bidaiari - bidaia aldizkaria

Zamariain, airean zintzilik

Mendiaz eta naturaz gozatzeko tontorrak igotzea ez da derrigorrezkoa. Haietara iritsi gabe zer gozatu franko dago Euskal Herrian. Zamariain behatokia da horietako bat, Nafarroako Aezkoa bailaran. Txango erraza da, erosoa, baina ezkutuan dagoena. Iritsitakoan, ordea, begiak itxi ezinik geratuko zara.

Zamariaingo behatokia, bi mendizalek bertatik ikusten den paisaiaz gozatzen duten bitartean. Andoni URBISTONDO

Tontorrek xarma berezia dute. Denoi gustatzen zaigu gailur hau edo beste hura igo dugula esatea. Bista ederrez gozatzearen edo inguruko mendi garaiena igotzearen plazera. Sentsazio polita da, ezin ukatu. Zer esan, baina, tontor batean bukatzen ez diren txangoei buruz? Edo txango horren bukaeran zer ikusten den jakin ez dakigunean? Misterio edo ezjakintasun puntu horrek ere distira ematen dio mendi irteerari. Konbinazio horri nafar Pirinioetako txoko batera zoazela gehitu eta koktela perfektua izanen da.

Zamariaingo ikuspegia: Elomendi ezaguna urrunean, eta Corona gertuago.

Ibilaldia hasten den herrira autoz iriste hutsa plazera da beti. Iruñetik iparrera, Erroibar gurutzatuz, Aurizberriko etxe puntadunak ikusiz, Garraldara doan bailara bakartiak dastatu daitezke; Aribe Aezkoako hiriburuko martxa, han jarri duten dendaren bueltan, edo Berrendi mendia Hiriberri herrixka zaintzen. Azkenerako, oinez hasteko unea, Garaioan. Pilotaleku ondoan aparkalekua atondu dute herritarrek, eta taberna eta terraza bat ere badauzka, bertaratzen direnak hantxe atseden hartu eta sos batzuk uzteko.

Zamariain behatokira joateko txangoak ez dauka misteriorik batere. Erraza da, erosoa, motz samarra eta desnibel gutxikoa. Perfektua familia giroan eta haurrekin egiteko, goiz edo arrats batean. Galbiderik ez daukan ordu eta erdi pasatxoko txangoa da, seinaleztapena nonahi topatuko baitugu hasieratik (seinale horiak eta Herri Bideak). Ibilbide zirkularra egin liteke, Garaioan hasi eta bukatu, txangoko azken ordu erdia bide ezberdinetik egin badaiteke ere.

Aezkoako Garaioa herria, Nafarroan, Zamariaingo behatokiaren azpian. Andoni URBISTONDO

Garaioan mendebaldera egin behar da, Zamariain-Nikozelea jartzen duen seinaleari segika. Herritik 3.2 kilometro baino ez, eta 200 metroko desnibel apala. Berehala mendi bidea bilakatzen den pista batean barrena hasiko gara oinez. Altuera hartzen goazen heinean, Berrendi mendiko hegi osoa agertzen da harro, iparrera, Hiriberri-Aezkoa herrixka zaintzen balego bezala (1.351 metro). Baita Aria herria ere, Aribe gainean. Zuhaitz tartean egiten da bidea, eta enborretan eta harrietan kolore berde eta horiko seinale mordoa ikusiko dugu. Horiei jarraitu. Etxola zaharkitu baten parera iritsita, Garaioa herritik datorren pista bat hartu behar da, 200 bat metrotan, eskuinerantz, eta segituan berriro mendi bidea, gure ezkerrera. Baso itxian sartuko gara azkar, eta pago erraldoien pean egin bidea, ia argirik sartzen ez den eremuan barrena.

Hiriberri-Aezkoa eta Berrendi mendia, Nafarroako Aezkoa bailaran, Zamariaingo behatokiaren inguruan. Andoni URBISTONDO

Ezusteko ederra

Ataka estu bat gurutzatu behar da eta, gerri-bueltak ondroso samar badituzu eta motxila bizkarrean badaramazu, larri ibiliko zara. Motxila kenduz gero, errazago igaroko zara. Xendak goranzko joera galtzen du halako batean, eta arreta zoruan dagoen harri pilaketa batean eta ondoan dagoen enborrean jarri behar da, han adierazten baita hartu behar dugun norabidea: maldan behera, eta marka hori eta berdeekin. 100 metro eskaseko malda txikia jaitsi eta basoak atea irekiko digu, begi aurrean beste mundu bat agertuz: Zamariain behatokia.

Pago arteko bide hostotsu eta gozoa, Zamariaingo behatokiaren inguruan, Aezkoa bailaran, Nafarroan. Andoni URBISTONDO

 

Basoa amildegi sakonean bukatzen da, kilometro batzuk beherago Irati errekak urtetan zizelkatu duen arroilan bukatzen den amildegia. Eta naturaren kapritxo bat bailitzan, txoko horrek begiratoki ikusgarria dauka, airean zintzilik geratzen den bizpahiru metroko harri puska berezia, ezberdina. Bertigoa baduzu, tentuz ibili, ertzera arrimatzeak halako inpresioa sortzen baitu. Munduaren jabe, edo naturaren edertasunaren preso, sentitzen da mendizalea harri haren gainean, Itzagaondoa, Elomendi eta Corona mendiak bistaratzen; txoko hark transmititzen duen patxada eta lasaitasunaz gozatzen.

Harri berezi haien ingurunea ezagutzea komeni. Kontuz ibiliz gero ez dauka arriskurik, terrenoa ziur-ziurra ez bada ere. Zamariain behatokiko harri ikusgarriaren azpian jarrita jabetzen da bat bere benetako tamainaz, edo alde batetik harri gainean jartzen diren mendizaleei argazkiren bat egiterakoan. Naturak halako txoko ederrak sortu dituelako, han minutu batzuk isilik geratu baino gauza hoberik ez!

Itzulerako bidea joanekoan egindako berbera da, lehen ordu erdian, baina adi ibili lehen pausoetan. Zamariainera iristerakoan behatokia ezagutzeko jakin-minak irentsiko zaitu; hala ere, ez galdu alferrik sorpresa polit bat ikusteko aukera: orein baten itxura daukan pago zaharra. Ondoan jarri eta begirada zorroztu arte ez zara jabetzen, baina ondoren oso agerikoa da animalia horrekin daukan antza.

Behean, Zamariaingo behatokira iritsi baino lehen dagoen pago bitxia, orein itxurakoa.

Garaioara bidean, puntu bakarrean jarri beharko dugu arreta: igoeran ikusi dugun etxola zaharkitua. Han, mendiko xendra ezkerrera utzi eta porlanezko pistan behera egingo dugu, ordu erdi eskasean herrixkaraino iristeko, oso eroso. Garaioan geratu, edo Aezkoako edozein herritan, bisita egiten, merezi baitu. Iratiko basoak jende oldea erakartzen du bertara irailean eta urrian, baina Iratiko basoaz harago dozenaka toki interesgarri eskaintzen ditu Aezkoa bailarak. Batzuk, Zamariain behatokia kasu, tontorra izan gabe, eta ezkutuan mantentzen direnak.

GIDA PRAKTIKOA

Kokapena

Zamariain behatokia Garaioa herrian dago, Aezkoa bailaran, Nafarroako Pirinioetako bihotzean. Erroibar bailara dauka mendebaldera, eta Zaraitzu eta Erronkari ekialdera.

Nola iritsi

Iruñetik iparrera egin behar da, Zubiri pasa eta Erro gainetik Erroibar zeharkatu, Aurizberri igaro, eta Auritz eta Orreaga baino lehentxeago, eskuinera egin Aezkoa bailararantz. Garralda eta Aribe pasata, Garaioara iritsiko gara galtzeko arriskurik gabe. Ipar Euskal Herritik Nafarroa Behereko Arnegin barrena iristen da Aezkoa bailarara, Ibañeta mendi lepoa gurutzatuta.

Ezaugarriak

Iratiko ohiana da Aezkoa bailarako gune turistiko ezagunena, Europako bigarren baso handiena, baina beste hainbat txoko eta mendi ere bisita daitezke. Orhy mendiaren zaintzapean dago Aezkoa, hamabost herrixkek osatutako bailara. Herri dotoreak, denak. Pagoak nagusi dira zonalde honetan, eta udazken betean eguraldi iragarpena ezagutzea komeni, azarotik aurrera elurra herrietaraino jaisten baita tarteka.