03 SEPT. 2021 Lokiz: Galdu, galdu gabe Arabako Mendialdean eta Nafarroan, Ameskoa Garaia eta Lana bailarak lotuz bada mendikate eder bat: Lokiz. Klima ezberdinen trantsizioa erakusten duena. Baso eta ur errekasto aberatsak iparrera, galsoro heldu gabeak Larragoa aldean. Hego isurian, Lana bailaran, uzta biltzeko prest dute. Nafarroako Errusia txikia omen Lana, neguan egiten duen hotzagatik. Paraje bakartia da oso. Galdu gabe, galtzeko moduko paraje ederra baita Lokiz. Lokizko haitzak Lana bailara aldera. Andoni Urbistondo Ameskoa bailarako herri izen askok euskara badute jatorri, Lokiz mendikateko txoko askok ere bai. Larragoa, Aranaratxe edo Eulate ezagunak dira, baina mendikate barruko errekasto, bide, baso eta amildegien izenak ez hainbeste. Honatx zerrendatxo bat: Uiarra, Irasabela, Artaxo, Olastizu, Caracierzo, Otzamendi, Okomendia, Ortigal, Bailunbe, Laumendi, Ube, Amasobe, Bolborra eta Artasubiela. Izenok bezain ezezaguna da Lokiz bera ere. Izan liteke gailur ikusgarririk ez duelako. Edota inguruan mendi eta txoko ezagun asko dituelako. Iparraldean Urbasa dauka, Ubaba behatokia eta Urederra ibaia jaiotzen den gunea, eta, hegoaldean, Joar eta Kantauriar mendikate tentea. Lizarra da gertuen dagoen herri biztanletsuena, eta hura babesten Montejurra ezaguna. Toki jendetsuak denak. Lokiz, aldiz, bakartasun eremua da. Larragoa hartuko dugu abiapuntu. Urbasa du iparrera, Murube edo Batzarramendi ezagunaren babesean. Hegora egingo dugu, Nafarroan hain ezagunak diren parcelaria edo lursail bideak erabiliz, Gurzufi iturri ondotik pasata, eta Uiarra errekastoarekin bat egin arte. Fenomeno kuriosoa gertatzen da hemen, Larragoako galsoroak oraindik ernatu gabe daude erabat, berde kolorez jantzita, horiz baino gehiago. Udako lehen zatia freskoa eta hezea izan zen seinale. Ameskoa Garaitik Behe Ameskoarantz dagoen aldeaz jabetzen da mendizalea, altuera hartzen duen neurrian, Eulatetik ekialdera galsoroak hori-hori baitaude, biltzeko puntuan. Uiarra ibaia garden-gardena da. Eta hotza dago, broma gutxi han bustialdi bat hartu nahi bada. Artaxo edo Castillo mendia inguratuko dugu oinez edo bizikletan arazorik gabe osatu daitekeen pista on batean barrena (939 metro). Garaieraz tontor apala da, baina aldapatsua. Gaztelu baten aurriak daude gailurrean, bertan, noizbait, jendea bizi izan zen seinale. Eguzkia bazterrak berotzen hasi da, baina bidea basoan egiten da ia erabat, pago ikusgarrien babesean. Irasabelako goi ordokirantz goaz, eta pistaz ordu erdiko bidea egin ostean Ortigal izeneko baso bidean gora ekingo diogu. Aldapa dago, baina hosto zoru sakona, eta eroso egiten da bidea. Hainbat ikaztegi ikusiko ditugu bidean, paraje haietan ikatza egitetik bizi zirenak ugari zirela erakutsiz. Pagadi itxiak lizar bakarti bezain erraldoi bati uzten dio lekua, Okomendia mendiko goi lautadatik gertu. Han izen bitxiko mendi hegi batera igoko gara: Caracierzo. Izen esanguratsua, dudarik gabe. Ziertzoa, ipar gorria, ipar haize fina jotzen duen tokia. 1.100 metro pasatxora gaude, eta bailara sakoneko beroaren arrastorik ez da goietan, haizea baitabil. Ordu laurden eskasera dago Lokiz mendikateko mendi garaiena, Okomendia, baina Lokizko ipar isuria basoz estalia dago ia erabat, eta tontorra apenas nabarmentzen da. Iparrera bai, bista onak daude. Murube, lehen lerroan, eta atzerago, Aratz eta Aizkorri mendikate osoa. Ameskoa bailara osoa, eta Beriain, eguzki indartsuak harrotutako behe lainoak zikinduta. Okomendia eta Lana bailara ikusgarria Berriro basoan murgilduta, pago gazteen babesean, ataka bat pasa eta seinale gorriak jarraitzea baino ez zaigu falta, Lokizko hego isuria bistaratu eta Okomendia gailurrera iristeko. Faila bat zeharkatu beharko dugu, lauzpabost metrokoa sakoneraz eta zabaleraz. Geologiak milaka urtez Lokizen zizelkatu duen sakonunea da. Eta halako batean Okomendia gailurra agertzen da, Lokizko puntu gorena, 1.258 metrora. Altu, baina apenas nabarmentzen dena urrunetik, goi lautada baten gain apala baino ez baita. Izenaren jatorriaz ere azalpen handirik eman gabe ulertzen da bere esanahia. Okomendia gailurrak 200 metro hegora gordetzen du bere altxorra. Lokizko sekretu aberatsena, bertara hurbildu arte ikusten ez dena: Lana bailara aldera dauden amildegi harritsu handiak. Gastiain ikusten da gertuen, 600 metro beherago. Hegazti sarraskijale franko bizi da haitzotan, eta handik agertu diren bi hankadun ugaztunak zaintzen denbora daramate. Hegoalderantz sumatzen den zuloak errespetua sortzen du, baina patxada eta lasaitasun handia nabaritzen da. Eduardo Gomez duela mende laurden Lizarran bizi den Burgosko semeak eman ditu azalpenak, txango guztian bezala: «Lana bailarari Nafarroako Errusia Txikia esaten diote. Iparrera Lokiz dauka, baina hegora ere mendi txikiek babesten dute, halako kubeta berezi bat sortuz. Neguan, inbertsio termikoa dagoenean, sekulako hotza egiten du bailarako herrietan». Lokizen hamarnaka txango egindakoa da Eduardo, eta bere Twitter kontuan sarri ematen ditu azalpenak inguru hartaz (@e13sirio). Mendebaldera Arabako lurrak ikusten dira, Kanpezu herria. Eta haren gainean Costalera zorrotza, La Plana eta Joar ezaguna. Urrunago La Población haitza, errioxarrentzat El leon dormido, eta Palomares-La Rasako gailurreria. Gertuago dago Arnaga, Lokiz mendiguneko beste gailur ezaguna, bere gailur eta egitura geologiko bereziarekin. Bi harkaitz, gailur multzo ditu, eta bien tartean halako kubeta edo sakonune benetan bitxia. Merezi du hurbiltzea, eta gozatzea. Egindako bidea desegingo dugu Ortigal bidetik, baina pistatik itzuli beharrean Bailunbeko bidean behera egingo dugu, Uiarra errekastoa harrapatu arte. Bero sapa agerikoa da, dagoeneko. 30 gradutik gora, eta zintzurra eta oin zigortuak freskatzeko une aproposa da. Amasobe zubiaren ondoan gaude. Hemendik pista jarraituz Aranaratxe eta Larragoa artean dagoen aparkalekura aterako gara. Bost orduko txangoa kutsu abenturazaleagoarekin bukatzeko, Atanagon barrena Bolborra mendi zintzurra zeharkatuko dugu, Uiarra ibaiaren arro gainetik, Artasubielako errotara iritsi eta txangoa bukatzeko. Galduta, tarte askotan, paraje ezezagunetan barrena, baina galdu gabe. Hainbat ikaztegi ikusiko ditugu bidean, parajeotan ikatza egitetik bizi zirenak ugari zirela erakutsiz Faila bat zeharkatu beharko dugu, lauzpabost metrokoa sakoneraz eta zabaleraz. Geologiak milaka urtez Lokizen zizelkatu duen sakonunea da