bidaiari - bidaia aldizkaria

Zeljavako lurpeko aire basearen erraietan

Klabean ‘Objekat 50’ izenez ezaguna, Zeljavako lur azpiko aire-base militarra isilpean eraiki zen 60ko hamarkadan, orduko Jugoslavian. Egun bisitak jasotzen baditu ere, Plitviceko Lakuen parke nazionaletik hurbil dagoenez, gune turistiko bihurtu nahi dute.


Bond-en film batetik atera izan balitz bezala, Zeljavako aire-base erraldoia Pljesevica mendiaren bihotzean zulatu zuten, Bosnia eta Kroazia artean. Eraso nuklear bati aurre egin ahal izateko diseinatu zuten. Alabaina, zenbait hamarkadatan geldirik egon zen eta noizbehinkako turista ausarten bat bakarrik sartzen zen. 1960ko hamarkadan eraiki zuten, sekretupean, isilean, borroka hegazkin sobietarrak ezkutatzeko. Propio diseinatutako energia sistema zuen, baita ura garbitzekoak eta aireztatzekoak ere; honenbestez, modu autonomoan jardun zezakeen.

Garairik gorenean lurpeko baseak ia 60 MiG-21 hegazkin har zitzakeen. Gainera, bertan zeuden, ezkutuan, aginte zentroak, bulegoak eta logelak. Guztira, 3,5 kilometroko tunel sarea zeukan. Aldi berean, 30 egunetan mila pertsona inguru elikatzeko moduko jantokia ere bazegoen.

Lau sarrera zituen, ehun tonako hormigoizko ate erretraktil erraldoiekin babestuta. Hondarrak ikus daitezke oraindik ere.

BARRUALDEKO LEIZE ZULOA

Kroazia eta Bosnia arteko mugaren bi aldeetan hedatzen ziren bost pistako basea zen. «Orduko teknologia militar eta zibilik onena zuen», dio Mirsad Fazlicek, 80ko hamarkadan ia hamar urtez bertan lan egin zuen pilotu ohiak.

90eko hamarkadan Jugoslavia desegin ondorengo gerretan, armadan gelditzen zirenek suntsitu zuten instalazioa, lehergailu indartsuak erabiliz. «Barruan zegoen guztia, ekipo guztia, dena erre zen», gogoratu du Fazlicek. «Tunelak eta hormak besterik ez ziren geratu».

Suntsitu ondoren, basea ia hutsik eta egoera txarrean geratu zenez, garai komunistako erlikia zaharrak esploratu nahi zuten turista abenturazaleak erakarri zituen. Alabaina, hori guztia 2016an aldatu zen, ‘Houston, We Have A Problem!’ esloveniar dokumentala merkaturatu zenean. Harrezkero, bisitari kopurua nabarmen igo da. Bertakoek diotenez, 150.000 pertsona baino gehiago erakartzen ditu urtero.

Nolanahi ere, inguruko agintariek turismo gehiago nahi dute, eta uste dute, marketin egokia erabiliz, bisitari gehiago lortuko dutela. Haien ustez, urtero Plitviceko Lakuen parke nazionala bisitatzen duten 1,7 milioi turistetako batzuk hurbilduko dira basea ikustera.

«Gainera, Zeljava biziberritzean, parke nazionalerako azpiegitura gehigarria sortuko genuke», adierazi du Ante Kovac eskualdeko alkateak.

DENBORAN IZOZTUTA

Oraingoz bisitariak linternekin ibiltzen dira tunel heze eta ilunetan barrena, zoruko zuloak kontu handiz saihestuz; batzuk, gainera, basearen zati batzuetan zehar gidatu ere egiten dute.

«Erokeria da denboran izoztu eduki izana», uste du Angelo Virag argazkilariak. Zagrebetik, Kroaziako hiriburutik, etorri da bisitan, eta harrituta geratu da «ingeniaritzaren buruargitasunarekin». Haren lehengusu Mario Garbinek (Perth, Australia) modu sutsuan hitz egiten du «azken 30 urteetan bere horretan iraun duen azpiegituraren izaera garbi eta benetakoaz».

Bestalde, Hamdija Mesicek, gertu dagoen Bosniako Bihac hiriko hegazkingintzaren zale amorratuak, espero du Bosnian dauden bi pistak laster zabalduko direla. «Denborak hondatutako eta erabat abandonatutako halako instalazio handia ez dago beste inon munduan», gehitu du.

Nolanahi dela, badira nahiago dutenak lekua dagoen bezala uztea. «Ez dago seinalerik, ez dakizu nora joan behar duzun, ezta zer ikusi behar duzun ere; norberak deskubritzen ditu lekuak bidean aurrera egin ahala». María Morenoren hitzak dira. «Horregatik gustatu zitzaidan. Helburu turistiko hutsa bihurtzen bada, xarma galduko du».