07 JUIL. 2023 Munduan zehar errail gainean Testua eta argazkiak Sergi REBOREDO Trenez bidaiatzeak gainerako garraiobideek eskaintzen ez dituzten abantailak ditu. Eta berezia da oso errailen xarma. Kilometroak aurrera egin ahala, leihoaren bestaldeko panorama ikusgarriez presarik gabe gozatzeko aukera eskaintzen du. Transkantabrikoa Munduko trenik berezi eta esklusiboenetakoa da. Zortzi egunez sigi-saga ibiltzen da Kantauriar isurialdean. Zati batzuetan, burdinbidea estuegia denean batez ere, autobus batek osatzen du ibilbidea, ondoren berriz errail gainean aurrera jarraitzeko paisaiaz disfrutatzen. Metro bateko zabalera duen trenbidea erabiltzen du. Zergatik? Hullero zaharraren ibilbideari jarraitzen diolako. Trenbidea XX. mendearen hasieran eraiki zuen euskal enpresa talde batek, metalak galdatzeko Palentziako eta Leongo arroetan ekoitzitako ikatza behar zutelako. Egungo luxuzko tren hau ikazkin tren xumea izan zen garai batean. Horregatik, agian, lehen aldiz esertzen denak magia kutsu bat sumatzen du mimoz berreskuratutako bagoietan. Donostia eta Santiago de Compostela ditu geldiunerik interesgarrienetakoak, bidaiarien esanetan. Zirkulu Polarreko trena Munduko tren bidaiarik berezienetakoa izateaz harro dago. Norvegiako Nordland eskualdea zeharkatzen du, Eskandinaviako penintsulako ipar-mendebaldeko kostaldean. Fiordoak, lakuak, izugarrizko harri izoztuak, amildegi zorrotz eta desafiatzaileak, uharte bakartiak, mendi malkartsuak, fosforeszentzia borealek argiztatutako lautada amaigabeak... Sveinulv Jarnes poeta norvegiarrak honako hitz hauek erabili zituen 1950eko poema batean gau berezi horiek deskribatzeko: «Ahal baduzu, besarkatu Nordlandeko gauak, munduko ederrenak. Zerua sutan, egunsenti borealaren sutan, ametsetako herrialde miresgarri baten gainean». “Zirkulu Polar Artikoko trena” edo “Gauerdiko eguzkiaren trena”k geldialdi berezia egiten du Svartisen glaziarrean. Zalantzarik gabe, txokorik egokienetakoa da udan eguzkiaz 24 ordu luzez gozatzeko eta neguan, aldiz, argi eta kolore magikoez zipriztintzeko egunsenti borealekin. Venice Simplon Orient Express Neurri batean, Venice Simplon Orient Express trena ezaguna da Agatha Christieren “Orient Expresseko hilketa” eta Bram Stokerren “Drakula” nobelei eta ondoko filmei esker. Baina bere protagonismoa ez ida soilik literatur fikzioak edo pantaila handiak eragindakoa. Gertakizun askoren lekuko ere izan da trena. Adibidez: 1901ean, balaztek huts egin ondoren, lokomotorra jatetxe baten barruan gelditu zen. 1918an, berriz, Versaillesko Itunaren aurreko armistizio bat sinatu zen bidaiari-kotxe batean. 1920an, Paul Deschanel Frantziako presidenteak kargua utzi zuen leihatiletako batetik erori ondoren, somnifero gehiegi hartu eta gero. Errumaniako Carol II.a erregeak bere herrialdetik ihes egin zuen iraultza partisanoaren garaian tren horietako batean, dirua, bitxiak, koadroak eta ahal izan zuen guztia eramanez. 1945eko martxoan, Hitlerrek SSri agindu zion CIWL 2410 zb. Bagoia suntsi zezala. Bertan sinatu zen armistizioa Lehen Mundu Gerraren ondoren. Horrexegatik deitzen diote “Armistizioaren bagoia”. Urtean behin egiten den Paris-Istanbul klasikoaz gain, irailean, Orient Expressek beste aukera batzuk eskaintzen ditu, hala nola Venezia eta Paris arteko bi egunetako ibilbide estandarra, honako herrialde hauek zeharkatzen dituena: Italia, Austria, Suitza, Frantzia eta Erresuma Batua. Belmond Hiram Bingham Lau ordu eskas besterik ez dira behar Peruko Cuzco hiriko eraikin kolonialetatik Andeetako gailur artean ainguratutako Machu Picchu hiri inkaren hondakin magikoetara iristeko. Belmond Hiram Bingham luxuzko trena da, kutsu erromantikoz inguratuta dagoena. 1911n Machu Picchu zitadela inkaren arrastoak aurkitu zituela adierazi zuen esploratzaile estatubatuarraren (1875-1956) izena darama. Hala ere, egiaztatuta dago Agustin Lizarraga nekazari cuzquetarra izan zela benetan hara lehenbizi iritsi zena, 1902ko uztailaren 14an. Binghamek 1911ko uztailaren 24an bisitatu zuen ingurua, Nacional Geographic Societyk finantzatuta eta nekazari ume batek gidatuta. Baina jakin bazekien -eta hala idatzita utzi zuen egunerokoan- nor zen benetako aurkitzailea. Agustin Vilcanota ibaian ito zen 1912ko otsailean, aurkikuntza erreklamatu ezinik. Amerikarrek, ordea, eta, zehazkiago, Yaleko Unibertsitateak, erreibindikatu egin zuten aurkikuntza eta gaur duen izena jarri zioten. Horrez gain, 4.000 pieza baino gehiago espoliatu zituzten, 2011. urtera arte itzuli ez zituztenak. Rovos Train Bizkarrezur baten antzera, Hegoafrika zeharkatzen du, Pretoria hiritik, barnealdean, Lurmutur Hiriraino. 1.600 kilometro dira. Luxuzko trena da. Kotxe dotoreetako leihatila handietatik zenbait filmetako eszenatokiak ikus daitezke. Kanpoan natura erabat basatia da eta han bizi da planetako faunarik harrigarriena. Rohan Vosek 1989an sortutako Rovos Rail konpainiak egun ibilbide turistikoak antolatzen ditu Afrikako kontinentean luxuzko tren guztiz zaharberrituetan. Rovosko kuartel nagusia Pretoriako geltokian dago. Guztira, 200 langile baino gehiago daude, bidaiariei zerbitzua eskaintzeko eta makinak eta bagoiak mantentzeko eta zaharberritzeko. Oihaneko trena Tren zaharkitu honetan bidaiatzen duena Madagaskar uhartearen benetako esentzian eta errealitatean murgilduko da. Duela milioika urte kontinentetik banandu zen eta egun liluragarria izaten jarraitzen du; liluragarria eta izugarri aberatsa, bai biodibertsitateari dagokionez, bai eta berezitasun kulturalari dagokionez ere. Isolamenduak, nonbait, izan du zerikusirik. Konboi zaharrak Madagaskarko Lurralde Garaietan hasten du ibilbidea, 1.100 metroko altueran, arrozez ereindako haran zabalen oinetan, Fianarantsoa hiri zaharraren ondoan, eta ekialderantz abiatzen da pauso motelez, Sahambavyko te sailetan barrena. Ondoren, oihan tropikaleko landaredi trinkoan barneratzen da -garoz eta hamaika landare endemikoz josia-, 400 metrotara jaitsi arte, Andrambovato eta Tolongoinara, bananaren mekara. Manampatranatik aurrera, une oro Faronny ibaia ondoan duela jaisten da Sahasinakara, itsas mailatik 100 metrora. Hemendik aurrera, trenbideak asfaltatutako errepidea izango du alboan Manakara hirira heldu arte. Hantxe, Indiako Ozeanoaren ertzean, bukatuko da seguruenik ahaztezina bihurtuko den bidaia, azken geltokia baita. Munduaren amaierako trena Patagonia Australa zeharkatzen du, basoz, mendiz, glaziarrez eta aintziraz zipriztindutako eskualdea, etengabe liluratzen duen paisaia aldakorrean murgilduta. Naturak gainezka egiten du izotz-zelai, milaka urteko baso eta ur-ispiluen artean. Glaziarren mugimendu etengabe eta batzuetan zaratatsuek eta aintziretatik tupustean irristatzen diren tenpo erraldoiek naturagune ikusgarri eta deskribaezina marrazten dute, non flora eta fauna-ondare aberatsaren artean protagonista berezia nabarmentzen den: kondorra. Gune eder honetan kokatzen da Munduaren amaierako trenbidea, iragan triste samar batez inguratuta, munduko txoko ezkutu honetako espetxera erregaia (egurra) garraiatzeko eraiki baitzen. Horrexegatik, “Presoen Trena” deitzen zioten egurrezko errailetan irristatzen zen trenari. Espetxea itxi ondoren, presoak lekualdatu egin zituzten eta XX. mendearen erdialdean errailak erabat suntsituta gelditu ziren lurrikara baten ondorioz. Ondoren, 1994an, enpresa turistiko batek (Tranex Turismo) trenbide zaharraren legenda berreraiki nahian, Austral Fueguino -lehen izen ofiziala-jatorrizko ibilbidearen azken 7 kilometroak erreskatatu zituen. Gaur erabilgarri dago trena. Transtibetarra Urruneko Tibet, Himalaia ondoan, tenplu eta jauregi budistez josita, helezina bezain liluragarria da. Trenean egindako edozein bidaia berezia bada ere, planetako lurralderik muturrekoenetako batetik igarotzen den Transtibetarra, zalantzarik gabe, aparteko abentura da. Zenbakiak lagungarri izan daitezke Transtibetarraren -“Hodeien Trena” ere deitzen diote- handitasuna nolabait neurtzeko. Zenbait errekor ditu, besteak beste, honako hau: Munduko trenbiderik altuena da, 960 kilometro errail ditu itsas mailatik 4.000 metrora, bere punturik altuenean 5.072 metrora iritsiz. Gainera, ez dago munduan 550 kilometro inguru izoztuan dituen beste trenik. Horrez gain, Lurreko trenbide zubirik zabalena hartzen du, Qingshui ibaiaren gainean, Hoh Xil eremu hustuan, 11,7 km-ko hedadurarekin. Mota honetako burdinbidea eraikitzea garaipen gisa hartu zuen Txinako erregimenak. Tibetarren ustez, aldiz, txinatarren kolonizazio modu bat gehiago da, eta ekologisten aburuz, berriz, ingurumenaren aurkako atentatua. Nolanahi ere, gizateriaren historian aurrekaririk gabeko proiektua izan zen, Zhu Ronghi Txinako lehen ministroak 2006an egindako inaugurazioan adierazi bezala. Maharaja’s express New Delhi hiriburutik abiatu, hego-mendebalderantz jo eta Mumbai megalopolira iristen da Maharaja’s express, 1.500 kilometro egin ondoren. Luxuzko trena denez, India bezalako herrialde poliedrikoaren aurpegi bakarra erakusten du ibilbidean. Glamourra, dotorezia aberastasuna, erosotasun modernoa eta goi mailako gastronomia erromantizismo kutsuarekin nahasten da bagoietan, iraganeko garai distiratsua gogora ekarri nahian nonbait. “Gurpil gaineko jauregia”. Horrelaxe deskribatu zuten Maharaja’s express inaugurazio ekitaldian. Egia esan, dekorazioak britainiar administrazio kolonialaren urrezko garaia gogorarazten du, maharajek herrialdean harrotasunez bidaiatzen zuteneko garaia. Emazteak, ahaideak, seme-alabak, zerbitzariak, Rolls-Royce, zaldiak, elefanteak... Tren-bagoiak, noski, pribatuak ziren. Glacier express Glacier Express tren panoramikoak ia mende osoa darama Suitzako Alpeetako paraje enblematikoak zeharkatzen. Beraz, kristalaren bestaldeko inguruaren handitasunaz eta edertasunaz goza dezake bidaiariak zortzi orduz. Nahiz eta deituraz “express” izan, ez da abiadura handiko trena; aitzitik, guztiz kontrakoa da, hasiera-hasieratik moteltasuna izan baitu nortasun ikurra. Postaleko paisaia baten aurrean dagoela sentitzen du bidaiariak, aurreratutako kilometroen eta urtaroen arabera moldatuz joaten den eszenatoki ikusgarri eta aldakorra. Mendi zorabiagarriak, ur-ispilu idilikoak, izei eta pinu baso trinkoak, baserriz zipriztindutako bailarak... Begi aurretik bata bestearen atzetik igarotzen dira etengabe. Neguan kristalezko bagoi gorriak sigi-saga irristatzen dira mantu zuriz estalitako mendietan. Udaberrian, berriz, zelai berde deigarriak eta hamaika koloretako loreak gailentzen dira paisaian.