01 AVR. 2022 Egin planak “Milton Glaser. Kartelak”, Arte Ederren Museoan OtsailaK 8-Ekainak 26 Bilboko Arte Ederren Museoan, Milton Glaser artistaren hogeitik gora kartel daude ikusgai. Ekainaren 26ra arte egongo da zabalik berrogei urteko ibilbideko (1967-2011) lanak biltzen dituen monografikoa. Bildumagile batek dohaintzan emandako 48 lanen artetik aukeratu dituzte museoan ikusgai daudenak, antolatzaileen ustetan, diseinatzailearen ibilbide zabal eta askotarikoa egokien erakusten dutenak. Erakusketako kartelik berrienak 2011koak dira eta zaharrenak, berriz, 1960ko hamarkadaren amaierakoak. Glaser artista newyorktarraren artelanekin Arte Ederren Museoak bere kartel bilduma handitu du. Bere ibilbide luzean, 2020ko ekainean hil zen arte, bostehun kartel kultural, komertzial edo erreibindikatzaile baino gehiago diseinatu zituen. Sorkuntzarik ezagunenetakoa “I love New York” eslogan eta logotipoa da. Kontua da ez zuela erregistratu. Glaserrek New Yorkeko Cooper Union Unibertsitatean ikasi zuen eta, ondoren, Bolonian, non Giorgio Morandi margolaria izan zuen maisu. Behin bere herrira itzulita, Push Pin Studios sortu zuen, diseinu grafikoaren esparruan erabat iraultzailea izan zena.