bidaiari - bidaia aldizkaria

Londresko kabina ikonikoak, bigarren bizitzaren bila

Londresko kaleetan ezarri zirenetik, 1920ko hamarkadan, hiriburuaren ikur bihurtu ziren, baina mugikorren etorrerak pixkanaka-pixkanaka haiek desagertzea eragin zuen. Telefono kabinak dira, gorri-gorriak, bereziak oso. Eta beste herrialdeetakoengandik bereiziak. Gaur egun geratzen diren apurrak iraganeko erlikia dira, oso kotizatuak. Asko berrasmatzen ari dira.


Aspaldiko oroitzapenez betetako tailerrean, herdoildutako gasolina-hornigailuz eta esmaltatutako plakaz inguratuta, Carl Burgek azken ukituak eman nahi dizkio zaharberritzen ari den Londresko telefono-kabina gorri ikoniko bati. Hogei urte daramatza bigarren bizitza ematen zahartutako “txabola” horiei, gehienak Ingalaterrako klima hezeak kaltetuak. «Telefono-kabina gorri baten argazkia soilik duen postal bat bidaltzen baduzu munduko edozein lekutara, gehienek esango dizute: Ingalaterran dago», esan du Burgek erabat konbentzituta.

1920ko hamarkadan agertu zirenetik, kabina gorri horiek Londresko eta Erresuma Batuko ikono bihurtu ziren, baina gehienak hiriburuko paisaiatik desagertu dira telefono mugikorrak iritsi zirenetik.

BT operadore historikoak dioenaren arabera, egun 20.000 telefono publikok soilik funtzionatzen dute; horietako 3.000 kabina gorri tradizionalak dira. Gutxi dira, joan den mendeko 90eko hamarkadan zeudenekin alderatzen baldin baditugu: 100.000 zeuden orduan.

ZAHARBERRITUTA

Beste 7.200, zerbitzuz kanpo zeudenak, zenbait elkartek eta instituziok berreskuratu zituzten. Horietako batzuk tokiko agintariek zaharberritu zituzten, miniliburutegi, turistentzako informazio-kiosko edo desfibriladore bihurtuz.

Hala ere, erabiltzen ez diren kabinak enpresa txikiek ere aloka ditzakete. Hala egin zuen Walkmisu tiramisu dendak, Londres erdialdean kokatuta dagoenak. Russell Square kanpoaldean, Daniele Benedettinik, adibidez, bi telefono-kabina gorri jarri ditu barruan postre italiar ospetsua saltzeko. «Uste dut erabaki egokia izan dela tradizio ingelesa eta italiarra uztartzea», esan du.

Dirudienez, partikular bati alokatutako txabola zahar batean denda zabaltzea merkeagoa da denda tradizional bat irekitzea baino. Hori dio, behintzat, Benedettinik, kafetegi bat ireki aurretik Walkmisun lanean aritu zen gazteak. Bere bi telefono kabinak berritu egin dira eta apalategiekin, hozkailuarekin eta kafe-makinarekin hornitu ditu, betiere kanpoko itxura bereizgarria aldatu gabe.

Carl Burgek azaldu duenez, telefono-kabina bat zaharberritzeko sei aste inguru behar dira. Lehenik, «kontu handiz» desmuntatu behar da, erraietaraino. Askotan ustekabeak sortzen dituen prozesua da. «Inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun pinturaren azpian. Dinosauro baten moduko harribitxi bat ere aurki dezakezu», aitortu du irribarrez.

Burgek txabola gorri asko ikusi ditu bere King's Lynn-eko tailerrean, askotan erabat hondatutakoak, kristalik gabeko leihoekin edo zurezko ate ustelduekin. Belarrez estalita ere ikusi izan ditu.

Burdinurtuzko markoa erabat garbitu ondoren, pintura, oxidoa eta beste edozein zikinkeria kentzen da. Hurrengo urratsa erretxina ematea da eta inperfekzioak lautzea. Prozesu neketsua da; eskuz egiten da eta egun batzuk behar ditu. Azkenik, kabina “Post Office Red” gorri ospetsuaren espraiarekin margotzen da, leihoetan beira ijeztua jartzen da eta atean, berriz, egurrezko marko berria.

Carl Burge automobilaren sektorean hasi zen lanean baina, britainiar objektuekiko zuen grinak bultzatuta, lanbidez aldatzea eta lanaldi osoa objektu zaharrak berritzeari ematea erabaki zuen. Eta ideia, azkenean, negozio bihurtu zuen: Remember When UK.

K2 OSPETSUAREN KOPIA BAT

Hasieran, telefono-kabina bat aurkitu zuen salgai. Erosi eta zaharberritu egin zuen bere lorategian erakutsi aurretik. Baina, azkenean, saldu egin zuen, eta oraindik ere damutu egiten zaio. Zaharberritzaile profesional bihurtuta, gaur egun zenbait kabina aldi berean berritzen ditu. Horien artean K2 ospetsuaren kopia bat nabarmentzen da, 1926an aurkeztutako kabina gorriaren lehen modeloa, Giles Gilbert Scott-ek diseinatua. Arkitektoa ezaguna da Londresko beste eraikin publiko batzuetan egindako lanengatik.

Hogei urteren buruan, Burgek ez du lanbidea aldatu, ezta iritzia ere. «Pixka bat zaharragoa naiz, dena pisutsuagoa dela dirudi, baina uste dut lanbide honekiko dudan gogoa, ilusioa, ez dela aldatu», aitortu du. «Izan ere –aitortu du–, baliteke handiagoa izatea».