bidaiari - bidaia aldizkaria
Munduan pasieran

Glaziar artifizialak, ura bermatzeko


Kirgizistango Tian Shan mendian izotzezko muino artifizialak sortu dituzte abeltzainek, lehorte garaietan erreserba gisa erabiltzeko. «Orain ez dugu arazorik izango urarekin», dio Erkinbek Kaldanov-ek, horietako glaziar txiki batean.

Iazko beroaldiak eragindako arazo larriak ezin ditu burutik kendu eta, oso kezkatuta egon arren, uste du sistema berriak gauzak aldatuko dituela, «glaziar artifiziala urtzen denean, ura egongo baita ganaduak edateko eta Syn-Tasheko lurrak ureztatzeko». Bere oinean, hogei metro luze eta bost metro garai den izotz-muino bat altxatzen da. Neguko unerik gogorrenean haren altuera 12 metrora iristen zen.

Izotzezko muino txiki hori egiteko, udazkenean bi astez lanean aritu ziren herritar guztiak, Kirgizistango iparraldeko Tian Shandik 4.000 metroko altueran dagoen erreka menditsu bateko ur-ibilgua desbideratzeko.

Argi dute ahalegin hori ez litzatekeela beharrezkoa izango, Asia erdialdeko glaziar naturalen pixkanakako desagerpenarengatik izan ez balitz.