bidaiari - bidaia aldizkaria

Sirakusa, tiranoen hiria

Izen mitikoko hiri hau Siziliako bigarren kolonia grekoa izan zen, setio eta borroken lurraldea, Arkimedesen sehaska eta tiranoen tronua. Aldi grekoko, erromatarreko, Erdi Aroko eta Errenazimentuko testiguak ditu, bere berreraikuntza barrokoaren aurretikoak. Gaur egun hiri lasaia da, Mediterraneoaren ertzean bizitzaren iragateari begira dagoena.


Garai batean, Mare Nostrumeko uharte handiena grekoa eta feniziarra zen (edo punikoa edo kartagotarra, mendebaldeko Mediterraneoan haien oinordekoak izan zirenak). Lehenago sikanoa eta sikuloa izan zen, eta, ondoren, erromatarra, bandaloa, herduloa, ostrogodoa, bizantziarra, sarrazenoa, normandiarra, angerstarra, aragoiarra, austriarra eta espainiarra. Azkenik, italiarra izan zen Garibaldiri eskerrak. Hori uste dute behintzat kontinentean; nik, ordea, ez dut hain argi. Izan ere, penintsula Alpeetatik Calabriaraino zeharkatu ondoren, Messinako itsasartea gurutzatzen dugunean, bertan bi egun igaro orduko ohartuko gara beste mundu batean lehorreratu garela. Eta mundu horrek Sizilia du izena.

Baina, esan bezala, garai batean feniziarra izan zen eta, batez ere, grekoa. Trinazia mitikoa izan zen, K.a. X. mendeaz geroztik doriarrek eta joniarrek kolonizatua, Megale Hellas izenez ezagutu zena, hots, Magna Graeciaren hegoaldeko zatia, kolonia helenikoek Capua eta Sipontotik hegoaldera okupatzen zuten kostaldea. Aldi horretan, Siziliako hainbat polis aberastu ziren, Odiseoko urak ehuntzen zituzten merkataritza ibilbide emankorrei esker, baina bat nabarmendu zen beste ororen gainetik: Sirakusa.

 

X.B.

Korintoarrek sortu zuten K.a. 734. urtean eta bigarren uhartetar kolonia grekoa izan zen, Naxosen atzetik. Berehala hartu zuen garrantzia eta K.a. 485. urte inguruan uharteko hiriburu ofizioso bihurtu zen, Gelon tiranoak mundu grekoko hiri handiena bihurtu zuenean. Bere garai distiratsuena hasi zen orduan, K.a. 212. urtean Erromak armekin hartu zuen arte. Diotenez, Arkimedesek bere ispilu beldurgarri eta gerra-artefaktuekin Erromaren legioei eustea lortu zuen. Baina, azkenean, mundua mugitzeko euskarri puntu bat eskatu zuenaren asmamenak ere ez zituen garaitu mundua beren gladiusetan, hots, ezpatetan oinarrituta mugitu zutenak.

Harrezkero, Zizeronen esanetan Grezia Handiko hiri ederrena zenak gorabehera ugari izan zituen, horien artean lurrikarak eta II. Mundu Gerrako bonbardaketak. Oparotasuna eta gainbehera, eraikuntza eta suntsiketa, identitatea eta kulturartekotasuna; horiek guztiek osatu dute mendeetan zehar egungo Sirakusa eta bere biztanleen izaera.

 

X.B.

Ortigia, epizentroa

Gaur egun Sirakusa 120.000 biztanle inguruko hiri lasaia da. Baina garai batean asko izan zuenak badu oraindik zerbait, eta kasu honetan, asko. Bertako kaleek, gatzez eta zeruz inguratuak, Augustako golkoaren eta Porto Grande-ko badiaren artean ateratzen dituzte egunero nagiak, txalupen kulunkak eta txoko guztietan igartzen den usain greko-siziliar batek lagunduta.

Bere itxura dekadenteak xarma liluragarria ematen dio, lasaia, barea, ederra, bertatik igarotakoek utzitako milaka eragin gordetzen dituzten bitxi arkitektonikoez josia. Xarma horren epizentroa Ortigia uhartean dago, Siracusa jaio zen orubean.

 

X.B.

Iragan klasikoak markatzen du gure irudimena, baina 1542 eta 1693ko lurrikarek norabide estetikoa aldatzera behartu gaituzte. Izan ere, goitik behera aldatu zen hiria estilo barrokoan berreraiki zutenean. Bi mundu horien topaketaren adibide gorena Piazza del Duomon dago. Katedrala Atenearen tenplu zaharraren (K.a. V. mendea) basamentuaren gainean eraikia da. Antzinako zutabe doriarrak XVIII. mendeko eraikinaren hormetan txertatuta daude. Katedralak rokokotik gertu dagoen barroko berantiarreko fatxada arranditsua dauka. Eskalinata hara-hona dabiltzan oinezkoentzako eserleku ederra da. Hala, 2.500 urteko historia duen zorioneko miszelanearen gainean atseden hartzen dute.

Horrez gain, plazan jauregi barrokoak eta neoklasikoak daude: Borgia del Casale, Arcivescovile, Beneventano del Bosco, Vermexio, Bonano Toscano…, eta barruan beste tenplu greziar bat duen bat ere badago, Palazzo Municipale (XVII. mendea), Artemisaren Ohantze jonikoaren hondarrak daudena. Santa Lucia alla Badia eliza ikusi ondoren, itsasoari kontrajarrita dagoen ilargi-erdi formako toki enblematikoenetako batera goaz, Fontana de Aretusa izenekora. Aretusa Artemisaren mirabea zen; jainkosak ur-korrontez mozorrotu zuen Alfeo ozeanidagandik ihes egiteko, eta hemen iturburu gisa sortu zen.

 

X.B.

Hegoaldeko muturrean, lurmuturraren gainean kokatuta, Maniace gazteluak Porto Granderen sarrera babesten du XII. mendetik. Handik, irla hegoaldetik iparraldera zeharkatu eta Piazza Archimedetik pasatuko gara. Dianaren iturriak hartzen du toki nagusia plazan eta zenbait jauregi ditu inguruan, hala nola dell’Orlogio eta Lanza Bucceri, leihate gotiko katalana duena, baita Palazzo Montalto ere, chiaramontar gotiko estilokoa. Beste muturrera iritsi gara, XXV Luglio luzeraino, non Apoloren tenplu protodoriarraren (K.a. VI. mendea) hondarrak dauden. Siziliako tenplu periptero zaharrena da, eta, oraindik baditu eliza bizantziar bihurtu zuteneko aztarnak; ondoren, meskita, eliza normandiarra, kuartel espainiarra eta etxebizitza multzoa izan da.

 

X.B.

Hiri modernotik Neapolira

Ortigia agurtu dugu Ponte Umbertino-tik, eta haren oinetan dagoen Arkimedesen estatuak agurtu gaitu. Akradinan sartuko gara, lehorreko Sirakusan, gerraostean berreraikia izan ostean berpiztutako grazia gutxiko hiri berria hartzen duena. Baina gauza interesgarriak ere aurki ditzakegu, hala nola erromatar gimnasioaren hondarrak, Arsenalaren eta zama-ontziralekuen hondarrak, bizantziar termak, non, diotenez, Konstantino enperadorea erail zuten, San Giovani basilikaren azpiko Tycheko katakonbak -Erromakoek soilik gainditzen dituztenak- eta Santuario della Madona delle Lacrime, forma konikoa duen hormigoizko eraikina. Geldialdi luzeena Santa Luziaren Hilobiaren elizan (XVII. Mendea) egingo dugu, hiriaren zaindaria martirizatu zuten tokian eraikia eta barruan Caravaggioren “Santa Luziaren hilobiratzea” obra handia ikusgai duena.

 

X.B.

Egia esan, Akradina gurutzatzen badugu, batez ere Sirakusako beste imanera joateko da, Neapoliko Parke Arkeologikora. Hondakin klasiko ugarienak eta hobekien kontserbatutakoak daude han. Benetako jaialdi helenikoa da, non harri bakoitzak arnasa hartzen duen; haren hatsak osmosiz sartzen dizkigu Mendebaldearen zimenduak eraiki zituen Grezia haren eta Erroma haren arima zahar eta modernoak. Antzokira iristean, txiki-txiki sentitzen gara bere harmailen aurrean. Bere orcheisthaian eta proskenionean parte hartu zutenen ahotsen oihartzun poetikoak bete-betean sartzen gaitu Sofoklesen obra kolaretan, Eskiloren vis tragikoan, Euripidesen galdera zorrotzetan eta Aristofanesen sarkasmo komikoan. Ondoren, erromatarrek eraldatu egin zuten beren gustuko beste ikuskizun batzuk hartzeko, hala nola gladiadoreen borrokak. Haiek eraiki zituzten, halaber, anfiteatroa eta Augustoren Arkua, zeinaren oinarriak apenas kontserbatzen diren.

Greziara itzuliz, Hieronen Aldare handian geldituko gara. Erritu erlijiosoak egiten zituzten hor, are 45 idiko sakrifizioak ere. Latomiek, harrian zulatutako kartzela-harrobiek, Sirakusak Atenas militarki garaitu zuela gogorarazten digute. Sormen handiko eraikuntza da, eta hori nabarmena da, adibidez, Dionisoren Belarri ospetsuan, 23 metroko altuera eta 63 metroko sakonera duen galeria, kareharrizko itsaslabarrean hondeatua eta akustika liluragarrikoa. Gaur egun lorategiak dira, Paradiso, Intagliatella eta Santa Venera. Azken horren ondoan Grotticelle nekropolia dago. Hilobietako bat Arkimedesena da, tradizioak dioenez. Matematikaria hil eta mende bat geroago, Zizeronek bere eureka propioa oihukatu zuen, bilaketa zorrotza egin ondoren ustez haren hilobia aurkitu zuenean. Hala ere, ez dago frogarik egungo hilobia erromatar erretoriko handiak aurkitutakoa dela. Nolanahi ere, tiranoen hiriko bisitari amaiera emateko lekurik onena da, zalantzarik gabe