bidaiari - bidaia aldizkaria
Begirada

Bangladeshko rickshaw-en artea, Gizateriaren kultur ondare inmateriala


Kanpokoak beti liluratuta gelditzen dira Bangladesh-ko rickshaw-ak lehenengo aldiz ikusten dituztenean, batez ere garraiobideen marrazki eta margoekin. Izan ere, artea da. Eta arte hori orain, nolabait, Unescok saritu egin du, Gizateriaren kultur ondare immaterial izendatuta.

Hala ere, ez da Bangladesh zerrenda horretan agertzen den lehen aldia, lau bider lortu baitu aintzatespen bera azken urteotan. Honako hauek izan dira sarituak: mirto landarez egindako Shital Pati esterak, Bengalako Urte Berriaren ospakizunetako Managal Shobhajatra prozesioa, emakumezkoen Jamdani janzkera tradizionala ≠eta Bauleko abesti mistikoak.

Jakina, Bangladeshko buruzagiak pozik daude garraiobide berezi hori zerrendan sartu izanagatik, batez ere, Unescoren aintzatespena artistei zuzenduta dagoelako eta, azken finean, artearen aitorpena delako. Gainera, uste dute herri tradizio bat desagertzea saihesten lagunduko duela.

«Garraio sistema modernoen garapena eta ibilgailuen mekanizazioa direla eta, rickshawen mugimendua mugatuta dago hiri handietan», ohartarazi dute. Horrenbestez, «rickshawa eta haren pintura estetikoak pixkanaka-pixkanaka desagertzeko arriskua dago».

Rickshaw baten zati ia guztiak lore, irudi natural, txori, animalia edo zinemako izar koloretsuekin margotuta daude eta, tradizionalki, artisau talde txiki batek eskuz egiten ditu.

Ez da tradizioa galdu nahi, batez ere turistak erakartzen dituelako. Baina Bangladeshko zenbait adituk ibilgailu horiek Daccako kaleetatik kentzea iradoki dute, hiriko trafikoaren pilaketagatik eta segurtasun neurri faltagatik. M.ZAMAN AFP