bidaiari - bidaia aldizkaria
Hiriak laburrean

Trinidad, mila koloretako hiria

Ezagutzen dutenek diote Trinidad ezagutzeko modurik onena kale-labirintoan galtzea dela, hamaika koloretako fatxaden artean, eta, beti-beti, bidaiari senak eta kantoi bakoitzean arnasten den giro kubatarrak gidatuta. Hau da, pausoz pauso aurrera egitea eta bidean bat-batean azaltzen diren txokoez ahalik eta gehien gozatzea.

Trinidad hiri koloretsua da, benetan.

Harrizko galtzada eta pastel koloreko etxeen artetik pasieran ibili, ilunabarrean «canchanchara» bat eskuan duzula Plaza Nagusitik gertu dauden eskaileretan eseri, garai bateko Escambray mendilerroko azukre-sail handien arrastoak bisitatu, Caburniko jauziarekin txunditu, Ancon-eko hondartzan erlaxatu, Kubako hiririk liluragarrienetako arkitekturaz gozatu... Trinidad, Habanatik gertu, Kubako edozein ibilbidetan nahitaez egin beharreko geldialdi bat baino askoz gehiago da.

Norabide finkorik gabe kalez kale ibiltzeko aholkuari jarraitzen diona, ia konturatu gabe, hiriko alde zaharrean sartuko da, plazatxoz, elizaz eta kolore biziz margotutako etxe kolonial deigarriz zipriztinduta dagoen hiriaren bihotzean, alegia; eta hori guztia kubatar erritmoaz girotuta. Erdigunea Plaza Nagusia da, bisitaria palmen itzalean hartzen duena. Diotenez, bere benetakotasunari egokien eusten jakin duen plaza kubatarra da. Horrexegatik izendatu zuten Gizateriaren Ondare. Eta, halaber, horrexegatik liluratzen du kanpotarra hain modu berezian.

Gainera, plazaren inguruan hiriko lekurik esanguratsuenak daude; besteak beste, Hirutasun Santuaren eliza -sabai gangaduna eta aldare landua dituen XIX. mendeko katedrala- eta, haren ondoan, Asisko San Frantzisko komentu zaharreko kanpandorrea, harro-harro zerurantz altxatzen dena, plazako eskailera jendetsuetan arnasten den giroaz jabetuko ez balitz bezala. Hantxe dago, gainera, Trovaren Etxea, zeinean Kubako musika tradizionalaz gozatu nahi dutenak biltzen diren.

Alde zaharraren bihotzean bertan daude, halaber, Arkitektura Kolonialaren Museoa, Etxe Urdina izenez ezaguna -azukre-ekoizpenaren garaia irudikatzen duena-, eta Museo Erromantikoa, gaur egun Trinidadeko arkitekturaren harribitxitzat jotzen den zaharberritutako jauregi zaharra. Barruan areto bat dago, XVIII. eta XIX. mendeetako egoitzetako giroa gogora ekartzen duena. Behin hara iritsita, ez legoke gaizki Udal Museo Historiko edo Cantero jauregiko teilatu laura igotzea, bertatik hiriko panoramikaz giro lasaian gozatzeko. Goiko dorretik itsasoa ere ikusten da.

Cachanchara, soinu kubatarraz

Eta ilunabarra iristean, hori bai, Musikaren Etxeko eskaileretan eserita agurtu behar da eguna, mojito, daikiri edo cachanchara bat eskuan hartuta. Musika eta giro kubatarra, solasaldiak, galderak, azalpenak, barreak, dantza... Batek baino gehiagok galdetuko du zer demontre den Cachanchara, eta erantzungo diote bertako edaria dela, bertako izarra. Kubatarren esanetan, kanaberazko pattarrarekin, erleen eztiarekin eta limoi-zukuarekin egindako edari berezi honek edaten duenaren izpiritua bizkortzen du. Askok, ordea, nahiago dute ez errepikatu…

Cachancharak eragindako ajea arintzeko aukera ona izan liteke hurrengo egunean Ancon hondartzara joatea, Trinidadetik hamabi kilometrora, urpean igeri egiteko. Edo Ingenioen Haranera hurbiltzea, hau ere Gizateriaren Ondare izendatua. Plantazio erraldoi honetatik Escambray mendilerroko paisaia ikusgarriez goza daiteke; izan ere, izena bera ere hortik datorkio: azukre-industriaren urrezko garaian hainbat «ingenio» -azukre-lantegiak- zeuden, eta horietako batzuk jatetxe bihurtu dira. Gaur egun, plantazioaren lurrak zeharkatzen ditu tren batek eta, besteak beste, geldialdia egiten du Manaca Iznaga etxaldean. 45 metroko dorrea du eta bertatik lur-eremu izugarriak ikus daitezke. “Kubako Pisako dorrea” deitzen diote bertakoek, inklinazio txiki bat duelako.

Caburni-ko ur-jauzia, agur bitxia

Trinidadeko bisita luzatzeko beste aukera aparta Nichoko ur-jauzien Parke Naturala bisitatzea izan liteke. Trinidad eta Cienfuegos artean kokatutako Topes de Collantes Parke Naturaleko erreserba da, putzuz, kobazuloz eta ur-jauziz -62 metro dituen Caburni, besteak beste- zipriztindutako bidezidorretik barrena bi kilometroz pasieran ibiltzera gonbidatzen duena. Trinidad hiriari agur esateko modu bitxi eta ahaztezina, zalantzarik gabe.