bidaiari - bidaia aldizkaria

Howrah zubia, Kalkutako lilura kaotikoa

Batzuk bainu sakratuak hartzen edo uretan jolasean ari dira. Beste batzuk, berriz, arropa edo platerak garbitzen. Bada Mullik Ghateko lore-merkatu zalapartatsu eta kaotikora doan jendetza artean sigi-saga presaka aurrera egiten duenik. Saltzaileek merkantziaz betetako zaku handiak daramatzate buru gainean. Eguneko lehen orduak dira Hooghly ibaiaren ertzean, Kalkutan. Eta haien gainean dago Howrah zubi ikusgarria, harrotasunez hiriaren eta Mendebaldeko Bengalaren sinbolo bihurtua. Ikaragarria da, baina baita bitxia eta paregabea ere, hainbat arrazoirengatik, besteak beste, munduan trafiko gehien duen zubia delako: zortzi erraiek 150.000 ibilgailu eta 4.000.000 oinezko inguruko pisua jasaten dute egunero.


Inguruan bizitzak hamaika kolorez tindaturiko erritmoan egiten du aurrera, kanpokoak bereziki mozkortzen dituzten usainez zipriztinduta. Garrasiak, bero jasanezina, itolarria, mugimendu frenetikoa, arnasketa zailtzen duen atmosfera... Scooterrak, bizikletak, automobilak, animaliak, oinezkoak... Ikuskizun liluragarria eta, aldi berean, estresagarria da, mundu osoan goraipatutako eta harro altxatutako ingeniaritza-lan erraldoiak babesten duena.

Zubia 1937an hasi zen eraikitzen, hainbat proiektuk huts egin ondoren, eta sei urte geroago inauguratu zen. Xedea Kalkuta eta Howrah hiriak komunikatzea zen. Guztira, 25 milioi rupia balio izan zuen proiektuak, eta mundu mailan sekulako eragina izan zuen zubien eraikuntzaren industrian; izan ere, zerbitzuan jarri zenean, 705 metroko luzerarekin, munduko hirugarren zubi hegalari luzeena bihurtu zen, Quebecekoaren eta Eskoziako Fortheko Zubiaren atzetik. Erresistentzia handiko altzairuz eginda (26.500 tona) eta 90 metroko altuerako bi euskarri bakarretan oinarrituta (457 metroko distantziarekin), zubiak ez du ez azkoinik ez torlojurik, errematxeak bakarrik erabili zituztelako piezak elkartzeko.

Gaur egun ingelesezko izenarekin ezagutzen bada ere (Howrah bridge), izen ofiziala Rabindra Setu da 1965. urteaz geroztik, urte horretan birbataiatu baitzuten Nobel saria jaso zuen lehen indiarraren omenez: Rabindranath Tagore.

Ur gainean zintzilikatutako altzairuzko habe-sareak estetika berezi eta deigarriaz janzten du zubia, kolore jokoekin indartzen dena. Horrexegatik, harribitxi erraldoiaz gozatzeko unerik onenak egunsentia eta ilunabarra dira, argi izpien isla benetan liluragarria delako eguna esnatzen eta lokartzen denean. Argazkilariek eta zinemagileek ere ongi ezagutzen dute Kalkutako zubiaren xarma. Adibidez, Shakti Samantak eszenatoki hori aukeratu zuen 1958an ”Howrah Bridge” filmatzeko.

Howrah Bridge ikustera lehen aldiz hurbiltzen den bidaiariak bi aukera izango ditu: zubia oinez zeharkatu bi espaloietako edozeinetatik eta altzairuzko habe sarea gertutik miretsi, edo Howrah Estazioko kaian txalupa bat alokatu eta Hooghly ibaian nabigatu, zubia uretatik, beste ikuspegi batetik, behatzeko.

Bitxia bada ere, zubia arriskuan egon zen duela urte batzuk arrazoi kurioso bategatik: galtzada beira-zuntzezko estaldura batekin estali behar izan zuten, gutka kontsumitu ondoren txistua lurrera botatzeko bertakoek duten ohiturak eragindako korrosioaren ondorioz. Gutka areka intxaur eta tabako nahasketa bat da, ahalmen estimulatzaileak eta eduki azido handia dituena. Dirudienez, azidoa izan zen Howrah Bridge arriskuan jarri zuena.