01 MAR. 2024 Gerezi-denbora Estatu Batuetako hiriburuan Neguaren amaierarekin, udaberriak dakartzan loraldi ederrenetakoa gereziondoena izaten da. Egun gutxi irauten duen ikuskizun hori munduko hainbat lekutan ospatzen dute, bazter guztietako bisitariak erakarriz. Horietako bat Estatu Batuetako hiriburua da, Washington. Testua: Urtzi URRUTIKOETEXEA Argazkiak: U.U. eta Gety Images Otsailean hasten dira lehen datuak agertzen, eta martxoan egunik egun jarraitzen dute loratze-prozesua NPS parke Nazionalen Zerbitzuko lorezainek, gereziondoak noiz lehertuko zain. Egunak igaro ahala, lehen kimuen berri eta lore sortu berrien datuak ageri dira, eta halako batean “PEAK” iragartzen dute NPSren sare sozialek, loraldiaren une gorenera iritsi garela jakinarazteko. Minutu gutxian, milaka lagun jaisten dira Potomac ibaiaren inguruan eratutako Tidal Basin-era; arratsalderako, jendetza are handiagoa da, langileak etxera bidean datozela gereziondoen jaialdian geratzen baitira. Hurrengo egunetan, ikuskizunak are jende gehiago erakartzen du inguruko estatuetatik, baita urrunagotik ere. Zalantzarik gabe, Washington bisitatzeko unerik egokienetakoa da, baina ez du luzaro irauten: irudi ederrenak loraldiaren leherketa jakinarazi eta 4-7 egunera arte izaten da, eta beste astebetez oraindik ere loreak izaten dituzte. National Cherry Blossom Festival-aren jatorria (Gereziondoen Loraldiaren Jaialdi Nazionala, martxoak 20-apirilak 14) Japonian dago, duela mende bat baino gehiago. Tokioko alkateak, 1912an, AEBetako hirburuari hiru mila gereziondo kimu eman zizkion opari. Urteak joan ahala, ia hilabete irauten duen ekitaldia bihurtu da, Asiara begira eta zehazki Japonian inspiratutako ospakizun ikusgarri ugari aurkeztuz: Irekiera Zeremonia, Lorezko Kometen Jaialdia, Gereziondoen Loraldiaren Jaialdi Nazionalaren Desfilea, besteak beste. Hiriko jatetxeak Cherry Picks programarekin “apaintzen” dituzte, eta hotelek ere loraldiarekin lotutako eskaintzak izaten dituzte. TIDAL BASIN Ezinezkoa da gerezien loraldiaren une zehatza tarte handiz iragartzea, gehienez ere hamar bat eguneko iragarpenak izaten dira. Bisitari gehienen bilgune den Tidal Basin, Potomac ibaiaren paduretan sortutako aintzira bat da, urtegi bezala eraikia, mareek eragindako uriolak kontrolatzeko. Haren ertzean hiriko monumenturik ezagunenetakoak daude, gereziondoen lore zuri eta arrosekin postaletako irudi ikusgarrienetakoak eratuz, Jefferson Memorialarekin kasu. Beste alderdi garrantzitsu batzuk Roosevelten memoriala eta Martin Luther King-en monumentu ikusgarria dira (eskubide zibilen aldeko figura historikoaren kasuan, harkaitz erraldoi batetik ateratzearen itxura dauka eskultura erraldoiak). Potomac-aren ertzeko irudiak ikusgarrienak izan arren, gereziondoek beste irudi eder asko uzten dituzten hirian. Tidal Basinetik askorik urrundu gabe dago National Mall-a, Lincoln Memorialaren eta Capitol Hill-en artean, erdian Washingtonen monumentua daukala, Etxe Zuria handik gertu, eta Smithsonian Institutuaren museo ikusgarriak (eta doakoak!) parkearen aldamenetan. Ibaian gora joanda (bizikletaz joateko bide oso egokia dago), Georgetown auzunea hiriko alderik zaharrena da, hiriburua bera diseinatu aurretik sortutako herria izan baitzen. Georgetowngo kaleak beti dira oso atseginak, udaberriko sasoi honetan Dumbarton Oaks-eko gereziondoek ukitu zoragarria ematen diote. Washingtonen mendebaldera, Marylandeko estatuan baina hiriburuko auzune aberats baten itxuran, Bethesda dago. Kenwood-eko auzunean etxe dotoreak daude, kalearen bi aldeetara gereziondoak dituztela. Hosto zurien leherketarekin, auzuneak egun gutxi irauten duen itxura ezin ederragoa hartzen du. Eta Georgetowndik bertaraino doan bizikletentzako bidea dago. Minutu gutxian, milaka lagun jaisten dira Potomac ibaiaren inguruan eratutako Tidal Basin-era; arratsalderako, jendetza are handiagoa da, langileak etxera bidean datozela gereziondoen jaialdian geratzen baitira.