bidaiari - bidaia aldizkaria
Entrevue

Josu Guerra Tolosa: «Itsasontziek arima dutela uste duten horietakoa naiz»


Itsasotik metro gutxira, Pasai San Pedron jaio zen Josu Guerra Tolosa. Familia osoa portuaren jarduerarekin lotuta egon da. Aitonak ontzioletan lan egiten zuen, eta txalupan joaten zen arrantzara; aita itsas mekanikaria zen, eta arraste ontzietan jarduten zuen; osaba bat arraste saregilea zen, eta beste bat itsasontzi argiketaria.

Josuk itsas delineatzailea eta arrantza kapitaina izateko ikasi zuen. Atlantikoan atuna arrantzatzeko kanpainetan parte hartu du Bermeoko eta Galiziako itsasontzietan, eta, gainera, udan charterrean aritzen da Balear Uharteetan. Oraindik astia du Ozeano Atlantikoa zeharkatzeko bere belaontzian: Spirit of Anuk, Kanadan 1980an eraikia eta Josuk 1996an erosia. Ozeano Atlantikoaren bost zeharbide egin ditu ontzi horrekin, horietako hiru bakarka. Lehenengoan Kubara joan zen. Azkena 2016ko abenduan izan zen, amarrak askatu zituen Kanaria Handiko Las Palmasen eta Brasilgo Recifetik hurbil iritsi zen.

Hego Amerikako itsasertz atlantikoan behera egin du zenbait etapatan. Gaur egun Spirit of Anuk belaontzia La Platan (Argentina) dago, udazkenean Josu Ushuaiara itzultzeko zain. Marinel eta abenturazale amorratua baita. Antartikan nabigatu du azken bi denboralditan, Drake itsasartea zeharkatuz. Beagle kanalean ere ibili izan da.

Itsasoan jarduera handia izan duzu azken bi udetan hego hemisferioan, Antartikan; gainera, ipar hemisferioan Mediterraneoan, eta ondoren zeharkaldiak Hego Amerikako kostalde atlantikoan, Spirit of Anuk belaontziarekin. Hainbeste itsaso eta hain ezberdinak konbinatzea nola egiten duzu?

Itsasgizona izateak esan nahi du zure lekua itsasoa dela. Nabigatu eta itsasoak ezagutu nahi dituzu, eta haietako bakoitza desberdina da. Atlantikoarekin, Mediterraneoarekin, Karibearekin erlazionatzea gustatzen zait. Eta orain, Drake pasabidearekin eta Beagle kanalarekin.

Zergatik zenuen interes berezia Atlantikoko zure bosgarren zeharbidean «doldrum» aldera iristeko? Hor ekuatoreko barealdien fenomenoa gertatzen da, eta belaontziz nabigatzen dutenek beldur izaten diote leku horri.

Itsaso horietako itsasoak eta toki bereziak ezagutzeko modu bat da. Gainera, ez duzu beste aukerarik hego hemisferiorantz zeharkatzeko, ekuatoreko barealdi hauetatik igarotzea baino. Doldrumak ospetsuak dira historia handia dutelako. Frantsesek «pot au noir» deitzen diete, ontzi esklabistak egun askoan geldirik egoten zirelako eta deshidratatuta hiltzen ziren esklaboak kareletik botatzen zituztelako. «Horse Latitudes» ere esaten zaie, gauza bera gertatzen baitzitzaien Ameriketara zaldiak eramaten zituzten ontzi espainiarrei. Doldrumek, noski, ohore egiten diote beren kondairari. Bi alisio haizek bat egiten dute, ipar-ekialdetik hego-ekialdera doazenek, eta bien arteko konfrontazioak itsasoa baretzea eragiten du. Batzuetan, hodei kumuloninbo batzuk sortzen dira, euri ikaragarriak dakartzatenak. Doldrumetan gertatzen diren fenomeno atmosferikoak bereziak dira; argi tonalitateak, isiltasuna, eguzki sartzeak eta egunsentiak ikusgarriak dira. Sentipen parerik gabea da.

Spirit of Anouk belaontziaren txikotak askatu zenituen 2016ko abenduan Kanaria Handian, Cabo Verderantz joateko. Handik, Fernando de Noronha artxipelagora, Brasilera. Harrezkero Hego Amerikako itsasertzean barrena zabiltza. Zein dira bizi izan dituzun une ahaztezinak?

Fernando de Noronha-tik Paraiba ibairaino nabigatu nuen, Joao Pessoa hiritik gertu, amerikar kontinenteko ekialdekoena. Hortik aurrera Brasilgo kostaldetik jaisten hasi ginen. Salvador de Bahiako giroa asko gustatu zait, handik 10 kilometrora. Itaparica uhartean Spirtit of Anuk ontzia lotu nuen, udan Balear Uharteetara itzultzen nintzen bitartean, charterrean lan egiteko eta kutxa betetzeko. Maite izan ditut Illa Grande bezalako natura ederreko lekuak, Rio de Janeirotik hurre. Brasil, dituzten arazo guztiak gorabehera, ezagutzen dudan herrialderik alaiena da. Goizetik gauera musika entzuten da, etengabe. Jendea umore onez dago eta zoriontasuna transmititzen dute.

Nabigatzeko erraza al da Brasilgo kostaldea? Gozatzeko modukoa?

Esango nuke ez dela zaila, karta onak eta nabigazio sistema oso fidagarriak baititugu eskura. Parte meteorologikoak nahiko egokiak dira, gutxienez hiru egunera begira. Horrek guztiak errazten du.

Spirit of Anuken bakarrik nabigatzen duzunean zoriona sentitzen duzu? Nolakoa da zure harremana zure ontziarekin?

Itsasontziek arima dutela uste duten horietakoa naiz. Hainbeste itsas milia partekatu dituzu, azkenean lagun bat bezalakoa baita. Badakit ez dela pertsona bat, baina ontziarekin mintzatzen naiz. Ezbehar garrantzitsuren bat izango nukeen egoerak bizi izan ditut, Spirit-engatik ez balitz. Interkonexio bat daukagu: arriskua dagoenean, zarata eginez ohartarazten dit. Berak zaintzen nauelako zaintzen dut nik.

Noiz bidali dizu seinaleren bat?

Egunez lo egiten saiatzen naiz, bakarrik nabilenean; eta guardiak gauez egiten ditut. Brasilgo kostaldean ikusten den izar kopurua txundigarria da, ez dago argi kutsadurarik, zeruko ganga etengabe galtzen da horizontean. Joao Pessoaren etapan, Bahiaraino, aspaldi bizi izan dudan unerik arriskutsuenetako bat gertatu zitzaigun. Izututa esnatu nintzen, Spirit of Anukek ohikoak ez ziren zaratak egiten baitzituen. Hitz egiten ari zitzaidan: «Altxa zaitez!». Urautsiak eta arrokak ia gainean neuzkan, eta lehorrera tiraka. Erreakzionatu nuen eta talka egitetik ihestea lortu nuen.

Badirudi Amerika australetik Antartikara nabigatzen izan dituzun bi esperientziak guztiz ezberdinak izan direla. Bata txarra eta bestea ona?

Lehen zeharkaldia latza izan zen, 2022koa. Nire bizitza salbatzeko borrokatu behar izan bainuen. Niretzat egokia ez zen pertsona batekin topo egin nuen. Sanabia itsasontziko patroia da. Sokoan eraiki zen eta Hendaian prestatu genuen. Puerto Williamsera joan zen, Txileko hegoaldera. Hara hegazkinez joan nintzen, Antartika aldera ontziratzeko. Biok bakarrik gindoazen. Jaun honek, nolabait adieraztearren, umore oso txarreko krisi bat izan zuen. Zeharo sutu zen, eta ukabilkada bat eman zidan. Aurre egin behar izan nion, kareletik bota nahi baininduen. Borroka irabazi beharra neukan, bai edo bai. Jokoan zegoen nire bizitza.

Benetan egoera larria! Bakarrik Antartikan, munduaren amaieran, elkarbizitza ezinezko batean.

Uste nuen ez zela beste ontzirik izango gugandik hurbil. Baina zortea izan nuen, VHS bidez Vinson of Antarctica ontziarekin harremanetan jartzeko. Inguruan zegoen Ezequiel Sundblad kapitainaren Ypake ere, eta mezu bat bidali zidan: «Hemen nago. Zuri laguntzeko prest». Hori oso garrantzitsua da, merkataritza ontzidian eta itsas armadan, oro har, beti laguntzeko joera izaten delako. Argentinako base batera eraman ninduten, hutsik baitzegoen. Argentinako Armadako ARA Bahia Agradable itsasontziak komando bat bidali zuen nire bila. Handik George Erregearen uhartera eraman ninduten, eta hango gobernadorea zain neukan hondartzan. Hegazkin txartel bat eman zidaten Punta Arenasera.

Doblon izeneko ontzi batean nabigatu zenuen 2023ko otsailean. 24 metro luze da ontzi hori. Kontramaisu gisa joan zinen. Antartikaren beste pertzepzio bat al duzu?

Jakina, bidaia honetan Antartikako leku gehiago ezagutu ditut. Esate baterako, Etsipen uhartea. Eta Espainiako basea bisitatu genuen, baita Txileko, Argentinako eta Erresuma Batuko bat ere. Baleak, kaxaloteak, tigre fokak, albatroak eta pinguinoak ikusi genituen. Doblon izotzerako prestatutako itsasontzi bikaina da. Pedro Jimenez da ugazaba, eta Alegría Marineros.com webgunea dauka. Gainera hortxe dago Drake pasabidea, txantxarik onartzen ez duena. 50 haize korapilo ere izan ditugu, brankako estaia kraskatzen; hori da masta brankari eusten dion kable nagusia.