05 NOV. 2021 Turku, Finlandia dibertigarriena Apenas bi ordu behar dira, autoz, Helsinkitik Turkura iristeko egin beharreko 167 kilometroak egiteko. XII. mendean fundatu zuten Finlandiako hiririk zaharrena eta hori da Artxipelagoko Parke Nazionala eta Åland uharteak bisitatzeko abiapuntua. Sergi REBOREDO Turku» hitzak «merkatu» esan nahi du, eta bere suedierazko izena Åbo da, «ibaiko etxeak» gisa itzul daitekeena. Gaur egun, Finlandiako hirugarren hirigunea da, Helsinki Handiaren eta Tampereko metropolitar eremuaren atzetik. Bertako bi hizkuntza ofizialak finlandiera eta suediera dira, baina ez dugu ingelesez komunikatzeko arazorik izango. Hiriaren bihotza Aura ibaiaren ertzetan dago, ezbairik gabe. Panoramika bat lortzeko modu onena gidaririk gabeko ontzi elektriko bat alokatu eta ibaian gora eta behera joatea da. Jatetxez gainezka daude ibaiaren bi aldeak; ainguratutako ontzien barruan ere badira hainbat jatetxe. Eraikin enblematikoak Eraikin enblematikoenen artean hauek nabarmentzen dira: Aboa Vetus & Ars Nova arte garaikideko museoa, Qwensel Etxea -hiriko etxebizitza burges zaharrena-, Farmaziaren Museoa, Forum Marianum -bertan ikus daiteke amarratuta Suomen Juotsen ontzia- eta Sibelius, herrialdeko musika galeria garrantzitsuena, finlandiar konpositore ezagunena den Jean Sibeliusen omenezko izena duena. Monumentu nagusiak katedrala eta gaztelua dira. Katedrala kanpotik gaztelua bezain soila da, apaindura gutxikoa; barrutik gotiko alemanaren nabeak deigarriagoak dira. Luteranoa da, bertako biztanleen %80ren erlijioa. Suteen ondorioz, hainbat aldiz berreraiki behar izan zuten. Izan ere, Turku hogeita hamar aldiz erre da; sute larriena 1827an gertatu zen; hirigunearen hiru laurden kiskali ziren. Gastronomiari dagokionez, onena merkatua bisitatzea da. Bertan gazta onenetako batzuk aurkituko ditugu, gisatutako elur-orein eta altze platerak dasta ditzakegu, izokina eta sardinzarra ahaztu gabe, eta grillimakkara saltxitxa handi eta ezagunak eros ditzakegu. Juustopuoti okindegi ospetsua toki ezin hobea da ruisleipä edo zekale ogia jateko, baita karjalanpiirakka izeneko pastel gaziak ere. Ez da ahaztu behar Turku familientzako helmuga dela; haurrek ederki pasatuko dute SuperPark-en. Estalitako kirol parkea da, eta bertan skatean eta patinajean ibil daitezke, baita ohe elastikoetan ere, eta pinballean jolastu edo hamaika kirol praktika ditzakete. Turkuko artxipelagoa Turkuko artxipelagoa munduko handienetakoa da, eta Baltikoko handiena: Åland eta Turku uharteen artean sakabanatuta dauden 20.000 uharteko mosaikoa da, eta uharte horietako gehienak beren egoera naturalean jarraitzen dute. Artxipelagoaren zerrenda zabal bat Parke Nazionala da. Paisaia askotarikoa da: uharte handiak, txikiak, irlatxoak, itsaslabarrak, eta gizakien arrastoa egon badago, baina pertsonak baino uharte askoz gehiago daude. Artxipelagoak herrialdeko “Helmuga onenaren saria” jaso zuen 2017an. Turku hiritik abiatuta 250 kilometroko ibilbide zirkular moduko bat du, hainbat uharte ikusi nahi dituzten ziklistentzat aproposa. Turku Touring-ek ziklistentzako hainbat eskaintza ditu, bizikleta barne. Eskaintzen duten etapa luzeena 45 kilometrokoa da eta bost egunean 175 kilometro egitea proposatzen du. Autoz artxipelagoaren zati handi bat egin daiteke lauzpabost egunean, lasai joanda eta toki enblematikoenetan geldituz. Onena da Finlandiako Gobernuak udan uhartetik uhartera joateko konexioa antolatzen duela, doako transbordadore sistema baten bitartez, eta hala, autoa edo bizikleta eramatea posible da. Neguan bidaiatzea zailagoa da tenperatura oso hotza izaten delako eta askotan ura izoztuta dagoelako. Turkutik 66 kilometrora Kustavin Savipaja artisauen herrixka dago. Bertan posible da errementaria burdina forjatzen ikustea Odin jainkoaren moduan, edo urregile atsegin batek esklusiboki diseinatutako bitxi bat eroste. Errepidean jarraituz Parattulanlahti-raino iritsiko gara. Badia moduko bat da, zeinean belaontzi ugari porturatzen diren eta Peterzen's-en etxolak dauden. Toki idilikoa da eta ilunabarra ikusi bitartean garagardo batzuk hartuz erlaxatzeko aparta. Korpo artxipelagoko uharte handietako bat da. Bere erdigunean Nestor hotela dago, bi artistak kudeatzen dutena: Pia Rousku eta bere senarra, Frank Hellgren diseinatzailea. Emakumeak artisautza tailer bat du eta bertan beira birziklatua lantzen du: ate eta leiho hautsietako kristalak jasotzen ditu eta izoztutako loreak diruditen egitura hauskorrak sortzeko urtzen ditu. Inguruan eguzki-loreen itsaso batek airea erromantizismoz bustitzen du. Larre berdeek eta lurrezko errepideek esplora ditzagula oihukatzen digute. Sormena eta abangoardia Nestor hotelaren jabeen sormena eta abangoardia jantokian ere igartzen da. Jangela antzinako estiloa eta modernoa uztartzen dituen benetako arte galeria da; giro rustiko eta xarmanta du, garaikide eta freskoa. William Hellgren chefak plater bakoitza artelan indibidual gisa ikusten du, zentzumen guztiak gozarazteko zerbait. Bere sorkuntza guztien oinarrian produktu organiko eta hurbilekoak daude. Adibidez, barazkiak ondoko Isaksson landetxekoak dira. Landetxean ez dago saltzailerik. Norberak nahi duena hartu, pisatu eta ordaintzen du, eskudirutan edota kreditu-txartelarekin. Nagu herrixka xarmanta da. Aisiarako txalupatxoak dituen portua, hotel-boutique txikiak, kafetegiak eta artisautza dendak pilatzen dira itsasertzeko lehen lerroan. Bertan bizikleta bat alokatu eta inguruak esplora ditzakegu. Beste aukera bat Westerholm Culture Path delakoa oinez egitea da, Victor Axel Westerholm paisaia-margolariaren oroimenezko bidea, edota St Olof Waterway sei kilometroko bidea egitea; bide hori erabiltzen zuten erromesek Erdi Aroan Turkutik Norvegiako Trondheimera pasatzeko. Bideak paisaia idilikoak zeharkatzen ditu San Olof aintziraren alboan, eta Virgin Dance esaten dioten harrizko labirinto kiribileraino heltzen da. Finlandian eta Suedian badira halako labirinto zenbait, non, ohiturari jarraiki, gazteek barrura sartu behar zuten erdian harrapaturik zegoen dama bat erreskatatzeko. Naguko portutik ontzi bat irteten da Seili uhartera; egun-pasa egiteko aukera bikaina da, zalantzarik gabe. Uharte lasaia da egun; behinola legen beltza (lepra) zutenen kolonia zen. Bertan hamaiketakoa edo kafe bat har daiteke uharteko jatetxe bakarrean. Seiliko eliza ere bisita daiteke, 1700. urtekoa. Autoz hiru ordu eta erdi eginda Helsinkin gaude berriro eta, denbora apur bat gehiago izanez gero, bidaia amaitzeko era ederra da hiriburua bisitatzea. Turkuko artxipelagoa munduko handienetakoa da, eta Baltikoko handiena: Åland eta Turku uharteen artean sakabanatuta dauden 20.000 uharteko mosaikoa da.