bidaiari - bidaia aldizkaria
Egin planak

‘Kameratik orratzera’, Eulalia Abaituaren begietatik


MartxoaK 5-Uztailak 7

La Encartada Fabrika-Museoan ‘Kameratik orratzera’ erakusketa ikusgai dago. Eulalia Abaitua Bilboko argazkilariaren lana oinarri hartuta, XIX. eta XX. mendeen arteko Bizkaiko nekazari zein hiri inguruetako emakumeen jantzien ezaugarrien zehaztasunak azaltzen dira bertan.

Bilboko Euskal Museoak ekoitzitako erakusketan Abaituaren hogei bat argazki, jantziak eta zenbait osagarri daude: buruko zapiak, lepoko zapiak, barruko arropak, txanbra, jakak amantalak...

‘Kameratik orratzera’ren lehenengo geldialdia La Encartada Fabrika-Museoan izatea ez da kasualitatea, antolatzaileen esanetan, ondare industrialaren ikur bihurtu baita eraikina. Historia interesgarria gordetzen du fabrikak eta horrek erakusketaren balioa are gehiago aberasten du, iraganak eta orainak aparteko ingurunean bat egiten dutelako.

Jakina denez, ehun urtetik gorako ehungintzako bilduma teknologiko onena du Balmasedako fabrikak. Beraz, bisitariak aukera paregabea izango du XIX. mende amaierara bidaiatzeko eta garaiko puntako makinak ezagutzeko. Horrez gain, Abaituaren argazkiak izango ditu aurrez aurre, bertan dauden lau jantziak ekoizteko ezinbesteko informazio iturri izan direnak.