04 OCT. 2024 Agurtza itsasontzi-museoa, arrantza tradizionalaren eredu 1968an eraiki zen Lekeitioko Murelaga ontzioletan, eta, XX. mendearen bigarren erdialdean gainazaleko arrantzan aritu ondoren desegiteko zorian zegoenean, Santurtzik erreskatatu egin zuen eta Arrantza Teknikariaren interpretazio zentro bihurtu. Agurtza atunontzia da, euskal kostaldean arrantzatzen zuten egurrezko arrantza-ontzien adibide bikaina. Itsasontziaren kanpoko irudia. (Agurtza museoak utzitakoa) Eli TXAPARTEGI Itsasontzi-museo eta arrantza-teknikaren interpretazio zentrora hurbiltzen denak euskal kostaldean arrantza tradizionala egiten zuten egurrezko azken ontzietakoa ikusi ahal izango du, barrualdetik zein kanpoaldetik. Eta, bisita gidatuen bidez, bidaia interesgarria egingo du, itsasoratu gabe bada ere, Agurtza Kantauriko kostaldean zein urruneko itsasoetan arrantzan ibiltzen zen garaietara. Santurtziko arrantza-portuaren eta Bizkaiko zubiaren artean dago Agurtza itsasontzia, erdibidean, itsas pasealekuan; beraz, kokaleku pribilegiatu batean, nondik Abrako badiaren panoramika ikusgarriaz goza daitekeen. Ontziaren kabina. (Agurtza museoak utzitakoa) Barrualdeko pieza batzuk. (Agurtza museoak utzitakoa) Atunontzia, kroskoa urdinez margotuta, egurrezko estalgune batez estalita dago, eta Kantauri itsasoko kostaldeko ibaiertzeko ontziola zaharrak gogorarazten ditu horrela. Agurtza «salbatzeko» erabakia hartu zutenek argi zuten egitasmoaren helburua: Santurtziren historian arrantzak izan duen garrantzia nolabait bizirik mantentzea eta, batez ere, arrantza tradizionala ezagutaraztea, memoria gal ez dadin belaunaldien artean. Izan ere, XX. mendearen erdialdean Kantauri itsasoko arrantza-porturik aktiboenetakoa zen Santurtzi. Unerik emankorrenetan zurezko 50 ontzi inguru zeuden portuan, 200 langilerekin. Eta esan daiteke helburua lortu dela, Santurtzin eta euskal kostaldeko portuetan arrantzatzen zuten arrantza-ontzi tradizionalen eredu bihurtu baita Agurtza. Egurrezko kaiolan babestuta dago ontzia. (Agurtza museoak utzitakoa) Santurtzi harro dago bere historiaz eta arrantzarekiko betidanik izan duen loturaz. Eta horretaz berehala ohartuko da atunontzia bisitatzen duena. Baxurako arrantzan gehien aritu den Bizkaiko portuetako bat izan omen da. XX. mendearen hasierara arte jarduera honetan trainerua zen nagusi, baina laster lurrun- eta eztanda-motorrek eragindako itsasontziak erabiltzen hasi ziren haien ordez, zama handiagoa eramateaz gain, langile gutxiago behar zutelako. Ondoren, motordun itsasontziak erabiltzen hasi ziren, hasieran zurezkoak eta gero burdinazkoak. Teknologia nola aldatu den ere ikusiko du bisitariak. (Agurtza museoak utzitakoa) Bisita gidatuetan azaltzen da nola harrapatzen zen hegaluzea eta nola kontserbatzen zen portura iritsi bitartean. Boi arrantza-teknika irakasten da: inguratze-arrantzako teknika, beita bizia harrapatzeko funtsezkoa, hegaluzearen kanabera-arrantzan erabiltzen dena. Horrez gain, arrantzaleen bizimoduaren inguruko zertzeladak eskaintzen dira, baita txo edo itsasmutilenak ere. Bakoitzaren zeregina, makinisten ofizio gogorra... Gainera, patroiak kontrolatzen zuen aginte-zubia ere bisita daiteke. Helizea. (Agurtza museoak utzitakoa) Dena dela, itsasontzietako protagonistak ez ziren bakarrik ontzi barruan zeudenak, baita lehorrean gelditzen zirenak ere, batez ere emakumeak, hamaika jardueraz arduratzen zirenak: arraina deskargatu, garbitu, saldu eta merkaturatu, sareak konpondu... Eta, jakina, etxeko guztiez arduratu. Bisita gidatuak hainbat hizkuntzatan eskaintzen dituzte: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Taldeentzako bisita egokituak ere antolatzen dituzte eta, batzuetan, baita antzeztutakoak ere. Nahi izanez gero, gainera, itsasontziaren maketa eraikitzeko joko bat eskaintzen diete familiei.