04 NOV. 2022 Bertatik bertara Zazpi herrialdeak bizikleta gainean, Trans Euskal Herriari esker Euskal Herriko naturaguneak edota zazpi hiriburuak bizikleta gainean lotzea posible da dagoeneko, euskal txirrindulari talde baten ekimenari esker. Jantz dezagun kaskoa eta kulota, bete ditzagun anekak eta apailatu dezagun gure txirrindua, herri malkartsu eta askotariko hau ziztu bizian korritzeko. Zazpi herrialdeak mendi-bizikleta baten gainean. (Trans Euskal Herria) Testua: Gaizka MARTINEZ Argazkiak: Trans Euskal Herria «Transpirenaika prestatzen ari nintzen –idazten du Joseba Zengotitabengoa Lakak bere egunerokoan– eta, a ze kasualitatea, nire eskuetara ‘Pyrenaica’ aldizkariaren 260. zenbakia heldu zen. Bertan, mendi-bizikletan Bardeetan barrena zebilen pertsona bat ikus zitekeen ‘Euskal Herria mendi-bizikletan’ izenburupean. Eta neure burua erronka berrietan pentsatzen hasi zen. Halako ameslariak izango ote gara natura maite dugunok? Erronka polita zen: 29 egun, 1.500 kilometro, Euskal Herriko txokorik politenak ezagutzeko, bizikleta gainean eta bata bestearen atzetik; oraindik paisaia batekin liluraturik zaudenean, beste paisaia bat agertzen zaizula begi aurrean! Edozein erakartzeko abentura, ezta?». Zengotitabengoa bezala, 2014tik eta dakigunez, Julen Iturbe-Ormaetxe eta Xavier Casado txirrindulari ausartak ere erakarri ditu Trans Euskal Herria izeneko abentura honek, hots, zazpi herrialdetako naturagune garrantzitsuenak lotzen dituen ibilbideak –ondoren, ikusiko dugunez, zazpi hiriburuak lotzen zituen errepide-ibilbide zikloturista sortuko zuten–. Urdaibaitik Bardeara, hamaika parke natural handi eta beste hainbeste xumeago gurutzatzen ditu, mosaiko handi eta dotore horren teselak –padurak, mendi-larreak, ibaiertzeko basoak, estepak, gatzagak, basamortuak, labarrak eta aintzirak– harilkatuz. «2013. urtean sortu zen proiektua, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Saileko Mikel Bringasen bultzadari esker. Osasunarekin kezkaturik, jarduera fisikoa sustatzeko asmoa zuen hark», esan du Andeka Zubiaur-ek, hasieratik ibilbide honen bultzatzaileetako bat izan denak. Kirolari turismoa ere gehitu nahi zion Bringasek eta, garai hartan Andaluzian arrakasta izaten ari zen Trans Al-Andalus ekimenak inspiraturik, sarean, foroetan, han-hemenka barreiaturik zeuden zenbait mendizale eta txirrindulari batzea pentsatu zuen, ibilbide luzeak eskaintzeko asmoz. Mendi-bizikletazale horietako bakoitzak hobekien ezagutzen zituen tokietako ibilbideak diseinatu eta zabaltzen zituen, baina horiek guztiak bateratzea falta zen. Hala hasi ziren elkartzen eta lana amankomunean jartzen, gaur egun arte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar bat kide, eta Nafarroan ere laguntza izan zuten hastapenetan. Euskal Herrian zehar ibiltzeko gida Gallartako Kontxa II meatzetik, Euskal Herriko punturik baxuenetik (itsas mailaren azpitik 60 metrora dago), 1.500 metro pasatxora ere irits daitezkeen Pirinioetako zenbait errepidetara, Euskal Herria gorabeheraz beteriko lurraldea da. Mendi-bizikleta maite duen edonorentzat paradisu txiki bat, baina, aldi berean, oztopo natural ugariz beterikoa. Baita gizakiz ere, Zubiaurrek gogoratzen duenez, «leku batzuetan kotxeekin konpartitu behar baita bidea eta horrek arriskuak baitakartza, zenbait tokitan trafiko gehiegi dagoelako». Euskal Herri osoa zeharkatzeko errepide, bide eta xendra ezberdinak GPS arrastoen bidez bildumatuta daude Trans Euskal Herriaren web orrian (www.transeuskalherria.wordpress.com) eta maiz eguneratu ohi dira arazo berriak sortzen direlako. Osotara 29 etapa ondu badituzte ere, Trans Euskal Herria ez da lehiaketa bat eta bakoitzaren gustu, behar eta baldintzen arabera moldagarria da. Malgutasuna eta askatasuna nagusi, beraz. «Zatika egin daiteke; bada bizikleta elektrikoarekin egin duenik ere, etapak batu, moztu edo luzatu daitezke…». Ibilbide zirkularrak ere aurkitzen ahal ditugu web orrian, egun gutxi batzuetan eremu mugatu bat ezagutzeko parada ematen dutenak. «Ibilbide handia zatitu eta borobildu egin dugu, txirrindulari askorentzat errazago eta erakargarriago egite aldera». Orokorrean, hori bai, Zubiaurrek gomendatzen du «ahalik eta pisu gutxien eramatea gainean; gaur egun bike packingarekin arazo asko ekidin daitezke». Kanpin-dendarik gabe bidaiatu daiteke zama arintze aldera, baina kostuak gora eginen du orduan. Hiri handietatik at markatuta daude helmugak eta horrek «ostatu aukerak murrizten ditu: landa etxeak, agroturismoa… Egunero, 50 bat euro utziko ditugu ostatuan. Hori saihesteko lagunen etxeak edota aterpeak baliatu ditzakegu». Lokatzagatik, Gorbeian, Aizkorrin eta Pirinioetan ibiltzea neguan zail samarra izan ohi da. Beraz, antolatzaileen esanetan, uda partea eta udaberria lirateke urtaro onenak kaskoa jantzi eta bi gurpilen gainean gure mendiak ezagutzeko. Auzolanaz, euskaraz eta irabazi-asmorik gabe Duela hamar bat urte abian jarritako ekimen hau bertako kulturaren eta izaeraren zenbait elementuren gainean eraiki da. Auzolana eta demokrazia dira horietako bi. Bere onura eta malurekin. «Pertsona guztien iritziak entzun eta irizpide ezberdinak kontuan hartzen dira» etapa bakoitza diseinatzeko orduan; hala, track bakoitza ahalik eta era onenean taxututa eta, hasieran, bertatik bertara frogatuta zegoen. Kontrara, Zubiaurren iritziz, funtzionatzeko era horrek «trabak ere sortzen ditu: denbora, eztabaidak eta ‘disidentziak’». Diru irabazirik gabeko ekimena da, gainera. Dena dago sarean, libre eta doan. Eta, barne komunikazio guztiak euskaraz egiten badituzte ere, ele bitan, gazteleraz eta euskaraz, argitara eman ohi dute informazioa: GPS arrastoak edota PDF batean jasotako xehetasunak, gida osotu bat, argazki eta bideoak, iritzi eta aipamenak, oinarriak… Koronabirusaren itxialdien ondoren «bizikleta piloa saldu zen eta halako bidaiak ere modan jarri dira». Badira Estatuko hainbat tokitatik Euskal Herrira etorri direnak, Valentzia eta Kataluniatik batik bat, Estatuan bizikleta garraiatzeko «tren eta autobusetako baldintzak kaskarrak» diren arren. «Kotxez etorri behar dute bai ala bai», kexu da Zubiaur. Interesa, halarik ere, nabarmena da. «Wikiloc-en, adibidez, 1.000-2.000 ikustaldi artean izan ditu track bakoitzak». Zikloturistentzat ere bai Errepideko bizikleta maite dutenentzat, bestetik, Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzen dituen 900 kilometro eta 25 etapako ibilbide erosoagoa gorpuztu dute. «Erraza da eta saiatu gara ahalik eta trafiko gutxien duten errepideak aukeratzen». Kostalde guzia jasotzen du eta osatze bidean da Nafarroako hegoaldea hartzen duen 240 kilometroko gehigarria ere. «Txoko asko ezagutzeko aukera ematen du eta komertzialki eta turistikoki potentzial handia du». Izan ere, zikloturismoa hedatuago dagoen Europa iparraldeko bisitariak izan dituzte buruan, hori eratzeko orduan. Gema Sandonis MTB Andreak eta Trans Euskal Herria-ko kideak NAIZ Irratiko 'Ithaka' saioan azaldu zuenez, errepideko ibilbidea egiteko ez da GPS-rik behar, horretarako espreski sortu den eta doan lortu daitekeen gida-liburuan «bidegurutze bakoitzeko argazki bat dago eta bertan azaltzen da labur-labur hartu beharreko norabidea». Trans Euskal Herria ekimeneko partaideek etorkizun hurbilean ez dute halako beste proiektu handirik aurreikusten, ez bada «taldekide guztien arteko topaketak egitea», euren web orrian zaleen kezka eta galderak erantzuten jarraitzea eta ibilbideak eguneraturik mantentzea. Eta, noski, ekimena sortzerakoan zuten helbururik behinena betetzea, ibilgailu osasuntsu eta ekologiko hauen gainean gero eta jende gehiago ibil dadila, alegia. «Etxetik atera eta ibilbideak ematen duen aukera izugarria da. Hain leku txikian zaila da aurkitzen halako aniztasuna». 900 kilometro, 25 etapatan banaturik. Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotzen ditu errepideko bizikletan egiteko pentsaturik den ibilbide eroso eta errezago honek. Urteko edozein momentutan egiteko aproposa.