bidaiari - bidaia aldizkaria
Begirada

ROT FAI LOI NAM, “Tren flotatzailea”


Tren berezia da oso. Ur gainean flotatzen duela dirudi. Alabaina, irudipen bat besterik ez da, turistak erakartzen dituen distortsio magikoa, iruzurtia. Bereziki erakartzen ditu selfieak egiteko aparteko txoko bila han-hemenka dabiltzanak. Thailandiako “Tren flotatzailea” izenez da ezaguna, baina ofizialki Rot Fai Loi Nam da.

Tren bidaiak gero eta estimatuagoak dira Thailandian, turistek esperientzia berriak nahi dituztelako hondartzetatik eta tenplu jendetsuetatik urrun. Eta, hain zuzen, “tren flotatzailea” horietako nobedade bat da.

Duela gutxi, Thailandiako trenbide garraioaren sareak euri denboraldiari amaiera eman dio, Bangkok eta Pasak Jolasid presa lotzen dituen Rot Fai Loi Nam trena martxan jarriz.

Eguna argitu aurretik, ehunka pertsona igotzen dira trenera Bangkokeko Hua Lamphong geltoki historikoan. Loto, baso, tenplu eta arroz urmaelak abiadura bizian igarotzen dira turisten begi arretatsuen paretik. Turistek, hirugarren klasean, leihoetatik begira, argazkiak ateratzen dituzte etengabe.

Hiru ordu eta erdiko bidaiaren ondoren, dozena bat bagoi baino gehiago dituen japoniar tren berrituak Pasak Jolasid presa zeharkatu du zubibide batetik. Hogei minutuz geldirik egongo da, bidaiariek selfieak egiteko aprobetxa dezaten. Gutxi dira panoramika ikusgarriaz zuzenean gozatzen dutenak. Denek dute kamera bat esku artean.

Ontzilari bakarti bat tren inguruko ikuskizunari begira dago. Bagoi horietako bidaiariak zubi estu batean lehorreratu dira. Berak kontatzen du: «Urtean zehar ganaduak zubipean bazkatzen du, baina urritik urtarrilera ura goian dago bi aldeetan eta trenak ur gainean flotatzen duela dirudi».

Richard Barrow bidaiaria bertan da. Blogeroa da. Dagoeneko, zenbait alditan egin du bidaia. Eta beti gustura etxeratu da. Dena dela, publizitatea thailandieraz bakarrik egitea ez zaio ideia ona iruditzen, atzerritar askok ez omen dutelako ezagutuko. «Alferrik galdutako aukera da», dio, turismo masiboak eragin ohi dituen ondorioez jabetu gabe.