bidaiari - bidaia aldizkaria

Txarlazo, amildegietan hegan

Gorobel mendikatea oso berezia da. Araba, Bizkai eta Burgosko mugetan sortua, Aiara bailaratik eta Urduñatik 900 metroko hormatzar gaindiezina dirudi. Mendi hegietatik bailarara sumatzen den amildegia ere ikusgarria da. Txarlazo edo Antiguako Ama Birjina da gailur ezagunenetakoa. Bertan 25 metroko monumentu ezaguna dago. Txango erraza da, bizpahiru ordu. Frailea Haitza eta Nerbioi ibaiko ur jauzi ikusgarria ere bisitatuko ditugu irteera osatzeko.


Gorobel mendikatea Euskal Herrian egotea opari baten modukoa da. Urriak dira tamainako morfologia eta geologia duten mendikateak gure herri txikian. Urbasa eta Andia mendikatea, bakanetakoa. Euskal Herria eta Gaztela, Espainia arteko muga finkatzen du Gorobel-ek, eta Gaztelako goi ordokitik Kantauri Isurialderako trantsizioa, aldaketa, modu basatian ematen da: 600-700 metroko amildegi ikusgarria. Gaztela aldera, ostera, malkar handirik gabeko belaze gozoetan hiltzen da Gorobel.

Txarlazo mendia da Gorobel mendikateko ikurretako bat. Baita iristen errazena ere, mendi buelta lasaia eman nahi bada. Txarlazo baino dozena pasa mendi garaiago daude Gorobel-en (933 metro), baina Txarlazok 25 metroko monumentu ikusgarri bat dauka gailurrean, eta toki askotatik nabarmentzen da. 1903an eraikitako porlan eraikin honek zatar itxura du, baina mendiaren historiari lotuta dago betiko. Telekomunikazio antena ugari ere badaude gailurrean, baita La Antigua Ama Birjinaren irudi bat ere, enbor baten gainean. Gauetan argiztatu egiten dute, eta, bollo meteorologia efektu ezaguna ematen denean, halako misterio sona hartzen du irudiak (Bollo efektua Gaztelatik datozen lainoak Gorobelgo gailurrerian zintzilik geratzen direnean ematen da).

Urduña mendatetik gertu ekingo diogu martxari, Urduñako lepoa baino 300 metro lehenago dagoen Dehesa del Agua aparkalekuan, eskuin aldean. Pista zabal bat dago han, eta horri jarraitu beste lanik ez dugu izango ordu eta erdi eskasean Txarlazo gailurrera iristeko. Ez dauka batere zailtasunik, aldapa txiki bat baino ez gailurrera iristeko. Pista amildegira hurbiltzen da tarteka, eta merezi du tentuz hurbiltzea, hesiak hala baimentzen duen tokietatik zeharkatuz.

Arrastaria eta Tertangako parajeak ikusiko ditugu behe-behean, baina oharkabean geologiaren beste artelan batek bereganatuko du gure arreta: Frailea Haitza (Pico del Fraile gaztelaniaz). Pistak haitz ikusgarri horren gainetik egiten du bidea beti, baina bihurgune batean parez pare agertuko zaigu harritzarra. Ikusgarria da benetan, polita, ederra, ezberdina, eta fraide baten itxura daukala ere jabetzen da bisitaria. Bere magalera jaits daiteke, baina tentuz joan, belar pendiza handia baita. Pista ertzetik ere konformatzeko moduko bista dotorea dauka Frailea Haitzak.

Euskal Herriko eskaladaren sehaska da haitza. 1924an eskalatu zuen Angel Sopeñak lehen aldiz, eta igoera hark aro berri bat ekarri zuen Euskal Herriko mendiaren historian. Haitzera igotzeko eskalada materiala behar da, batez ere jaitsierarako, igoera errazenak ez daukalako muturreko zailtasunik (III+). Frailea Haitza inguratu eta Txarlazo gainera iritsiko gara ordu laurdenean. Handik bistak itzelak dira, azpimarratzeko modukoak Urduña eta Aiara bailara alderantz ikusten dena. Legendak dio gailurretik bost probintziatako 42 herri ikusten direla. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Errioxa eta Burgoskoak, hain zuzen ere. Txarlazotik mendebalderantz, Txolope, Bedarbide eta beste gailurrei azken begiratua eman ostean ekingo diogu itzulerako bideari.

Nerbioiko ur jauzia

Egindako bidea desegin, eta aparkalekura bueltatuko gara lasai antzean. Eguna, edo goiza osatzeko aukera on eta eroso batekin: Nerbioi ibaia jaiotzen den txokoa, bere ur jauzi ikusgarriarekin. Autoa hartu behar da, eta hegorantz egin. Urduñako mendatea pasatu, eta kilometro eskasera, gure ezkerrera hartu, Monte Santiago guneko aparkalekuan, hain zuzen ere. Etxolatxo bat dago han, eta autoan bizpahiru kilometro irabaz ditzakegu, atonduta dagoen azken aparkalekura iristeko. Handik bi kilometro eskas baino ez daude ur jauzia modu basatienean erakusten duen balkoi edo behatokira.

Pista zabaletik joan gaitezke, edo pago baso dotorea zeharkatzen duen mendi xenda batetik. Eztabaidak saiheste aldera, joanekoa bide batetik egingo dugu, itzulera bestetik. Galbiderik ez dago, seinaleztapena bikaina baita. Pistatik joanez gero, otso toki bat ikusiko dugu, otsoak ehizatu edo akabatzeko erabiltzen zen harresi gunea. Otsoak bueltan omen dira azken aldian Gorobel aldean, inoiz joan baziren… Gai arantzatsua, otsoak eta artzaintza, Aiara eta Urduña aldean…

Behatokira

Ordu erdi eskasean iritsiko gara behatokira. Gure susmo txarrak baieztatu, eta ur jauziak urik ez daukala jabetu gara. Zaila da asmatzea, ur jauzi ikusgarriak ura noiz izanen duen jakitea. Elurrak urtzen direnean, euri aro luze baten ondoren, edo trumoi aro emankorren ondoren joatea gomendatzen da, baina beti ezin da asmatu, eta ur jauzia ur isuririk gabe ikusteak zer pentsatua ematen du: gurean euria gero eta urriagoa ez ote den, zoritxarrez,

Urik gabe ere, ur jauzia benetan ikusgarria da, Euskal Herriko handiena, 270 metroko amildegi bertikalarekin. Behean, oso zuloan, Delika herrixkara daraman xenda ikusten da, eta ahal izanez gero, ur jauzia goitik bezala behetik bistaratzea ere aski interesgarria da. Behatokiko ikuspegiarekin gozatu ondoren, ur jauzia sortzen den txokora ere hurbil daiteke ibiltaria, bost minutuko osteratxo errazean. Han urak ze bide egiten duen sumatuko du, eta zulora nola amiltzen den begiratu, haize korronteek ur emaria desagerrarazten duten arte. Hurbiltzekotan tentuz ibili, eta bertigoa edukiz gero, ez izan zalantzarik: ez hurbildu. Gorputzak eta arimak buelta emango dizute tamainako amildegietan hegan egiten, libre sentitzen ohituta ez bazaude.