01 AVR. 2022 Makina erreminta museoa Ondare industrialaren historiaren «fabrika» Jakina da Debabarrena Gipuzkoako industria-garapenaren erdigune garrantzitsuenetakoa izan dela. Eta zenbait hamarkadatan eskualdean «fabrikatutako» historiaren memoria gal ez dadin, hortxe dago Elgoibarko Makina Erreminta Museoa, sistema zaharrak martxan ikusteko aukera eskaintzen duen museo bizia. Errementarien garaitik XIX. mendera arteko industriaren bilakaera ezagutzeko museo aparta da Elgoibarkoa. Testua: Eli TXAPARTEGI Argazkiak: Makina Erreminta Museoa Eramangarriak ez diren makinak, kanpoko energia-iturri batekin jardunez metalak konformatzen dituztenak, txirbil-harroketa, talka, presioa, prozedura elektrikoak edo aurrekoen konbinazio bat erabiliz». Horixe da, hitzez hitz, metalak lantzeko makina-erreminten definizioa, CECIMO Makina Erreminta Industrien Lankidetzarako Europako Batzordeak 1958an zehaztutakoaren arabera. Makina-erremintekin soilik egin daitezke beste makina eta osagarri metaliko batzuk, baina makina-erreminten ezaugarri bereizgarriena zera izan daiteke: auto-erreprodukziorako duten gaitasuna. Merkatuan dauden makina, osagarri eta produktu metaliko guztiak makina-erremintak erabiliz egin dira. Hori guztia oinarritzat hartuta eraiki zen 1998an, Elgoibarren, Makina Erreminta Museoa. Helburu nagusia honako hau zen: «Gure historia industriala eta bertako protagonistak izandako gizon-emakumeak gogoratzea». Irekieratik urte dezente pasa ondoren, esan daiteke helburua lortu dutela, errementarien garaitik XIX. mendera arteko industriaren bilakaera ezagutzeko museo aparta baita Elgoibarkoa. Egia esan, 1982an sortu zen museoa egiteko ideia, elektronikaren eta informatikaren garapenaren ondorioz sortutako iraultza industrial berriak eraginda, bereziki. Aldaketok makineria parkea berritzera behartu zuten eta makina zaharrak «historiko» bihurtu ziren berehala. «Gure aitzindariek egindako makina-erreminta adierazgarrienen ereduak berreskuratzeak gure herrialdearentzat izango lukeen garrantziaz konturatu ginen», azaldu zuten proiektuaren sustatzaileek. «Balio izugarria duen ondare industriala ordezkatu dezakete eta, agian, museo espezializatu baten oinarria izan». Azkenik, 1994 eta 1998 artean, museoa sortzeko lehen urratsak eman ziren. Eta 1998an inauguratu zen. Guztira 420 metro koadroko azalera erabilgarria du museoak eta hiru nabetan banatuta dago. Nabe nagusian, XIX. mende amaierako mekanizazio tailer baten erreprodukzioa dago. Eskuinaldekoan, berriz, Erdi Aroko gela dago, eta, ezkerreko nabean, Patxi Aldabaldetrecu gela. Mekanizazio tailerra Mekanizazio tailerrean, gure aitzindariek egindako makina-erreminten modelo adierazgarrienak ikus daitezke martxan; adibidez, tornuak, zulagailuak, fresatzaileak, eskuilak, zerrak... bisitariak. Aire bidezko uhal eta poleen bitartez osatutako transmisio sistema erabiltzen zuen mekanizazio tailer bateko giroa zintzoki erreproduzitzen du mekanizazio tailerrak. Bi isuriko estalkia du, egurrezko bi zinbria deigarrirekin eutsita; horietatik euskarriak eta ardatz eragileak zintzilikatzen dira, euren polea eta uhalekin. Transmisio sistema motor elektriko baten bitartez jartzen da martxan. Motorra, uhal baten bidez, ardatz zentralera lotuta dago, zeina transmisio sistema beraren bidez (poleak eta uhalak), bigarren mailako bi ardatzi lotuta dagoen. Horrez gain, argazki erakusketa iraunkorra dago ikusgai, herriko ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren garapenaren ibilbide historikoa jasotzen duena. Erdi Aroko aretoA Erdi Aroko gelan, berriz, errementeria bat ikus daiteke, beharrezko tresna guzti-guztiez osatua: ingudeak, kurrikak, mailuak... Hainbat produktu fabrikatzeko erabiltzen zituzten errementeriak, hala nola, ferrak, burdin sareak, iltzeak, nekazaritza tresnak, armak eta sukaldeko eguneroko tresnak. Ikusgai dauden tresna guztiak Elgoibarko Ibarlucea familiaren errementeriatik berreskuratu zituzten. 1983. urtera arte egon zen zabalik. Lau gremio armagile Tradizio armagina ere nabaria da Erdi Aroko gelan. Jakina da Debabarreneko sektore garrantzitsuetakoa izan dela luzaroan armagintza. Horren erakusle da 1756ko Lamoten Grabatuaren erreprodukzioa. Debaren arroko industria tradizio handia egiaztatzen duen dokumentu historikoa da. Grabatu horrek askotariko marrazkiak eta testuak ditu eta arma ekoizpenaren fase ezberdinen eta ekoitzitako modeloen informazio ugari eskaintzen du. Gainera, grabatuaren beheko aldean, lau gremio armagileren deskribapena ageri da: kanoigileak, kutxagileak, aparailugileak eta giltzariak. Kanoigileak su-armen forjaketa egiteaz arduratzen ziren. Zeregin nagusiak kanoien forjaketa eta lima bidezko akabera ziren. Kanoilarien gremioaren barruan, grabatzailea ere bazegoen, amaitutako kanoietan urrezko inkrustazioak eta grabatuak egiteaz arduratzen zena. Txispaginak, berriz, tiroaren mekanismorako piezen muntaketa egiteaz arduratzen ziren; kaxagileak, kulatak egiteaz eta kutxetan kanoia, giltza eta aparailuak muntatzeaz; eta aparejugileak armaren aparailuak edo pieza osagarriak egiteaz eta beste gremioek egindako elementuak muntatzeaz arduratzen ziren, baita armaren azken entregaz ere, kutxagileekin batera. Espazio hau artisauek egindako makinekin osatuta dago: baskulariek erabilitako pedal tornua, eskopeten kanoien zuzengailua eta eskuz eragiteko eta bola bidezko aurreratzea duen mahai gaineko zulatzeko makina. Patxi Aldabaldetrecu eta Sigma Azkenik, hirugarren gelak museoko lehenengo presidentearen izena dauka, Patxi Aldabaldetrecu. Erakusketak industria tradizioaren eta Estarta y Ecenarro enpresaren ibilbide historikoa erakusten du. Bertan dira ikusgai enpresa elgoibartarraren hainbat Sigma josteko makina eta baita nazio-mailakoak ere, esaterako, Alfa, Singer eta Titania Kay & Co. Sigmak, noski, izen propio eta leku berezia du museoan. Gerra Zibila amaitzean, 1939. urtean, Estarta y Ecenarro enpresako kudeatzaileek marka horretako josteko makinak egitea erabaki zuten, Eibarko Alfa enpresa konfiskatu egin baitzuten. Langile asko gerran hil ziren, beste askok ihes egin zuten edo espetxeratu egin zituzten. Makineria, berriz, guztiz sakabanatuta zegoen. Enpresak Kart Rübel Wirt aditu alemanarengana jo zuen, zeinak Alfa josteko makinaren diseinuan eta fabrikazioan parte hartu zuen. Estarta y Ecenarro Olasora lekualdatu zen eta bertan josteko makinak egiteko pabiloi berriak eraiki zituzten. Makinen fabrikazioan, emakumezkoen lana ezinbestekoa izan zen, batez ere muntaketako eta akaberako prozesuetan. Bestalde, Estarta y Ecenarro enpresak ez zion utzi makina-erremintak egiteari. Lehenengo josteko makina Cima izenarekin merkaturatu zuten, baina denbora gutxira enpresak markaren izena aldatu behar izan zuen, Suitzako erlojugile batek “Cyma” patentea zuelako bere erlojuentzat. Enpresak kontinente guztietako 50 herrialde baino gehiagotara esportatu zituen Sigma josteko makinak. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka eskaera jaitsiz joan zen: egindako arroparen eskaintzak gora egin zuen eta etxekoandreek etxean josteari utzi zioten. Ondorioz, josteko makina gutxiago saltzen ziren eta, azkenik, 1995ean, Estarta y Ecenarro enpresa itxi egin zuten. Egun, museoak zazpi kabina industrial ditu, barruko nahiz kanpoko guneetan erabiltzeko egokituta eta alokairuan daudenak. Barruko solairuak ere alokatzen dituzte.