bidaiari - bidaia aldizkaria
Egin planak

Maskaradak martxan dira, orain hasi eta udaberrira arte


Urtarrilak 15-apirilak 30

Urtarrilaren erdian hasi ziren maskaradak Maule-Lextarreko plazan, eta udaberrira arte luzatuko dira. Pandemiaren gogorrena pasata, Barkoxeko gazteek hartu zuten, 2021ean, maskaradak aurrera ateratzeko ardura. Ondoren, iaz, Atharratze eta Alozeko gazteak aritu ziren. Zuberoako hiriburuko gazteen txanda da orain. Ondorioz, aurtengo maskaraden denboraldia bertan hasi eta bertan amaituko da.

Maulez gain, urtarrileko Atharratzeko eta Pagolako saioak igarota, otsailean, ikuskizunek larunbatak eta igandeak tartekatuko dituzte. 5ean Mendikotan izango da, 11n Gameren, 19an Ürrüstoin eta, azkenik, 25ean Altzürükün. Printzipioz, maskarada guztietan hasierako ordua 15.30 izango da.

Martxoan lehen hamabostaldian larunbatak eta bigarrenean igandeak hartuko dituzte maskaradek. Lehen bi larunbatetan Muskildi eta Idauze-Mendi eta hilabeteko azken bi igandeetan Zalgize eta Urdiñarberen txanda izanen da.

Bukatzeko, apirilean igande guztietan izanen dira ikuskizunak, ondoko hurrenkeran: Larraine, Barkoxe, Sohüta eta, esan bezala, bukatzeko sorlekura itzuliko dira, Mauleko gaineko errebotera, hain zuzen ere.

Aurten, guztira, 13 udalerritan eskainiko da ikuskizuna. 25 herri apuntatu ziren hasiera batean, eta zozketa bidez hautatu behar izan dituzte aurtengo maskaraden topaleku izango diren udalerriak.