03 MAR. 2023 Formentera, bizikletarako ere paradisu Uhartearen txikitasunak, giro lasaiak, harea zuriak eta turkesa urek ezagun egin dute Formentera azken urteotan, baita jende famatuaren leku kutuna izateak ere. Horiekin batera, baina, herri atseginak, txoko interesgarriak eta aparteko egoera fisikoan ez dagoenarentzat ere bizikleta ibilbide bikainak dituen txokoa da. 30 bidexka baino gehiago dira, ia autorik gabe edo motordun ibilgailu oso gutxirekin, uharteko txokoetan sigi-sagan ibiltzeko. Urtzi URRUTIKOETXEA Uda betean ginen, eta alokairuko morroiak ez gintuen indartsu ikusi. “Hobe duzue autoa hartzea. Edo motorra behinik behin”. Baina ezagutzen genuen uhartea, pandemia betean aurkitu genuen ihesbide onenetakoa izan zen; bigarren bisitan geneukan beldurra zen ea askoz turista gehiago egongo zen, eta autorik gabe egiten genituen ibilbidek desberdin aurkituko ote genituen. Baina ez, berdin-berdin daude 32 ibilbideak. Kala galduetaraino joateko, faroetaraino iristeko, mahastien eta bestelako soroen artean ibiltzeko eta autoak debekatuta dauden txokoetaraino ailegatzeko ibilgailurik egokiena da. Eivissako ferrytik jaitsi eta La Savinako portuan bertan dagoen turismo bulegoan hartu genuen ibilbideen planoa. Es Pujols herria, uharteko gune turistiko handiena (betiere Formenterako dimentsio txikian, zer ikusirik ez Mediterraneoko porlanezko txoko masifikatuekin), lau kilometro ingurura dago, Estany Pudent aintziraren ertzetik joanda. Herritik kanpo dagoen hondartza batetik hurbil hartu dugu ostatua; bizikletek argia dutela baieztatu, atzean frutarako erabili ohi den kaxetako bat, motxila eta beharrezko dugun guztia egiteko, eta prest gaude. Garraioa, kirola, autonomia, denetik pixka bat, eta edozein txokotara iristeko moduan. Egia da bizikleta hartu eta berehala izerditan gaudela. Baina distantziak ere laburrak dira; eta bideak, errepide nagusietatik aparte, Estany Pudent-en ertzetik kasu, Sant Francesc Xavier uharteko “hiriburura” doan kilometro bateko aldapa txikia hasten den arte. Herriko plazan kafe bat, freskagarri bat edo ogia tomatearekin hartu eta hurrengo ibilbideak zein kala edo itsasargitara eramango gaituen erabaki. Eta ilunabarrean etortzean -herriaren gaineko erroten bidetik, kasu-, izozkiren bat hartzeko geratu, edo azken erosketak supermerkatuan, bizikletako kaxan paratu, ostatuko bidea hartu aurretik. Plazako tabernan Formenterako katalan berezian diharduten; formenterec hizkera Eivissakoaren antzekoa da, eta oso desberdina era berean katalanezko gainerako lurraldeetatik, baita Mallorcatik ere. U.U. Uhartea hustua Izan ere, Balear Uharteen kontzeptua kontu modernoa da, eta oro har uharte bakoitzak gainerakoetatik oso desberdina den nortasuna garatu du. Pitiusa uharteak osatzen dituzten Eivissaren eta Formenteraren artean dago lotura bakarra, eta erraza da ulertzen: Formentera jendez hustu zen XIV. mendearen amaieran, izurriteari ihesi eta Ipar Afrikako piraten erasoen beldurrez. Mediterraneoan zituzten jomugarik garrantzitsuenak, eta uharte txikiak lapurreta, harrapaketa eta esklaboak hartzeko lekurik egokienak ziren. Zenbait mendez ez zuen berriz biztanle egonkorrik izan, eta piraten geraleku bihurtu zen, Afrikatik Europara bidean. XVII. mendean hasi ziren berriz ere Formenterara biztanleak iristen, aldameneko Eivissatik. Ez da harritzekoa, beraz, hizkuntzan, ohituretan eta jaietan ere bata bestearen ispilua izatea sarritan. “Orain turismoarekin ez da gauza bera, baina garai batean Karmen egunez edo Andra Maritan ohitura zen Eivissatik lagunak eta senideak etortzea, gaueko ordu txikietara arte. Soroetan-eta lo egin eta berriz Eivissara biharamunean”, diosku plazako ostatuko ugazabandreak. Formentera berreraikitzean, oraindik ere erasoen beldurra bazela erakusten dute XVII. mendearen amaieran piratak uxatzeko eraikitako defentsa dorreek. Lau dira Formenteran bertan, eta bosgarren bat s'Espalmador itsas zabalean dagoen irlan dago. U.U. Ekialdetik mendebaldera 18 kilometro ditu Formenterak, dozena bat baino ez ipar-hego. Hain turistikoa den uharte txiki batek arriskua dauka, udan batez ere, autoz betetzeko. Formenterak neurri bereziak hartu ditu kanpotik autoak ekartzea mugatzeko, gehien kutsatzen dutenak batez ere. Baina horrez gain, aspaldiko nekazari bideetan antolatu diren ibilbideei esker, edozein txokotara irits daiteke errepide nagusitik aparte. Bidexka horietatik harrizko etxalde dotoreak, Torrent de s’Algako moila txikia Migjorn hondartza luzera hegoalde kostalde guztiari begira, eta Cap Barbariara doan errepideraino iritsi gara; autoz edo motorrez doazenek hesiaren aldamenean aparkatu eta oinez egin behar dituzte azken 1,7 kilometroak. Bizikletaz ziztu bizian egiten da “Lucia y el sexo” filmak famatu zuen itsasargira arteko errepidea. Handik hurbil Es Cap de Barberiako dorrea dago. Formentera mendebaldeko kostaldea paisaia lehorreko da, harrizko bidez eta pistez. Labarrak dira nagusi, baina Cala Saona hondartza ikusgarria ere kostaldeko tarte honetan dago. Hautsezko pedalkada batzuen ondoren, begientzat gozagarria da harea zuriarekin eta ur gardenarekin topo egitea ilargi erdiko itxura daukan badia itxian. Hiru kilometro iparraldera dago La Gavinako dorrea, inguruotako harkaitz gorriak eta Mediterraneoak urpekaritza egiteko txoko paregabeak eratzen ditu Sa Pedrerako muturrera iritsi arte. U.U. Ur gardenak Iristeko zail diren dorreen kontrastean, Es Pujolsen badiaren amaieran Sa Punt Prima ageri da, uharteko iparraldean XVIII. mendean eraikitako gotorlekua. Formenterako egunen amaierak badia honetan ematen ditugu; gau epeletan ere atsegina da ostaturainoko bi kilometroak bizikletaz egitea. Barnealdean diren Sant Frances Xavier eta Sant Ferran des Roques herriak ere 2-3 kilometrora daude, aldapa txikiak igota, beti giro berezia daukatela, izan afaltzeko, izan ilunabarrean antolatutako ekitaldietarako. Bateko musika emanaldia, besteko aire libreko zinema, ezin atseginagoak dira herriak. Eta bizikletaz itzulera ere maldan behera egiten da. Formenterako ekialderantz errepidetik aparte dauden bidexketan Cala en Baster hondartza sinestezina dator lehendabizi, irla erabat estutzen den tarteari ekin aurretik, olibondo historikoak, Castell de Can Blai gune arkeologikoa eta Es Caló arrantzale herri atsegina datoz azkenean. Merezi du herriko hondartza ikusgarriaz gozatzea, batez ere hurrengo geralekua bidean gora baldin bada. Formenterako gune garaiena La Molan dago, hain zuzen ere; autobusez zein oinez ere joan liteke, eta merezi du azoka egunak baliatzea, bidenabar itsasargia ere bisitatzeko. La Savinako portutik egon litekeen txokorik urrunena da, ia 20 kilometrora. Distantziak ez dira beti bideek eta mapek erakusten dutena, horratik. Azken ibilbidea, La Savinatik bertatik abiatu eta kostaldetik doa, turkesa urei begira, alde batean, aintzira gazia bestean, eta Illetes ederrerainoko bidea aurrean. Autoek ordaindu beharreko lekua da. Bizikleta, aldiz, beste dozenaka batzuen aldamenean utzi liteke, hondartzara jaitsi eta murgil egin aurretik. Eta autoz ikusterik ere ez dauden bideko ikuspegiak utzita atzean, gainera. Ekialdetik mendebaldera 18 kilometro ditu Formenterak, dozena bat baino ez ipar-hego. Hain turistikoa den uharte txiki batek arriskua dauka, udan batez ere, autoz betetzeko.