatuta, eta, bigarrena, Afrikako landa eremuen erakargarritasunaren bila ari direnentzako. Hori bai, kanpamentu batean zein bestean bidaiariek konfortaz eta lasaitasunaz gozatzeko moduko lehen mailako instalazioak aurkituko dituzte. Inguruotan argi kutsadura oso txikia edo ezdeusa da, eta, horri esker, eguzkia ezkutatu bezain pronto, izarrak agertzen hasten dira zeruan. Gau batzuetan, gainera, elefanteak erreserbako instalazioetatik gertu kokatutako edanleku batera hurbiltzen dira. Zalantzarik gabe, gure gogoan betiko gordeko ditugun une magikoak dira. “Big Hole” diamante meategiagatik da ezaguna Kimberley. 170.000 metro koadroko azalera hartzen du eta gizakiak munduan sakonen hondeatutako zuloa ere bada, 240 metrorekin