06 JAN. 2023 Entrevue Catherine Domain Bidaia literaturaren aitzindaria «Pentsatzen nuen: mundua hain desberdina bada, dena ikusi behar dut» (Oihan Blasco) Roge BLASCOOihan BLASCO&softReturn;eta Catherine DOMAIN Urteen poderioz, erritual bihurtu da Hendaiako kasino zaharrean Ulysse liburu denda bisitatzea. Atsegina da Catherine Domaini besarkada bat ematea, instituzio bat baita liburu saltzailea, mundu osoan aitzindaria izan baita bidaia literaturan eta kartografian espezializatutako liburu denda bat irekitzen. Munduari bi bira eman ondoren, 1971n, Parisko Saint Louis uhartean, bidaia liburuei eta herrialde ezberdinei eskainitako denda zabaldu zuen. 2007an, udak Hendaian igarotzea erabaki zuen, bere liburuen ondoan, eta lokal bikaina ireki zuen hondartza aurreko estilo morisko eta orientalistako 1884ko kasinoan, olatuei eta han irristatzen diren surflariei so. Catherine Domain 1941eko apirilaren 23an jaio zen Mascaran (Aljeria). Gazte-gaztetatik hainbat herrialdetako ikastetxeetan egondakoa da: 10 urterekin Ingalaterran bizi izan zen, 18 urterekin Kalifornian, eta gero Genevara joan zen hizkuntzak ikastera. Harrezkero etengabe bidaiatzen ibili da. Munduari bira bi eman zizkion, uda batzuetan Pazifiko uharteetan nabigatu zuen haurtzarora itzuli zen arte, Hendaian uda pasatzera, non bere bi ahizpa bizi diren. Bere bidaiei eta Ulysse liburu dendaren sorrerari buruz galdetu diogu. Zergatik Ulysse liburu dendak, Parisen egoitza izateaz gain, Hendaian ere irekitzen ditu ateak udako denboraldian? Familia kontu bat da. Aitaren aldeko aitona-amonek Espainian lan egiten zuten eta urtero Hendaia igaro behar zuten. Behin, autoa matxuratu zitzaien. Garai hartan, XX. mendearen hasieran, tailerreko lan horiek egun asko irauten zuten, eskuz egin behar ziren piezak edo pazientziaz itxaron behar zen bidali arte. Aitona hemen agertu zen, kasinoan (orduan joko areto bat zen, orain Ulysse liburu denda). Jolastera etorri zen eta den-dena galdu zuen gizon baten ondoan eseri zen. Hendaiako hondartzaren parean zegoen etxea saldu behar izan zuen gizonak eta aitonak erosi egin zion. Une horretatik aurrera familia osoa oporretan etortzen hasi zen udan. Haurra nintzenetik egiten nuen, eta hiru hilabete ematen nituen hemen. Gero ez hainbeste, 15 urte nituenetik munduko hainbat lekutara bidaiatu baitut. Ingalaterrara joan zinen ikastera, eta gero Kaliforniara. Hura izan zen zure gaztaroko bizitza nomadaren aitzinsolasa? Hamar urterekin bidali ninduten gurasoek Ingalaterrara eta horrek independentzia eman zidan. Zoragarria izan zen, ingelesa musika iruditzen zitzaidan. Gero, 16 urterekin, beka bat eman zidaten Estrasburgoko nire eskolan, Kalifornian urtebete igarotzeko. Bikaina izan zen, 1959an Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldearen zati hau teenagerentzat egindako mundua zelako. Erregina bat bezala bizi nintzen, eta pentsatzen nuen: mundua hain desberdina bada, dena ikusi behar dut. Frantziara itzuli eta aitak galdetu zidan: “Zer egin nahi duzu etorkizunean?”. Argi nuen: "Hizkuntzak ikasi nahi ditut". Genevara joan nintzen ikastera eta handik bidaiak egiten hasi nintzen. Lehena Istanbulera izan zen, ia inor Turkiara joaten ez zen garaian. Gero, Ipar Afrikara, erromes bat bezala, Mascaran (Aljeria) jaio nintzelako. Oso mediterraneoa sentitzen naiz, nire familian begi beltzak dituen bakarra bainaiz (gainerakoek urdinak dituzte). Aljeriako herentzia da. Ondoren, bidaia luzeagoak egin nituen: Hego Amerikara urtebeterako, eta handik Afrikara. Kontinente osoa igo nuen oinez, garraio publikoa eta noizbait autostopa erabiliz. Behin auto batek hartu ninduen Rhodesian (egungo Zimbabwe), lehoiek gauez ura edatera doazenean erabiltzen duten bidean nengoelako, eta nik ez nekien. Gero lagun batekin joan nintzen autoz Nepalera negua pasatzera. Hamarkada batez mugitu nintzen, dotea agortu zitzaidan arte. Bai, zure aitak ezkonsariaren dirua aurreratu zizulako. Ezkondu beharrean, bidaian inbertitu zenuen? Voilà! Aitak dotea eman zidan esanez: “Ez ukitu!”. Eta nik pixkanaka-pixkanaka jan nuen. Nola erabaki zenuen gelditzea eta bidaia liburuen denda bat irekitzea? Munduan zehar nenbilela konturatu nintzen jende zahar samarra zebilela bidaiatzen, hemendik hara, eta neure burua ez nuen autostop egiten ikusten ile urdindua nuelarik. Frantzian integratu behar nuen, horretarako herrialderik errazena baitzen, eta herrialdeak ezagutzeko nuen beharrari jarraipena emango zion lanbide bat bilatu. Baina, orduan, maitasun min bat sendatzeko beste bira bat eman behar izan nion munduari. Urtebete joan nintzen eta, itzuli nintzenean, ondorioztatu nuen bakarrik egon nahi nuela biltegi batean, patroirik eta enplegaturik gabe. Zer izan nintekeen? Aitona bezala, liburu saltzailea. Aitari gutun bat idatzi nion Sri Lankatik, bidaia literaturako liburu denda bat izan nahi nuela esanez (orduan oraindik existitzen ez zen zerbait) eta ea lagundu ahal zidan galdektuz. Baietz erantzun zidan. Beraz, Parisera itzuli eta berehala proiektua garatzen hasi nintzen: Saint Louis uhartean neukan apartamentu bat berreskuratu eta nire etorkizuna antolatzen hasi nintzen. Zer da zuretzat bidaia literaturako liburu denda baten arduraduna izatea? Bidaiatu gabe bidaiatzen jarraitzeko aukera izan zen eta da, iristen diren bezeroak bidaiatzen duzun bitartean topatzen duzun jendea bezalakoa baita: haiekin adiskidetu zaitezke, informazioa trukatu… eta haiei bidaia liburuak eskaintzen dizkiet. Hasieran, sarritan ematen nizkien aholkuak, batez ere bakarrik bidaiatzeko beldur zirenei, eta nik esperientzia handia nuen horretan. Horregatik izan dira zoragarriak Ulysseren lehen 20 urteak! Egunero egiten zituen topaketak, liburu berriak deskubritzen zituen, eta gaur egun ere hala jarraitu du. Bidaiarako zaletasunarekin jarraitu zenuen? Liburu saltzailea nintzen, baina ez nion bidaiatzeari utzi, nahiz eta beste era batera egiten hasi. Urtebeteko bidaietan kontinenteak zeharkatzeari utzi nion, adibidez; hala, hilabete bateko oporraldian joaten hasi nintzen leku jakin batera, hura aztertu eta bertan sakontzeko asmoz. 1973an Somalian edo Cabo Verdeko uharteetan egon nintzen. Adiskidetu egin nintzen itsasontzi baten jabea zen nabigatzaile batekin, eta Pazifikoko irletan ibili ginen uda guztietan, harik eta, 2007an, Hendaiara bueltatzea erabaki nuen arte. Bi ahizpa bizi dira hemen, eta niretzat leku guziz familiarra da. Nola instalatu zenuen Ulysse liburu denda kasino zaharrean? Lokala libre zegoela adierazten zuen kartel bat paratu zuen bertako higiezinen agentzia batek, eta sartu bezain laster banekien niretzat eginda zegoela hemen gauden toki hau. Ziur argi zeneukala, leku hau oso karismatikoa baita. Atzealdean, hondartzara ematen duen balkoi bat dauka, itsasora eta surflariengana begira. Leku egokia da bidaiarientzat, leku exotikoetara bultzatzen ditu irakurleak? Bai, bai, zoragarria da. Bi surf kluben artean nago, jende gaztez eta kirolariz inguraturik. Oso atseginak dira, egia esan. Oso pozik nago hemen, eta indarrak lagun ditudan bitartean Ulysse liburu dendarekin aurrera jarraituko dut. «Maitasun min bat sendatzeko beste bira bat eman behar izan nion munduari. Urtebete joan nintzen eta, itzuli nintzenean, ondorioztatu nuen bakarrik egon nahi nuela biltegi batean» «Genevara joan nintzen ikastera eta handik bidaiak egiten hasi nintzen. Lehena Istanbulera izan zen, ia inor Turkiara joaten ez zen garaian. Gero, Ipar Afrikara, Hego Amerikara... »