06 MAI 2022 Cuscotik Titicacara Altiplanoan, mugarik gabe berriz ere Mugak zabalduz doaz astiro-astiro mundu zabalean, luzaroan oso arruntak eta azken urte biotan ezinezkoak izan diren txangoak eta bidaiak ahalbidetuz berriz ere. Peru eta Boliviaren artean banatutako Altiplanoko txango historikoa, esaterako, berriz ere eskueran dago, Machu Picchu, Cusco zein Titicaca izen magikoak lotzen dituen lerroari bide eginez. Titicacako irudia. (Urtzi Urrutikoetxea) Urtzi URRUTIKOETXEA (Argazkiak: U.U. eta Getty) Kitxua eta aimara herrien bihotzean aspaldi ibili dira bidaiariak, eta berriz ere bueltan dira. Ezinbestean, inka inperio zaharraren hiriburu izandako Cusco da txangorako abiapuntu horietako gehienentzat. Lehen zatian, Machu Picchuraino joan eta berriz itzuli, zenbaitzuek egun bakarrean ere egiten dutena, nahiz eta, aukeran, patxadaz hartu eta bi guneez gain bideko altxorretan gelditu eta horiek guztiak ezagutzeko beta hartzeak ere merezi duen. Beste horrenbeste bigarren zatian, Titicaca aintziraraino eta Boliviako muga igarota. Egin behar ez den eta gehienok egiten dugun eran iritsi gara Cuscora: Lima hiriburutik hegazkinez. Itsasertzean egotetik 3.400 metrora ordubete pasatxoan igarotzeak berehala astintzen du gorputza, gehiago ala gutxiago. Erritmoa jaitsi, arnasa sakon hartu eta patxadazko ibilaldia egin dugu inka inperioaren hiriburuan. Altuera Koka-orriak eta karameluak eta beste dozena bat infusio eta aukera posible daude, baina altuera galtzea da ziur aski soroche-ari aurre egiteko erarik onena. Horixe bera da Machu Picchura joateak dakarrena: beti irudi menditsua ikusi ohi badugu ere, goi-lautada baino beherago dago gunea, oihanak eta basoak ere agertzen diren eremuan. Hainbat egunetako oinezko ibilaldia hartu ezean, trena da bertaratzeko modurik erraz, bizkor eta garestiena. Aguas Calientes herrirainoko bideak paisaia-aldaketa horien guztien lekuko izatea ahalbidetzen digu: Cuscoko aldiriak eta gune urbano pobretuak, mendi-magaletan bizkor eraikitako milaka etxerekin hasiera batean. Gero, goi-lautada bere zabal eta handitasunean ageri da, altuera galdu artean; halako batean, haran eta arroilen artean doa burdinbidea, inguruan Andeetako tontor elurtuak miresten ditugula. Aguas Calientesen, Urubamba ibaiaren haran estuan, ez da falta zereginik: jan, bidaiariekin topatu, erosketak egin, lekuari izena ematen dion terma-urez gozatu… baina denak etorri dira funtsean leku berbera bisitatzera. Ordu eta erdi dago oinez Machu Picchura, autobusez ere egin daiteke bidea; zorionez, eguneko bisitari kopurua mugatuta dago -aurretiaz hartu behar sarrerak- eta horrek, turistaz betetako lekua izanda ere, nolabaiteko soseguz bisitatzeko aukera ematen du hain leku magikoa. Testimonio ofizialen arabera, 1911n “aurkitu” zuen inken hiri zaharra Hiram Bingham arkeologoak, mendeetan abandonatuta egon ostean… egiaz, ia hamarkada bat lehenago bertan izan zen Agustin Lizarra euskal jatorriko lur jabea, eta izena ere jarri zuen Hiru Leihoen Horman. Edozelan ere, Binghamen argazkiek famatu zuten lekua. Bai, noski, mila aldiz ikusi dugu, ez zaigu inori agertuko lehen aldiz, baina lilura oso berezia sortzen da Machu Picchu, urratsez urrats, begien aurrean jartzean. Perspektiba ere aldatu egiten da txoko bakoitzetik, Urubambaren arroilen meandroei edo zuzenean basoei erreparatzean; harrietako xehetasunei edo turistez ezaxola bazkan diren bikuina ederrei begira gertatzen den legez. Orduak aurrera, autobus gehiago datoz baina gehiago dira doazenak; azkenek bestelako patxada batez gozatzeko beta dute, eta merezi du patxada horrek behin honaino helduta. Haran Sakratuan Pentsa liteke bi aukera baino ez daudela Machu Picchu bisitatu ondotik: Aguas Calientesen bertan geratu edo berriz ere trena hartu Cuscora. Gure kasuan, tenpluaren magaleko herria bisitatu ondotik, atzera ere trena hartu dugu, baina Ollantaytambon geratu gara. Hala, Cuscora itzultzeko bidean patxada hartu dugu, eskualdeko altxorrak lasaiago ezagutzeko. Ollantaytambo bera da lehen altxorra, egunsentian eguzkia irten eta haranean sartu artean ematen duen denboran. Valle Sagrado edo Haran Sekretuak, beste mila txoko bikain ditu. Orain bai, Aguas Calientesen 2.000 metroraino beherantz egin ostean, astiro-astiro egiten den igoerak hobeto egokitzea ahalbidetzen du, berriz ere Cuscoko 3.399 metroetara iritsi aurretik, Pisac-eko terrazetan gora. Pachacutic enperadore inkak eraikitako eta ehun urte baino gutxiagora Pizarrok gidatutako espainiarrek txikitutako zitadela dago goian, haran guztiaren ikuspegi izugarria eskainiz. Cuscorako azken tartea egin aurretik, Pisac-eko azoka bisitatzeko tarte bat hartzeak ere merezi du. Gero, bidea gorantz doa etengabe, Saqsayhuaman gotorlekuan inken hiriburua bere handitasunean ageri zaigun arte. Hala, Cuscon sartu baino lehen berriz ere perspektiba bihurritzen zaigu: Arma Plaza, Jesuiten Eliza edo San Pedro azokako teilatua bereizten ditugu, baina haran guztian hedatzen da hiria kilometro askotan. Garaierara egokituta, txangoaren bigarren zatiak Titicaca aintziraraino garamatza. Autobusak egun osoa ematen du bidean (badira bidaia gauez egiten dutenak, baina asko da galtzen dutena), eta merezi du Punora bidean geldialdiak egitea ere, Wiracocharen tenplua edo Pukara konplexu arkeologikoa ezagutzeko, esaterako, edo La Rayan (4.335 metro), Andetako tontor elurtuak behatzeko. Aintziraren sekretuak Titicaca aintzira bera Hego Amerikako laku handiena izateaz gain, munduko ur nabigagarririk garaiena ere bada. Hala ere, lakua hain berezi egiten dutenak bertako uharteetan bizi diren pertsonak, herriak eta kulturak dira. Kitxua eta aimarekin batera, ezin uro edo uru herria ahaztu, eta Titicacan belaunaldiz belaunaldi kanaberez eraikitako uro uharteak. Aintzirara egindako bisita ohikoenetakoa da, gehiegi ere bai: asko dira doi-doi ordubeteko bisitaz kexu agertu izan direnak, nolabaiteko giza zooen antzera antolatuta dagoela salatuta. Eztabaida etiko zailak dira beti turismoak dakartzanak. Denbora izanda, uro herria Boliviako aldean, Desaguadero ibaiaren inguruan ezagutu liteke patxada handiagoz, bazterrotako ikuspegi turistiko bizkorretik apartean; hizkuntzari eutsi dion komunitate bakarra da. Edozelan ere, Taquile uharteko ehungintza eta herri dantza tradizionalak ere paregabeak dira. Halaxe garamatza bideak berriz ere irekita dagoen mugaren beste aldera, Copacabana atsegineraino. Isla de la Luna eta Isla del Sol, Eguzkiaren eta Ilargiaren uharteak bisitatzeko abiapuntua izateaz gain, hirian bertan, aintzira ertzetik muinoraino, erraz asko joan litezke orduak eta egunak. Koati edo kitxuaz, Killawat´a izena ere hartzen du Isla de la Luna uharteak; aldamenekoa baino nabarmen txikiagoa da eta nekazari eta arrantzale familia gutxi batzuk baino ez dira bertan bizi gaur, baina udaberriko lehen egunean, esaterako, inguruetako familiak bildu ohi dira jantzi dotorez ospakizunera. Iñac Uyo tenplua (Eguzkiaren Birjinen Jauregia) uhartean eraiki zuten inka inperioaren garaian, eta anfiteatro itxura du. Kondairaren arabera, Wiracochak hemen agindu zuen ilargia irtetea. Egiaz, aintzirako uretan txoko txiki honetaraino nabigatzea bera da lehen abentura. Eguzkiaren uharterantz abiatzean, ekialdean harro jaikitzen diren Andeetako gailur elurtuek harrapatzen digute begirada. Urrunduz goaz, ia lau mila metroko altueran gu, sei milatik gora tontorrak, uhartera iristerako. Titicaca aintzirako uharterik handiena da, oso malkartsua eta bertako aimara eta kitxuek eraikitako terrazatan dago antolatuta. Santutegia izan zen inka inperioaren garaian, eta, irlaren izenak iradokitzen duenez, Inti edo Eguzki jainkoari eskainitako tenplua zegoen bertan. Yumaniko eskailerak ditugu iritsi eta berehala, irlako gunerik garaieneraino igotzeko; egokitzapena eginda ere, altuera eta nekea erraz nabari dira ariketa txikiena egindakoan. Inka inperioaren sorreraren mitoa ere hemen kokatzen da, Manco Capac-en bidez: Inti/Eguzki jainkosaren semea da Manco Capac, eta irlaren iparraldean sortu zen; gero, Cusco fundatuko zuen. Uharte zirraragarria da eta, jende gehienak ez bezala, egun-pasa etorri ordez gaua ere bertan emanez gero, sekulako ilunabarraz gozatzeko aukera dago, biharamunean La Paz hiribururantz abiatu aurretik bidaiari amaiera ezin hobea emateko. Sí, claro, lo hemos visto mil veces, no se nos presentará a nadie por primera vez, pero se genera una fascinación muy especial al poner a Machu Picchu, paso a paso, ante los ojos. La perspectiva también cambia desde cada rincón