bidaiari - bidaia aldizkaria

Sigmund Freud Promenade: Neolitikotik ibiltari

Hego Tirol (Italia) bete-betean, Oberbozen eta Klobenstein-en artean (italieraz Soprabolzano eta Collalbo), hedatzen da Sigmund Freud Promenade izeneko pasealekua. Konifero basoen eta arreen artean doa bidea eta zerumugan marraztutako Dolomiten harrizko orratz ikusgarriaz gozatzeko aukera ematen du.

Sigmund Freud Promenade-ren hasiera Oberbozen inguruan. Juanma COSTOYA

Tiroldar eraikin tradizionaletatik hasi eta art déco eta austriar barrokoraino doazen tipula-kupuladun elizak eta estilo-nahasketa batean eraikitako jauregiak biltzen ditu Sigmund Freud Promenade ibilbidea igarotzen den paisaia alpetar gizatiartuak. Bere dizipulu izandako Carl Gustav Jung-en aholkuei jarraituz iritsi zen bertara psikoanalisiaren aita. 1911ko otsaileko gutun batean, Vienan zeraman jarduera frenetikoagatik gainezka eginda, aholkua eskatu zion Freudek; atseden hartzeko eta bakarrik egoteko baso bat gertu zuen ingurune bat behar zuen. Hilabete batzuk geroago, berriro idatzi zion; oraingoan, aldiz, bihotzez eta argiki eskerrak ematen zizkion emandako gomendioagatik. «Renon zoragarriki eder eta atsegina da», izan zen Freuden epaia.

Sigmund Freuden argazki historikoa tamaina naturalean bere alabetako batekin batera, Sigmund Freud Promenade-n, Klobenstein-etik gertu.

Stella Renonerako bidean meta. Sigmund Freud Promenade.

Psikoanalistak lehen bisita 1911ko apirilean egin zuen eta astebete eman zuen bertan. Egun horietan, Bolzanotik Renoneko goi-ordokiraino joateko (bertatik igarotzen da gaur egun Freuden omenezko ibilbidea) denbora izan zuen, eta paisaiaren lasaitasun eta edertasunak liluratuta utzi zuten. Hainbeste gustatu zitzaion tokia, ezen urte hartan bertan Alemania hegoaldeko Karlsbadeko bainuetxe-estazio elitista utzi eta familiarekin batera Klobensteinera joan baitzen bizitzera. Zilarrezko ezteiak ospatu zituen han eta inguruetan egindako pasealdiak lan-errutinarekin tartekatzen hasi zen.

Guganaino iritsi dira bi jarduera horien adibideak. Bere lanarekin zerikusia zutenen artean, adierazgarriena “Totem eta tabu” obra izan zen. Klobensteingo Bemelmans Post hoteleko aretoetan hasi zuen hura. Eta ibilaldiak egiteko zuen zaletasunetik Freud Promenade izeneko ibilbidea geratu zaigu, 2006ko martxoaren 6an inauguratu zutena, haren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen zenean. Ibilbidea ordu eta erdian egiten da eta sei kilometro eskas ditu. Diseinu biziki erakargarria duten zurezko 13 eserlekuk zedarritzen dute bidea, Dolomitetara begira denak. Bizkarralde guztien izkina batean, metalezko plaketan, haren obrako aforismoak agertzen dira.

Sigmund Freud Promenade-ren lehen bankua. Pasealekuko 13 bankuetako bakoitzak Vienako psikiatraren irudi eta aforismo bat irudikatzen du.

Gailurrerantz

Freud Promenade, berez, Bolzano (107.000 biztanle) eta Rittner Horn mendia (2.260 m) lotzen dituen ibilbide zabalago baten barnean kokatzen da. Hego Tiroleko hiriburuaren eta tontorraren artean dagoen bi mila metroko desnibela mendi ibilbide ezaguna da, asteburuetan jendez gainezka egoten dena.

Normalean, mendizale gehienek Bolzanotik ateratzen den funikularrari esker gainditzen dute lehen mila metroko desnibela. Minutu gutxian igotzen ditu Oberbozenera, 1.220 metrora, terrazetan landatutako mahastiak eta, beheraxeago, sagarrondoak atzean utzita. Oberbozenen gainetik ez dago mahastirik. Hemen, mahastien ordez, astigarrak, altzifreak, haginak, pinuak eta lizarrak eta mendiko larre eta baserriak tartekatzen dituzten belardi eta basoak daude. Bidearen eskuinaldean geratzen da Klobenstein/Collalbo herria, Freud Promenaderen hasiera eta helmuga, eta azkar hartzen du altuera lurrak, Pemmerneko aterpetxerantz (1.538 m). Goi-mendiko paisaia hasten da hemen, izeiz zipriztindutako hegal belartsu eta harritsuekin.

Santa Magdalena herria, terrazadun mahastiekin. Atzealdean, Dolomitak.

Handik hurbil dagoen Gissmann/Madonnina herrixkan (1.577 m) amaitzen den mendiko errepide batetik ere irits daiteke aterpetxera. Hemen kokatzen da gailurrerantz abiatzeko azken laguntza mekanikoa. Teleaulkiaren kabinek mendi-hegal aldapatsuak gainditzen dituzte, jatetxe-taberna bat duen ordoki txiki batera iritsi arte. Eski-denboraldian, Corno del Renon eski-estazioaren mugak markatzen ditu. Oso gutxi dira honaino zangoen laguntzaz soilik iristen direnak.

Tirolgo jatetxeak. Klobenstein.

Gehienek aterpetxeko aparkaleku zabalean laga dute autoa, teleaulkira igo aurretik. Abantaila mekanikoak probestuz, ibilbidea oinez egin dutenak ere ez dira falta, guztira hiru bat orduko txangoa eginez. Goi-lautadaren gainean bi aukera daude gailurrera iristeko. Lehenengoa ia zuzen doana da, bide zorrotz batetik, Rittner Horn mendiaren gailurreraino doan azken berrehun metroko desnibela gainditzen duena.

Beste aukera, oso ezaguna dena bestetik, mendiaren hegala inguratzen duena da, tontorrerako bidean jarri aurretik. Eguna oskarbi badago, eskaintzen dituen ikuspegiak zoragarriak dira. Ilunabarrean eguzkiak arrosaz tindatzen ditu Dolomitetako pareta bertikalak eta gailurrik garaienak: 2.414 metroko Santnerspitze eta 2.564 metroko Schlern. Urrutixeago, Marmolada (3.342 m) eta Langkofel (3.181 m) ikus daitezke ere.

Nero Lakua gailurra eta Dolomiten ikuspegi panoramikoa, Marmolada (3.342 m) zerumugan delarik.

Izotzetako gizona

Rittner Horn mendiaren gailurrean (2.260 m) jatetxe ospetsu bat dago, jaiegunetan eta eski-denboraldian zehar irekita dagoena. Egunak laguntzen badu, jende ugari biltzen da kanpoaldean, arropa egokiak jantzita eta begiak eguzkitako betaurrekoez babestuta, eta indarrak hartzen ditu garagardotegi-menuko txerriki-ukondoz, saltxitxaz, choucroutez eta patata-purez bapo jarrita.

Mendiko aterpea eta Rittner Horn mendiaren tontorra (2.260 m).

Eski-denboraldi betean Rittner Horn mendiaren tontorreraino, Dolomitetako balkoi ikaragarriraino, heltzen diren mendizale eta eskiatzaile talde handiek -aurretik Freud Promenadetik pasatuz betiere-, Tirolen ohikoa den eta K.a. 3255. urtetik gaurdaino dokumentatu daitekeen ibilaldi tradizio luzeari jarraitzen diote. Italiako Tirol aldean, 1991ko irailean, mendizale bikote batek Europako momiarik zaharrena izan zenaren arrastoak aurkitu zituen. Ötzi, “Izotzetako gizona”, izena jarri zioten, Ötz haran alpetarrari erreferentzia eginez. Han aurkitu baitzuten 3.200 metroko altueran.

Ötzi "Izotzetako gizona"ren manikia. Bozen/Bolzanoko Museoa.

Austriako Innsbruck Unibertsitateak -Ipar Tiroleko hiriburua da Innsbruck- izan zuen zazpi urtez haren azterketaren ardura. Beste bi pertsonarekin izandako liskar baten ondorioz hil zela frogatu zuten zientzialariek. Halaber, ikerketaren arabera, 46 urte zituen, 1,60 metroko altuera eta 50 kilo pisua. Laktosarekiko intolerantzia zuen, begi marroiak eta O positibo odol-taldea. Artritisa, txantxarra, hesteetako parasitoak eta Lyme gaixotasuna (kaparrek kutsatua) zituen. Bera baino handiagoa zen arkua zeraman, eta dozena erdi gezi, sukaldeko aizto bat, aizkora bat eta sua pizteko igeltsu bat.

Horretaz gain, jantzietan agerturiko polen eta hauts partikulen analisiak eta hortzen esmaltearen osaketak egiaztatu zuten gaur egungo Bolzanotik gertu dagoen herrixka batetik zetorrela eta bere ohiko bizilekua herritik 150 kilometro iparraldera zegoela. Ötzi zazpi urtez Tirolgo alde austriarrean ikertu ostean eta milaka urte lehenago jaio zen lurraldera itzuli zutenean, Bolzano Neolitoko herrixka izatetik Hego Tiroleko hiriburua izatera pasatu zen.

Bozen/Bolzano-ko kaleko giro ezin hobea.

Bozen/Bolzano-ko Goethe Strasse-n azoka.

GIDA PRAKTIKOA

Nola joan

Aukerarik merkeena Veneziara/Milanera prezio txikiko hegaldi batekin bidaiatzea da. Eta, handik, trenez erraz iritsi daiteke Bolzanoraino. Beste aukera bat, garestiagoa dena, Innsbruckera (Austria) hegan egitea eta Alpeak trenez zeharkatzea da.

Noiz joan

Eskiak markatzen du Rittner Horneko goi denboraldia. Udazkenaren hasiera eta udaberri aren azken egunak dira ibiltzeko urtarorik onenak.

Ostatua

Bolzanok eskaintza zabala du: aterpetxeak -gaueko 90 euroan, sasoiz kanpo- eta luxuzko hotelak.