06 SEPT. 2024 Assua, haran baten jakinduria Mundu globalizatu honetan, badira oraindik puruagoak izaten jarraitzen duten lekuak. Zenbait jarduerarekin lotuta dauden lekuak dira, eta jarduerok, besterik gabe, funtsean errotuta daude lurraren kudeaketan, lurra bizirauteko espazio gisa ulertuta, zeinetan gizakiak beste piztia bat gehiago bailiran erlazionatzen diren ekosistemarekin. Horrelakoa da Assuako harana; bertan, iraila iristen denean, ardiak «bereizten» jarraitzen dute. 5.000 ardiko artaldea, uda mendiko larreetan igaro ondoren jaso, banatu eta beren korraleetara eraman aurretik. (Oriol CLAVERA) Vanesa Freixa (Argazkiak: Oriol Clavera) Goizeko zortzi eta erdiak dira. Marc mendiko artzainak prest du 5.000 ardiko artaldea, Madirri txabolaren ondoan, “triador” delakora jaistear. Irailaren 29a da, San Migel eguna, eta, ohitura den bezala, uda mendiko larreetan igaro duten artaldeak jaso eta beren korraleetara itzultzeko garaia da, zeinak herrietatik gertu kokatzen diren. Beharrezkoa da artalde bateko, etxe bateko ardiak “triatzea”, aukeratzea eta beste etxekoetatik bereiztea. Horretarako, tresna bat erabiltzen dute, duen sinpletasunagatik ikusgarria eta duen funtzioagatik asmotsua dena. Egurrezko inbutu handi bat, artzain guztien ardiak banan-banan hartzen dituen korridore bat duena. Artzainek, une batez korridore luzeko zortzi ateetako baten jabe bihurturik, azkar irekitzen dute atea beren artaldeko ardi bat paretik igarotzen denean. Egurrezko ateak entzuten dira “triador”-aren oholetan dantzan, banda-hotsa, oihuak, abisuak, barreak eta, batzuetan, indarka egindako mugimenduak animaliaren eta artzainaren artean, dagokien lekura itzul daitezen eginak. Bizkarraldean margotuta duten aspaldiko –iberiar garaiko– markagatik ezagutzen dute ardi bakoitza. Artzainak berandu datoz eta Marc zain dago, artaldeari ahal duen moduan eutsiz, ordua baino lehen jaits ez daitezen. Desantolaketa antolaketa modu bat da artzainen talde honetan. Garai bateko jendeak ez zukeen puntualtasun falta hau onartuko. Denak iritsi direnean, Marc-ek badaki jaisteko unea dela. Llessuin gaude, Assuako haranean, Kataluniako Pallars Sobira eskualdean, Pirinioen bihotzean, Aragoitik gertu eta Ariege-ren eta Arango haran turistikoaren ondoan. Pallars eskualdea ere eskualde turistikoa da, baina oraingoz, eta barne krisi ekonomikoetatik salbuetsi gabe, jardueren presentzia misto bat mantendu du: batetik, turistari begira dagoen jarduera, abentura-kirolen bidez gauzatua, eta, bestetik, jarduera tradizional nagusia, artaldeen bidez gauzatua. Pirinioetako landa-ingurune gehienetan bezala, artzaintza nekazariek garatzen zuten jarduera nagusia zen lehen. Baina urteekin, ardiek eta ahuntzek beren pisua galdu zuten, eta, hainbat aldaketaren ondoren, haragitarako behietan oinarritutako beste nekazaritza estentsibo batera pasatu dira. Herriak hustu egin dira, eta jendeak lur gehiago eskuratu ditu; baina lanerako esku gutxiago dago. Aldaketa oso handi bat gertatu da, eta orain, hain “esklaboa” ez den lan bat egitea lehenesten da batez ere, zeina zuzenki lotzen baita lurraren inguruan eskaintzen diren laguntzen eskuragarritasunarekin. Horrek, gizarte-egituran ez ezik, paisaian, elikaduran, jakintzetan eta azkenean ikusten dugun argazki ederrean ere aldaketa eragin du. «PISTEROAK» Llessuik bere eski-pistak ere izan zituen 60ko eta 80ko hamarkaden artean. Baina horien hegoalderako orientazioa zela-eta, elurrik gabeko denboraldi luzeak izaten ziren, eta bideraezina bihurtu zen haiek mantentzea. Gaur egun hirurogeita hamar urte inguru dituzten artzainetako batzuk «pisteroak» edo eski-monitoreak izan ziren. Udako larunbatetan -ardiei sendaketak egiteko eguna-, Roi etxeko Agusti ikusten dudanean eta bere iraganik gogorrenaren inguruan pentsatzen jartzen naizenean, harritu egiten naiz; izan ere, harrigarria zait pentsatzea gaur egun mundurik tradizionalenarekin lotzen dudan pertsona hori bera garai batean modernitate erradikalaren zirrikitu bat izan zela, garaiko haraneko jarduerak zer ziren kontuan hartuta. Gaur egun normala deritzogu haustura horri, baina tokiko balio kontserbadoreekin talka egin zuen. Jendeak berehala onartu zuen; izan ere, haustura hark baliabide garrantzitsuen iritsierara eta hiriko jende gaztearen mugimendu batera bideratu zuen harana, eta horrek lekua suspertu eta aurrerantz bultzatu zuen, arkaikotzat jotzen zen horretatik irteteko bide bat irekiz. Garai hura loriatsu gisa gogoratzen da. Orain, horretatik guztitik, herri-larreetan sartuta dauden teleaulkietako zutoinen eskeletoak besterik ez dira geratzen. Ordutik, beste gauza batzuk ere galdu ditugu bidean: Serrat gazta, Xisqueta ardi-esnearekin ondua; kontrabandoan Andorraraino iristen zen artilearen ekoizpena, zeina, 10 urteko amets labur batean, Obrador Xisqueta proiektuak berreskuratu baitzuen; artzain batzuek arretaz zaindutako tokiko arraza galdu dugu ia; eta ingurunearen kudeaketarekiko eta mantentzearekiko konpromisoaren zati bat ere galdu dugu. Aldiz, landa-eremuari dagozkion burokratizazio eta hiri-legeetan irabazi dugu, eta baita iparralde osoko biztanle gehienen ezjakintasunean eta deserrotzean ere. Ordea, Assuak sendo jarraitzen du artzaintzarekin. “El Sola” dauka, urtean 9 hilabetez –eta batez ere neguan, gehien kostatzen denean– aprobetxa daitekeen herri-larreen gunea. Bitartean, inguruko haranak eraldatzen ari dira, eta behia ari da bihurtzen bertako ganadu nagusi. Assuan ere aldaketa hori gertatzen ari den arren, Assuako harana Pirinioen hegoaldeko salbuespen bat da, azkenean: artalde garrantzitsuak mantentzen dituzte, zeinek antzinan bezala jarraitzen baitute: neguko larreak aprobetxatzen dituzte, herrietatik hurbil (Llessui, Bernui, Seuri, Caregue, Escas), eta transhumantzia egiten dute udako larreetarantz (Serra de Rei, els Plans, lo Tambori, la Gargalla, Marguinet planell, Astiessa), haranaren goialdera iritsi arte. Ahalik eta desplazamendu txikiena eginez, baliabideen ustiapena egiten da, belaunaldi askoren ondoren mendi horietan bizi diren animaliei etekin natural handiena ateratzeko, ardien eta artzainen desagerpena saihestuz (beste leku batzuetan, desagertu egin dira). Assuak ez du soilik eraso gogor hori gainditu; bere onera itzultzeko zorian dago. Gazteak daude orain, horietako asko Escola de Pastors de Catalunyak bultzatuta; izan ere, pertsona prestatuen bokazio isilduei leku eman die eskola horrek. Pertsona horiek, modu kontzientean, iritzi koherenteagoetara eta gauzak aldatzea oinarri duten ekintzetara bideratzen dute beren bizitza, hots, zaintzea eta elikatzea helburutzat dituzten lehen sektoreko jarduera horiei balioa ematera. Anna, adibidez, Llessuin bizitzen jarri zen artzain empordar bat, bere artaldea 500 ardiz osatu zuena, edo Carlos, herriko natiboa, Safalla etxeko Antoniorekin haurtzaro osoan zehar ikasi ondoren, bere proiektu propioari ekin ziona. Edo Casa Salvat, Casa Camp, Casa Ventura... etxeetakoak, historikoki horretan jarraitu dutenak, etenak eten. 5 artalde eta estentsiboan hazitako ia 2.000 ardi, eguzkitik eguzkira larreratzen eta Xisquet arkumearen haragia ematen, zeina dasta daitekeen bailarak ezkutatzen dituen jatetxe bikainetan eta eros daitekeen eskualdeko harategietan. Uda iristearekin batera, “triador”-erantz jaitsarazitako 5.000 ardiak gordetzen ditu Marc-ek, Escola de Pastors-en hezitako artzainak, zeina Llessuiko mendiko artzainaren figura ordezkatzen duen lehen gaztea baita. Horrek erakusten du, esperientziak eta zahartzaroak ez ezik, motibazioak, ahaleginak eta lan onak ere artzaina maisu bihurtzeko balio dutela. Artzain berri horiek erakusten dute gauzek, beren esentzia mantendu arren, eboluzionatu egiten dutela orainaldira egokitzeko eta, hil beharrean, biziberritzeko. EZAGUTZAK TRANSMITITZEN Assua gauza berrietarako prestatuta dagoen bailara zahar bat da. Etorkizun hurbilean gehien nabarmenduko diren eta Pirinioetan bete-betean eragingo duten klima aldaketek, erregai fosilen gabeziarekin lotutako krisiarekin batera, horrelako espazioek autonomia-kuota handiagoa izatea ekarriko dute. Eta elikadurari dagokionez bizirik mantendu ahal izateko funtsezkoak diren ezagutzak transmitituko dira, neurri batean. Lurraldearen austeritateari esker, atzean uztear dugun guztia ez dugu luzaroan faltan izango. Artzainen langintzarekin bat datorren ralentiak ia ez du nabarituko gure bizimoduen abiaduraren jaitsiera nabarmena. Haren dinamika egokitu egingo da, beti bezala, eta inoiz baino gehiago aitortuko zaio elikagaiak ekoizteko egiten duen lana; azkenean, berriz ere tokiko merkatu batean banatuko ditu artzainak bere elikagaiak. Ingurunea bere onera itzuliko duelako, jardunbideari bere balioa emango zaio. Orduan, garaia izango da aitortzeko bere argi eta itzalengatik paradoxikoa den eta eszenatoki soil gisa aurkezten saiatu garen paisaia berriz ere bere funtsezkotasun eta garrantziagatik baloratzen duela jendeak, eta, aldi berean, munduko txokorik ederrenetako baten aurrean gaudela. Orain, hain “esklaboa” ez den lan bat egitea lehenesten da batez ere, zeina zuzenki lotzen baita lurraren inguruan eskaintzen diren laguntzen eskuragarritasunarekin