04 MAR. 2022 Kalifornia Beherea Mexikarretik gutxien duen Mexiko Kalifornia Beherea bi munduren arteko unibertso txiki bat da, Mexiko eta Estatu Batuen artekoa, bien eragin handia izan zuena. Hemen ez dugu aurkituko historiaz eta tradizioz betetako hiri handien Mexiko monumental eta kolonial hori. Kalifornia Beherea da Mexikoko lurralde guztien artean mexikar izaera gutxien duena, baina gordetako sekreturik onenetakoa. Bertan erabat galtzea oraindik posible den leku horietako bat. San Luis Gonzaga badiatik gertuko paisaia ikusgarria. Testua eta argazkiak: Nuria López Torres Kalifornia Beherea penintsulako road trip hau, nola ez, Tijuana hiri mitikoan hasten da, aberriaren abiapuntuan, edo amaieran, nondik begiratzen den. Tijuana Kalifornia Behereko hiri jendetsuena da. Mundu mailan, jende gehien ibiltzen den muga dago bertan. 50 milioi pertsonak zeharkatzen dute urtero San Ysidro igarobidea bi norabideetan. Kultura- eta merkataritza-gune bat izateagatik hiri global gisa sailkatuta dagoen hau munduan gehien bisitatzen den mugako hiria da. Robert Rodríguezen muga-hirien inguruko film kutsua duen hiria. Iparraldean Lege Lehorraren garaia zela fundatu eta garatu zen Tijuana, alkohol-zimendu likidoen gainean. Gaur egun, oraindik ere, parranda, kantinak eta goiko bizilagunentzat debekatuta dagoen guztia aurki daitekeen helmuga da. Tijuanak hiri bizia izaten jarraitzen du, non bizitza trago bakoitzean bizitzen den eta dantza pauso bakoitzean harrapatzen den, corrido norteño eta mariatxien artean. Arratsaldea iristean, musika-tresnak daramatzaten musikariak joan-etorrian dabiltza Iraultza etorbidean, hiriaren erdigunean. Hortxe daude musika-areto eta dantzaleku ugari, dendez eta jatetxeez gain. Santa Zezilia plazan –bere banderatxo koloretsuekin, Mexiko Hiriko Garibaldi plazaren parekoa– musikari-taldeak biltzen dira, ospakizunetan dabiltzan herritarrek beren melodia gogokoenak noiz eskatuko zain. Turistek derrigor bisitatu beharreko tokia; batez ere, Los Angelesera zuzenean iristen diren estatubatuarrentzat eta txinatarrentzat. AEBetako hiritik Tijuanara jauzi egiten dute, bidaia aprobetxatuz inguruko herrialdea bisitatzeko. Tijuana edo Mexicali utzi eta hegoaldera jotzen denean sumatzen da benetan estatuaren handitasuna. Zinemako dekoratu handia Nork ez du erretinan lasterketa amaigabe, sutsu eta bakartien irudi hori, basamortuko paisaietan barrena, sasitzaz eta kaktusez inguratuta, non haizeak hautsak harrotzen dituen zerumugan. Ezin konta ahala kilometrotan zehar, amerikar filmetan hainbestetan agertu den dekoratu horretan murgilduko da bidaiaria. Ingurune naturala da protagonista eta hiriak eszenatokitik desagertzen dira, beste protagonista batzuei bide emateko. Estatuaren hegoaldean, San Quintin udalerrian, Valle de los Cirios haran handia dago. Mexikoko flora eta faunaren babes-eremu handiena da berau. 15 metroko altuerarainoko kaktus erraldoi ugariekin batera narrasti eta ugaztun handiak ageri dira eszenan, hala nola Ovis canadensis (borrego cimarrón) direlakoak, pumak, basakatuak eta Odocoileus hemionus oreinak. 664 landare-espezie, 251 hegazti, 53 ugaztun eta 53 narrasti bizi dira bertan, eta munduan biodibertsitate handienetakoa duen basamortuetako bat da. Kalifornia Beherea Kaliforniako golkoak (Mar de Cortes ere deitzen zaio) eta Ozeano Bareak bustitako penintsula da. Jacques Yves Cousteau biologo ospetsuak “munduko akuario” izendatu zuen Mar de Cortes itsasoa, munduan biodibertsitate handiena duen lekua delako. Itsas ugaztun ugari Kalifornia Behereko penintsularen eta Mexiko kontinentalaren artean bizi dira ezagutzen diren itsas ugaztunen ia erdiak. Izurde-, itsas lehoi- eta zere arrunt balea-koloniek urtean zehar hainbatetan partekatzen dituzte ur hauek beste espezie batzuekin; esaterako, balea urdinekin, xibartekin eta orkekin. Kaliforniako golkoak bustitako kostaldea hondartza bakartiz beteta dago makina bat kilometrotan, eta han txiki sentitzen da norbera, naturaren edertasun horren aurrean. San Luis Gonzaga badia baztertuan, ekainetik abendura bitartean, marrazo baleak ikusi eta ur epeletan murgildu gaitezke haien ondoan igeri egiteko, betiere haien ongizatea babesteko arau zorrotzak betez. Marrazo hori, munduko arrainik handiena kontsideratzen dena, eraso egiten ez duen animalia da eta planktonez elikatzen da. Los Angelesko badian, San Luis Gonzagatik 180 kilometro hegoaldera, ere animalia zoragarri horiek elkartzen diren beste puntu bat dago eta bertan inongo beldurrik gabe hurbiltzen dira txalupetara. San Quintín-El Rosario errepideko 47,5 kilometroaren parean, kostalderanzko saihesbide bat dago, eta, lurrezko pista batetik 5 kilometro mendi artean igaro ondoren, santutegi natural batera iritsiko gara. Bertan, ehun itsas otso eta itsas txakur baino gehiagok umatu eta atseden hartzen dute. Haizearen eta itsasoaren higadurak harkaitzean eragindako krater natural batek babesa ematen die bisitarien begirada lotsagabeekin zerikusirik ez duten itsas animalia horiei. Ilunabarrean, zulo hori inguratzen duten itsaslabarrak kolore laranja eta horiz tindatzen dira, ozeano zakarraren astinduei aurre egiten dieten bitartean. Pazifikoa zain egoten da San Miguel hondartzan goizero beren surf taulekin olatuak hartzera etortzen diren atleta gazteak noiz iritsiko. Goizeko 6etan sartzen dira goiztiarrenak uretan motorrak berotzen hasteko. Bitartean, lehen eguzki-izpiek berotzen dituzte herrialde honetan kirol hori jaiotzen ikusi zuen hondartzako arrokak. Ensenada hirian dago hondartza, hain zuzen. Mugaren beste aldetik hainbestetan ikusitako eszenatokietara eramango gaituen dekoratu berria. Mediterraneoko zaporea Ozeano Bareari begira dago Ensenada, hiririk politena eta Mexiko mexikarrena gehien gogorarazten duena. Guadalupe haran hurbileko hiri nagusi hau Estatuko lekurik bisitatuenetako bat bihurtu da, enoturismoaren gorakadagatik. Ibar honek klima mediterraneo ezin hobea du mahatsondoa landatzeko. Lehen ebanjelizatzaileek (batez ere, jesuitek, domingotarrek eta frantziskotarrek) landatutako 450 urtetik gorako mahastiak ditu. Mexikon ekoizten den ardoaren %90 haran emankor horretatik dator. Asteburuero, ondo jantzitako emakume eta gizonezkoek –“gente fresa” esaten diete pijoei Mexikon– ibarrean zehar sakabanatutako upeltegiak bisitatzen dituzte, esperientzia sentsorial batean murgilduz inguruko ardo esklusiboenak dastatzeko. Upeltegi batzuek ostatu originalak eta gastronomia chic bat eskaintzen dute, bisitaria atseginez eta xarmaz betetako ingurune batean sentiarazteko. Glamping delakoa modan jarri da; kanpinaren eta glamourraren arteko fusioa mahastien artean, mota guztietako kanpadendetan eta luxu guztiekin, ahalik eta esperientzia biribilena eskaintzeko. Kalifornia Beherea bere burua asmatzen joan da ahal izan duen moduan, eta utzi egin diote. Lurralde horiek luzaroan ez ziren izan ez Estatu Batuenak ez Mexikorenak, inorena ez zen lurralde bat zen, eta bere burua asmatze horretan bere gastronomiak ere halaxe egin du. Miguel Ángel Guerrero sukaldariak kontzeptu bat asmatu zuen, “Baja-Med" sukaldaritza, bera buru duen gastronomia definitzeko, azken urteotan beste erakargarri bat eta erreferente nazional bihurtu dena. Iparraldeko eta Asiako eragina duen sukaldaritza mexikarra da –Txinako immigrazio historikoagatik–, baita klima berezia ematen duten osagai mediterraneoak dituena ere. Querencia, Bruma edo Encuentro Guadalupe jatetxeak dira haraneko lekurik chic eta finenak, baina esan beharra dago Kalifornia Behereko gastronomia letra larriz idazten dela edozein errepide-jatetxetan edota mapan agertzen ez den edozein herritan. Jatetxe tradizionala Esthela Bueno andrearen gosariak munduko onenak direla diote. Gordon Ramsay bezalako sukaldariak joan dira Esthelak Guadalupe bailaran daukan jatetxe tradizionalera berarekin kozinatzera. Emakume sendo eta irribarretsu hau barazki- eta arrautza-burritoak saltzen hasi zen, ez baitzuen haragia erosteko nahikoa diru. Haraneko soroetako langileei saltzen zizkien burritoak, eta gaur egun mila lagun baino gehiago joaten dira bere jatetxera sabela betetzera, hainbat orduz ilaran zain egon behar badute ere. Gorputz, espiritu eta arimarentzako elikagaia da bidaia honetan, zeinean hain lurralde ezezaguna, hain ustekabekoa, hain benetakoa eta hain gutxi ustiatua deskubritu dugun. Munduan leku gutxi daude honen parekoak; iristen lehenak garen sentsazioa dugu, inoiz ez dugu bertan ikusiko turista oldea banderatxo bati jarraituz, eta gizakiak kilometro eta kilometroetan gizakiaren arrastorik ez dagoen tokiak aurkituko ditugu. Bertako espazio amaigabeetan lau haizeetara “aleluia!” oihukatzeko tokia da hau. Baja California se ha ido inventando como ha podido y le han dejado. Estos territorios no fueron durante mucho tiempo ni de Estados Unidos ni de México, y su gastronomía también lo ha hecho