01 AVR. 2022 Aceredo Turismo berezia ur azpian Ourense ingurua modan dago turismo arloan: Aceredo herria azaleratu da berriro, 30 urte urpean eman ostean, eta horrek jende andana erakarri du. Bertan egon gara eta hau da bere historia eta bertakoen iritzia. Ehunka lagun gerturatu dira azkenaldion Aceredo herrira. Testua: Alessandro RUTA Argazkiak: A.R. /AFP/ Euorpa Press/ Urak liluragarri bihurtzen duten hamaika aurpegi ditu: zein bide hartzen duen azter daiteke; bizitza eta heriotza, biak eraman ditzake; ureztatuz bizitza sortzen da, baina uholdeak ere gertatzen dira. Lana ere eman dezake urak, eta leku batzuetan arreta handia sortzen du. Lehortea egonez gero, uraren patua desagertzea da. Eta orduan edozein gauza gerta daiteke: ur azpian guztiz ahaztua zegoena azaleratzea, esaterako. Zaborra izan liteke edo, Atlantida bezala, herri oso bat. Azken hilabeteotan hori gertatu da Galiziako Aceredo herritxoan eta bat-batean erakargarri turistiko bihurtu da. Lindosoko urtegia Espainiako Francisco Francoren eta Portugaleko Antonio Salazarren diktaduren arteko konpromisoaren emaitza da. Portugalek, orain dela 60 urte inguru, energia elektrikoaren behar larria zuen, eta, horren ondorioz, bi diktadoreok 1968an akordio bat zehaztu zuten. Horren fruitua Lindosoko urtegia izango zen, justu mugan: alde batetik, Portugalen, Lindoso herritxoa, eta, beste aldean, berriz, Lobios, Ourenseko probintzian. Urtegiaren %80 Estatu espainolean dago, baina uraren etekin gehienen onuradun lusitaniarrak dira gaur egun ere; Portokoak, batez ere. Urtegia eraikitzeko izugarrizko lana egin behar izan zen. Adibidez, bertan zeuden hainbat leku suntsitu behar izan ziren, uraren bidean zeudenak. Horietako bat izan zen Aceredo herrixka, orduan 150-160 biztanle zituena. 1992. urtera arte inguru oso lasaia izaten jarraitu zuen: eliza bat eta mahasti batzuk; oro har, nekazaritzara bideratutako lurraldea. Lur emankorra baina, aldi berean, toki estrategikoa zen. Zinema izan ezik, dena zegoen, bi dantza-areto eta guzti. Kontrabandistak ere bazeuden, muga ia bertan dago eta. Urtegia betetzeko proiektua Horrela jarraitu zuen Portugaleko Gobernua eta EDP (Energias de Portugal) iritsi ziren arte. Urtegia betetzeko proiektuan ez zegoen lekurik Aceredorentzat; ur azpian geldituko zen. Inork ez zituen ukitu nahi ez etxeak ez zelaiak, baina biztanleak handik kanporatu behar zituzten. Hogei milioi pezetako prezioa izan zuen herria husteak, sekulako dirutza; gaur egun, 120.000 euro izango lirateke. Garai hartan denak ez zeuden ados eta batzuek borrokari ekin zioten, amore eman aurretik. Euskal herritarrei gogora etorriko zaie urte eskas beranduago Itoitz aldean gertaturikoa. Gehienek, aldiz, beste aukerarik ez zutenez, dirua poltsikoratzea aukeratu zuten eta etxe berri bat eraiki zuten handik hurbil, apur bat gorago. Artxiboetan arakatuz gero, testigantza hunkigarriak topatuko ditugu: «Bat-batean egin zuten dena, abisatu barik. Berehala ilundu zen; itotako oiloak eta igeri egin nahi zuten katuak ikusten genituen uretan, han-hemenka. Gurutze Gorriak lagundu zuen jende nagusia etxetik ateratzen». Eliza ere berreraikiko zuten, Compostela izeneko herritxoan, handik gertu, eta kanposantuko hilkutxa guztiak mugitu behar izan zituzten. Dena den, gaur egungo Aceredok, Aceredo Novo izenez ezagunak, ez dauka zerikusirik aurrekoarekin. Etxe berriak zabal-zabalak dira, lorategiak eta igerilekuak dituzte, N-540 (Lugotik Portugalera) errepidearen mailakoak. Baina ia ez da inor bizi. Behealdean, benetako Aceredo ur azpian egon da 1992tik gaur arte. Azken urteotan, poliki-poliki, oso euri gutxi egitearen ondorioz, urtegia lehortzen joan da. Eta hor ustekabekoa: herritxoa berragertu egin da eta gero eta turista gehiago bertaratzen dira. Gasolina agortuta «2017an jada ur-maila nabarmen jaitsi zen; ez da berritasun bat», azaldu digu Aceredon bizi zen Josek, hotel baten eta bi gasolindegiren jabeak. «Pentsa, orain dela bost urte bertara joan nintzen, nire etxea zena berriz ikusteko asmoz. Ia berdin-berdin zegoen». Josek eta Fina emazteak ez dute etxe berririk eraiki Aceredo Novon, baina gertu gelditu dira bizitzen. Bien gurasoek dirua jaso zuten herritik alde egin zezaten: «Aukera oso tentagarria zen: 20 milioi pezeta ez da gutxi gaur egun ere. Pentsa garai hartan! Batzuk triste zeuden, noski, baina espekulazioa ere izan zen. Izan ere, nahikoa zen Aceredon erroldatzea dirua poltsikoratzeko. Zenbaitzuek, urtegiaren berri jakin orduko, epe laburrean lau horma altxatu zituzten herrian. Aceredoko etxe batek, asko jota, 500.000 pezeta balio zuen», aitortu dute. Turista uholdea Azken hilabeteetan, Portugaletik eta Estatu espainoletik uholdea iritsi da berriz, bisitari uholdea. Guardia Zibilak zenbait pertsona kanporatu behar izan ditu, errepidea blokeatuta baitzegoen. Han gertu dauden bi gasolindegietan erregaia bukatu zen larunbat batean. Portugalen askoz garestiagoa da eta ehunka turista bertaratu ziren, aukera aprobetxatzeko. «Gure herria aspergarria da, ez da ezer gertatzen -aipatu digu beste emakume batek-. Pandemia hasi eta gero, Galiziako Gobernuak agindu zigun gure arteko distantzia mantentzeko, birusa zabaldu ez zedin. Baina hori, dagoeneko, oso normala da hemen, oso jende gutxi bizi garelako». Goizeko bederatzietan ez dago inor N-540 errepidean. Leku turistiko berezia den arren, ez dago kartelik, ez dago seinalerik, eta, gainera, Google Maps-ek ez digu asko lagundu, Aceredo Novora eraman baikaitu. Errepidetik eskuinera hartu dugu: bihurgune pare bat eta gure parean zubi luze bat, Naua ibaiaren gainean. Zeharkatu eta gero, apur bat galduta egon gara, bueltaka. Atzera itzuli eta berriro zubia zeharkatu dugu. Orain bai, ezkerraldean, behean, bonbardatuta dagoela dirudien herritxo bat dago. Ez gara konturatu “P” handi bat zegoenik, beharbada aparkaleku bat, erabat testuingurutik kanpo dagoen txalet baten ondoan. Txakur bat zaunkaka hasi zaigu. Txaletak laranjondo eta mandarinondoak ditu, loratzen. Aparkalekuaren azpian, aldapa bat jaitsi behar da. Lurraren koloreak aldatu dira, nabarmen ilunagoak. Zalantzarik gabe, uraren markak dira. Ezkerrean, muinotxo baten gainean, jada hiru auto daude: bi matrikula Portugalekoak dira, horiak. «Nik uste dut arrazoi beragatik gaudela hemen», azaldu du latinoamerikar itxurako gizon batek. Argazkilaria omen da. «Txilekoa naiz, baina Lisboan bizi naiz -aurkeztu du bere burua-. Behin Txileko Santiagon antzeko lan bat egin nuen, han herri abandonatu asko zeuden eta. Baina ez dute honekin zerikusirik». Muinotik, urrunean, 4-5 pertsona ikusi ditugu, pasieran. Gure parean Aceredo dago, isil-isilik. Erreka lehor-lehor dago: normalean ur-maila zubiraino iristen zen, baina gaur goizean putzu bat besterik ez da gelditzen. Iturriaren soinua entzun dugu. Harrigarria da oraindik ere ura ateratzea. Hori ere ur azpian zegoen. Zaborra nonahi Iturriaren urak bideratu gaitu. Argazki zaharrei esker asma dezakegu nolakoa zen herria 1992an: etxeak -batzuek ez dute teilaturik-, mahastiak, dantza-aretoak, auto zuri bat (bertan zegoen edo errekak ekarri du? Auskalo!). Eta, batez ere, zaborra, zaborra nonahi: botilak, panpinak eta musukoak. Selfiak egiten ari den familia batekin topo egiten dugu: aita, ama eta alaba. «Vem pra cà», esan du gizonak («Etorri hona», portugesez). Jaitsiera arriskutsua izan da. Urak lurra mugitu du gure azpian, erdi lokatz erdi hondar bizi bilakatuz. Buelta osoa egiteko ordubete behar izan dugu, dena apur bat labirintikoa da eta. Koloreak deigarriak dira, gris bustiak: hormetan ehunka pertsonen idatzitako hitzak daude; batez ere, portugesezkoak. Autora itzuli gara 10.30ean, eta aparkalekua bete-beteta dago ordurako. «Zein da herrira iristeko bidea?», galdetu digu beste bisitari batek gaztelaniaz, autoa utzi ondoren. «Jarraitu hemendik eta kontuz ibili aldapan», aholkatu diogu. Zer nolako turismoa da hau? Zeren bila? Ponpeia berri bat, akaso? Ourenseko bidean errepidea ere autoz beteta dago, nahiz eta tabernarik ez egon, hurbilena Portugaleko mugan dago eta. Eguna eguzkitsua da; izotz-saltzaile baten furgoneta ere agertu da. «Berriro euria iristen bada, agur turistei, agur denari», esan digu Josek agurtu aurretik. Behealdean, benetako Aceredo ur azpian egon da 1992tik gaur arte. Azken urteotan, poliki-poliki, oso euri gutxi egitearen ondorioz, urtegia lehortzen joan da. Eta hor ustekabekoa: herritxoa berragertu egin da eta turista gehiago bertaratzen dira