bidaiari - bidaia aldizkaria

Tenplu birmoldatuak: atzoko elizak, gaurko liburutegi, jantoki, spa, haurtzaindegi...

Spak, bolatokiak, liburutegiak, jantokiak, ikastaroetarako tailerrak, haurtzaindegiak, adinekoen egoitzak... Montrealgo eliza abandonatu asko berreskuratu eta hainbat zerbitzutarako gune bihurtu dira azkenaldion. Gainera, gustu handiz berrasmatu dira gehienak, originaltasunez.


Azken urteotan, Montrealgo eliza askotan desagertu egin dira gurutzeak, otoitz-bankuak eta argimutilak. Jada, ez dira otoitz egiteko topaleku isilak, baizik eta haur jolastoki zaratatsuak, jantoki jendetsuak, spa lasaigarriak edo bolatoki iskanbilatsuak. Azkenean, abandonutik ihes egitea lortu dute. «Asko gustatzen zait hona etortzea. Eliza txiki baten sentsazioa gustatzen zait, kontzentrazioa errazten duen lan giroa sortzen du», xuxurlatu du Mordecai-Richler liburutegian Alexia Delestrek, hezitzaile izateko ikasten ari denak.

Hiriko erdigunean kokatuta, modan dagoen auzo batean, liburutegia eliza anglikanoa izan zen. Jatorrizko bankurik ez da ikusten, baina bai, ordea, egurrezko arkuak eta beirate handiak, apaletan pilatutako ehunka libururen gainean. Giroa, zalantzarik gabe, atsegina da, beroa, abegitsua.

«Oro har, babestu egiten ditugu elizak; saiatzen gara kontserbatzen. Ez dugu suntsitu nahi, gehienetan eraikin ederrak direlako eta hiri-eremu aparta dutelako. Erreferentzia-puntu garrantzitsuak dira», esan du Justin Bur gazteak. Barrutiaren historian espezializatutako Memory of Mile-End taldeko kidea da.

Iparralderago, Montreal uhartean, Sainte-Germaine-Cousin eliza, 1960ko hamarkadakoa, azken unean salbatu zen eraispenetik, eta orain haurtzaindegi bat, adinekoentzako egoitza eta etxebizitza sozialak hartzen ditu.

Deigarria da oso eraikinaren itxura: hormigoi zurizko egitura ikaragarria da, gurutze altuarekin, eta alboan “S” formako eraikina du. Egia esan, ez da oharkabean pasatzen paisaian eta gertu pasatzen denaren arreta pizten du berehala. Barrualdean, haurrentzako eserleku eta jostailuek ohiz kanpoko geometria duten gelak apaintzen dituzte. Sabai altuek eta tamaina handiko leihateek ere berezi bihurtzen dute espazioa.

«Haurtzaindegietako Rolls-Royce-a da, benetan». Isabelle Juneau haurtzaindegiko zuzendariordearen iritzia da. Erabat liluratuta dago bertako arkitektura modernistarekin eta argitasunarekin.

“100 KANPANDORREEN HIRIA”

Quebecen, beste eliza batzuk spa, bolatoki, saskibaloi-kantxa, eskalada-zentro eta gazta-fabrika bihurtu dira azkenaldion. Alabaina, beste askok ez dute eraldatzea lortu eta abandonatuta daude, inolako zerbitzurik eskaini gabe. Izan ere, elizak nonahi daude Montrealen. Mark Twain idazle estatubatuarrak “100 kanpandorreen hiria” deitzen zion, ezin omen zelako harri bat bota beirate bat hautsi gabe.

Jakina, 60ko hamarkadan elizak mantentzeko zerga indargabetzeak eta Quebeceko gizarteak erlijio-jarduerarekiko zuen interes ezak eragin zuzena izan zuten kultu-leku askoren utzikerian eta hondatzean.

«Jada ez dago apaizik, ezta erlijio-praktikarik ere. Gizartea beste zerbaitetara pasatu da», uste du hiri-ondarearen ikertzaile Lucie Morissetek. «Duela urte batzuk, 2.800 eliza inguru zeuden Quebecen, eta kopuru hori gutxituz doa egunetik egunera. Montrealen mila eliza inguru zeuden XX. mendearen hasieran, eta gaur egun 400 inguru baino ez daude», zehaztu du. Quebeceko eliza gehienak katolikoak eta anglikanoak ziren.

BERRITZEKO PROZESUAN

Azken 20 urteetan, ehun inguru birmoldatu dira, Quebeceko Ondare Erlijiosoaren Kontseiluaren arabera. Hamar inguru eraitsi egin dira, beste berrogei eraldatuta edo berritzeko prozesuan daude eta gainerakoek erlijio-bokazioa aldatu dute.

Alabaina, aldaketa ez da beti erraza, neurri batean inflazioaren ondorioz. Horren lekuko da Saint-Mathias-Apôtre eliza katoliko zaharra, Montreal uharteko erdiko auzo batean kokatua. «Eliza jatetxe komunitario bihurtzeak ehunka mila dolarreko kostua izan zuen: soto osoa sukalde bihurtu zen, lurra deskutsatu behar izan zen ...», gogoratu du Chic Resto Pop jatetxeko Marc-André Simardek.

Establezimenduaren bezeroak auzoko biztanle kalteberak dira, kolore anitzeko beirate eta zurezko konfesionario zaharren artean ibiltzen direnak. Egunero 300 otordu baino gehiago eskaintzen dute oso prezio baxuan eta, horrez gain, lanbide-heziketa eskaintzen die langabetuei.

Morisseten ustez, funtsezkoa da erlijio-ondarea ez abandonatzea, horrelako espazioak «komunitate-gune» eta «bizileku» bihur daitezkeelako.