bidaiari - bidaia aldizkaria

Kazbek mendia, poloniarren obsesioa

Kazbek mendiak 5.047 metroan du gailurra, Errusiarekin muga egiten duen georgiar aldean. Iraungitako geruza-sumendi gisa sailkatzen dute geologoek; halako asko daude Goi Kaukasoko eremu honetan. Britainiar espedizio batek zapaldu zuen tontorra, lehen aldiz, 1868an.

Kasbek mendiaren irudia, errepidetik aterata.

Diotenez, Prometeo titana, jainkoei sua lapurtu eta gizakiei emateaz akusatua, gailur horretara kateatu zuen Zeusek, nahiz eta mitologiako pasarte hori Elbrus mendiaren gailurrean kokatzen duten beste batzuek. Elbrus 5.642 metroko beste geruza-sumendietako bat da, Europaren sabaia, mugaren errusiar aldean kokatua. Egiaztatuago dago beste ehunka urteko tradizio bat; hots, lur sakratutzat jotzen zirela-eta bere basoen hegaletan ehizatzea debekatzen zuena. Bertako leizeetako batean, 4.000 metroko altueran, Jesus jaio zen aska zegoela uste zen, baita Abrahamen denda, beste erlikia batzuen artean. Gailurra 1868an zapaldu zuten lehen aldiz; britainiar espedizio batek egin zuen.

Goi Kaukasoko inguru honetatik igarotzen zen Zetaren Bidearen adarretako bat. Merkatari eta zamaltzainek lehenik eta mende batzuk geroago militarrek, popeek eta abenturazaleek bidea urratu zuten bertako geografia torturatuan, ibai emaritsuek eta erliebe geometrikoko mendietan mehartutako glaziarrei darien uharrek landutako lurretan. Elur-jausiek, elurrak eta izotzak urtean hainbat hilabetez ixten zuten bidea. Honaino iristen ziren errusiar inperioaren eta persiarraren hari-muturrak, eta garai haien oihartzun batek irauten du oraindik zaintza dorreetan eta ibilbidearen ikurretako bat den Ananurikoa bezalako gotorlekuetan.

Errepide militarra

Errepidez iritsiko gara azkarren Kazbek gailurraren ingurumarietara. Georgiako hiriburu Tbilisitik Kazbegi herrira heltzeko “Georgiar Errepide Militarra” esaten dioten hori hartu eta 180 kilometro egin behar dira. Gaur egun, mendi turismoan espezializatutako herri txiki horretatik abiatzen dira gailurrera iritsi nahi duten espedizio gehienak. Errepidea hain da ikusgarria, ezen 1914an Baedecker bidaia-gida ezagunak munduko mendi-errepide ederrenetakotzat jo baitzuen. Orduan hamalau bat ordu behar ziren berau osorik egiteko.

Ez zegoen zalantza izpirik gida horien fidagarritasunaren inguruan. Luftwaffe-k abantailaz erabili zituen 1942an Ingalaterra bonbardatzean bere helburuak zehazteko; “Baedecker blitz” deitu zitzaion ekintza hari gerora. Mende bat baino gehiago igaro denean, ibilbide honetako paisaiek edertasun liluragarria dute; gaur egun, aldiz, Tbilisi-Kazbegi ibilbidea hiru orduan egin daiteke.

Maiz askoz azkarrago. Ibilbidea egiten duten taxilarietako batzuek abiadura benetan beldurgarrian egiten dute; trebezia handiz, hori bai. Bisitariarentzat Kazbek mendia eskalatzea bezain desafio handia bihurtzen da bidaia hori. Sarbideak asko hobetu diren arren, oraindik beste garai bateko irudiak ikus daitezke.

Antzinako karabanak mekanikoki imitatuz, kamioi ilara luzeak doaz aldapa pikoetan gora. Askok beren matrikulan hiru koloreko ikur errusiarra dute, nahiz eta asko armeniarrak diren. Izan ere, albertxikoaren aberriak, Turkiarekin eta Azerbaijanekin dituen mugak itxita daudela, ibilbide hau du lur bidezko horniketa bide bakarretakoa. Kazbegitik hurbil Ipar Osetia (Errusia) hurbil dagoela sumatzen da, errepide bazterrean kilometrotako kamioi ilarak baitaude, mugako tramite korapilatsuak betetzeko txanda noiz iritsiko zaien zain.

Poloniar eskalatzaileak

Tsminda Sameba (Hirutasun Santua) esaten dioten kapera ikonikoa da Georgian. Kapera eta kanpandegia XIV. mendetik zutitzen dira 2.200 metrotik gorako muino batean. Atzean Kazbek mendia sendo ageri da. 360 graduko erradio batean bistak zirraragarriak dira, kaperaren ortzi muga inguratzen duen mendikate horzdunaren handitasunagatik.

Transzendentzia sentipenak hartzen ditu honaino igotzen direnetako asko. Erosoenek, 4x4 ibilgailuan egiten dute, Kazbegitik irteten den lurrezko bide zabalaren sei kilometroak eginez. Beste batzuek erromesen bide tradizionala nahiago dute, bide piko eta malkartsuan aurrera eginez, non ez den arraroa oinutsik doazen erromesak edota beloz ilea estaltzen duten emakumeak ikustea.

1988an sobietar agintariek teleferiko bat eraiki zuten, kaperaren eta herriaren arteko 500 metroko desnibela gainditzeko. Sobietar Batasunaren gainbehera gertatu zenean, kendu egin zuten, bertakoek eszenatoki ikusgarriaren sakratutasuna tribializatzen zuela uste baitzuten. Motordunen eta erromesen ondoan bada hirugarren talde jendetsu bat ere, aurrekoekin batere zerikusirik ez duena, poloniar eskalatzaileena, alegia.

Eraso plana

Polonia lautada amaigabe bat da, Eslovakiarekin hegoaldean duen mugan Tatra Garaiek ixten dutena. Mendikate horretako gailur garaienak, Rysy delakoak, apenas dituen 2.500 metro. Paperean irakurrita ez dirudite baldintza onegiak alpinismoak gazteen artean arrakasta izateko. Alabaina, poloniar eskalatzaileak munduko aktiboenetakoak dira.

Horra, adibidez, Kukuczka, askorentzat inoizko eskalatzailerik onena, edota, Wanda Rutkiewicz, K2ra iritsi zen lehen emakumea. Beste hainbat ere badira, Wielicki saritua, esaterako, bai eta publiko handiarentzat ezezagunagoak diren Kurtyka, Zawada, Hajzer, Berreka eta Urubko ere.

Ia guztiak oxigenorik gabeko neguko eskaladen zaleak izan dira, eta ia babeslerik gabe arituak. Halako maisuekin ulertzekoa da horrenbeste dizipulu egotea. “Haur eskolako” Tatrak mendietatik Himalaiakoetan graduatzera iristeko prestakuntza emango duten “institutuak” behar dira. Hain zuzen, paper hori dute Kaukasoko mendiek, bereziki Kazbekek eta bere bizilagun Elbrusek.

Hiru egun behar izaten dira Kazbegi herrixkatik Kazbekera igotzeko. Lehenengoan, Hirutasun Santuaren baseliza fotogenikoa eta bertako erromes eta begiluze oldea atzean utzi, Gargeti glaziarra gainditu eta Betlemi aterperaino iritsi behar da; azken hori 3.650 metrora dagoen antzinako meteorologia estazio bat da.

Bigarren egunean eskalatzaileak altuerara aklimatatzea dute helburu eta horretarako 4.500 metrora dagoen goi-lautada bateraino igotzen dira. Azken erasoa aterpe meteorologikoan hasten da eta igoerak sei eta zortzi ordu artean irauten du. Denbora hori bera beharko da atzera aterpetxera jaisteko. Ohikoa da bertan tokirik ez izatea eta bibak egin behar izatea edota denda jartzea inguruetan.

Urtero milaka afizionatu saiatzen da gailurrera iristen. Nahiz eta jende asko ibili, ez da lan erraza. Zailtasunak baditu. Kazbeken tontorreraino heltzea ez da paseotxo bat ematea eta, abentura arrakastaz burutzeko, sasoian egotea eta altuerara aklimatatzea beharrezkoa da. Arrakalek eta pitzadurek ere arriskua areagotzen dute. Igotzen saiatzen direnen erdiak gutxi gorabehera ez dira tontorrera heltzen.