bidaiari - bidaia aldizkaria
Munduan pasieran

Naturaren memoria-soinua biltzen

Français Guillaume Rouseré artista, lanean. Anne LEVASSEUR | AFP

Haizea belarra igurzten, txorien txioak, intsektuak, nekazal makinen zarata, hegazkin eta autoak... Qatarren bizi den frantziar jatorriko Français Guillaume Rouseréren sorkuntza berri bat elikatuko dute grabatzen diharduen natur-soinuek. Emirerrian bi erakusketa ikusgai dituen artista honek dioenez, “arte mota bat da soinu artea, non bitartekari nagusia soinua den, eta helburua entzutea”. 

Soinuak liluraturik, erreberberazioa esperimentatzeko hainbat girotan globoak lehertzen zituen haurtzaroan frantsesak. Gaztaroan, Britainia Handian musikarien manager gisan ibili ostean, Belgikan trebatu zen soinu-artean. Geroztik, bere grabaketa saioak erritualizatu egin dira. "Arakatu nahi dudan tokitik ibiltzen naiz, eta belarriak erabiltzen ditut neure pausuak zuzentzeko; interesatzen zaidan zerbait entzuten badut, hara noa", dio Rouserék.

Baina hark ez du musika egiten, hori "soinu antolatuekin, teoriekin, egiten da". Aldiz, kanpoan dagoen horrexetan arreta jartzean datza bere lana. Gaur egun, ezbairik gabe, gero eta eginkizun zailagoa dena mundu zaratatsu eta kaotiko honetan. "Azken 10 edo 15 urteotan hain azkar doazen gizarteetan bizi gara, ezen entzuteko ahalmena galdu baitugu".