03 JUIN 2022 Munduari begirada Bach Long: Munduko kristalezko egiturarik luzeena duen zubi eseki berria Vietnamek atrakzio turistiko berria inauguratu berri du: kristalezko zorua duen zubi luze bat, oihanez estalitako haitzarte ikusgarri batetik 150 metrora esekita dagoena. Bach Long du izena eta Moc Chau barrutian dago, Son La probintzian. Zubiak 632 metroko luzera du. Une batean amaierarik ez duela dirudi. Hala diote, behintzat, zubia zeharkatzera ausartu diren gehienek. Hori bai, denek sentitu omen dute hutsunean zintzilik egotearen sentsazio arraro bezain atsegina. Bertigoaren alde erakargarria, nonbait. Batzuek Bach Long alderik alde zeharkatzea lortzen dute, baina beste batzuek, aldiz, abenturaren erdi-erdian daudenean, abiapuntura itzultzea erabakitzen dute. Alabaina, abentura arrakastaz gainditzen dutenek gainerakoak animatzen dituzte beldurra uxatu eta aurrera jarraitzera. «Behera begiratzea ikaragarria da hasieran, baina konfiantzaz egin behar da aurrera, eta orduan, bai, orduan bikaina da. Merezi du». Bach Long (herensuge zuria) Son La probintzian dago, lurraldearen ipar-mendebaldean. Mendiaren alde batetik bihurka doa gorantz, bailara ikusgarriaren gainean alderik alde zintzilikatu arte, naturari desafio egin nahi balio bezala. Zubiaren oinarriak -beira epelez Frantzian egindakoa- 450 pertsona har ditzake aldi berean. Eta dagoeneko hautsi ditu orain arteko markak: munduko kristalezko egiturarik luzeena du, Txinako Guangdongeko zubi esekiak 526 metro baititu. Nhac Nguyen (AFP)