05 JUIL. 2024 Egin planak Urmugaren Urtanta, Nestor Basterretxeari omenaldia UztailaK 22-28 Urmugak, mendiak eta musika uztartzen dituen musika jaialdiak, Euskal Herri osoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du bi urtean behin, mendi tontor, herritxo eta bailaretara musika eta naturarekiko maitasuna ekarriz. Alabaina, Urmuga ekitaldi handia egiten ez den urteetan, Urmugaren Urtanta antolatzen dute, laburragoa, baina goi mailako musikariekin. Aurtengo Urtantak Nestor Basterretxea izango du gogoan. Egitarauak lau emanaldi jasotzen ditu, Urmugaren ohiko formatuan uztailaren 22tik 28ra eskainiko direnak. Hondarribian eta Arantzazuko Basilikan izango dira lehen emanaldiak, 22an eta 23an, hurrenez hurren. Donostiako Orfeoia, Maika Etxekopar, Et Incarnatus Orkestra, Titika Rekalt antzezlea, Iñaki Palacios txistularia eta Xabier Lozanoren argiztapena elkartuko dira Jon Esnaola konpositorearen sei sorkuntza lan berrirekin eta Asisko Urmenetaren gidoiarekin landutako ikuskizunean. Uztailaren 25ean eta 28an, berriz, bi emanaldi berezi eskainiko dira Nafarroako natur paraje zoragarrietan, Bakion eta Gaintzan. Et Incarnatus Orkestrak euskal kantari ezagunen kanten egokitzapenak eskainiko ditu, Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Idoia Asurmendi, Olaia Intziarte eta Xabier Leturiaren parte hartzearekin.