bidaiari - bidaia aldizkaria
Entrevue

Tino Soriano: «Argazkiak ateratzen dituen bidaiaria naiz, baina inoiz ez bidaiatzen duen argazkilaria»

National Geographic Expeditions-eko argazkilari ofizialaren erretratua. (Tino Sorianok utzitakoak)

Tino Soriano (Bartzelona, 1955) bidaia-argazkilari ospetsuenetako bat da. Zenbait sariren irabazle hau –besteak beste, World Press Photo 1999an– Washington D.C.n egoitza duen National Geographic Societyko profesionalen taldekide izan zen 1999tik 2020ra. Tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak eskaintzen ditu han-hemenka.

Hainbat bidaia-gida eta liburu idatzi ditu, hala nola ‘La fotografía en los viajes’, ‘Los secretos de la fotografía de viajes’, ‘Ayúdame a mirar. La Biblia del reportaje gráfico’, ‘Fotografía con una sonrisa’, ‘Los colores y tú’ eta, oraintsu, ‘Anatomía de una foto’.

Tino, errege batekin, Beninen. (Tino Sorianok utzitakoa)

Hiru bider eman dio bira munduari, eta azken hilabeteetan Balkanetan, Yunnanen, Tibeten, Hego Amerikan -kostatik kostarako zeharkaldia eginez-, Omanen eta Beninen egon da. Loiuko aireportuan elkartu gara, Bartzelonara joan aurretik Intxaurrondon erakusketa bat zabaldu ondoren.

‘La fotografía de viajes’ liburuak arrakasta handia izan zuen 1988an editatu zenean, gauza berria zelako...

Estilo horretako lehen liburua izan zen, inprimatzea garestia zelako eta argitaletxeek ez zutelako aurreikusten horrelako gasturik. Ohikoena zen liburu baterako argazkiak egitea eta ez argazkiei eskainitako liburu bat. Juventud argitaletxera joan nintzen ‘Tintin’ argitaratzen zutelako, eta, nire harridurarako, ideia gustatu zitzaien eta euren bildumako lehen argazki liburukia izan zen. Hogeita hamar urte geroago, jarraipena izan zuen: ‘Los secretos de la fotografía de viajes’.

Erretratua Israelen narrasti batekin. (Tino Sorianok utzitakoa)
Hiru bira eman dizkiozu planetari, denak bereziak. Lehenengoak, 1998an, ‘Loca vuelta al mundo’ zuen izenburu. Bigarrenak, 2010ean egindakoak, 30 egun iraun zuen eta eguneko 100 euro baino gehiago ez gastatzeko konpromisoa hartu zenuen. Hirugarrenean, 2017an, Olympus kamera batekin joan zinen 45 egunez, egun bakoitzean istorio desberdinak aurkitzeko asmoarekin. Nola lortu zenuen erronka horietatik onik ateratzea munduari bira ematen ari zinela?

Meritua du hirurak enkarguak zirelako. Lehenengo biak ‘Viajar’ aldizkarirako eta azkena, berriz, jadanik merkatutik desagertutako Olympus enpresarako. Modelo ‘todoterreno’ bat atera zuten, bidaietarako kamera ezin hobea. Esan nien baldintza ezberdinetan probatu nahi nuela munduari bira bat emanez. Neuk ere sorpresa hartu nuen nire proposamena onartu eta finantzatuko zutela esan zidatenean.

Maratoi bat izan zen. Hasteko, munduari bira ematen diozunean, etapa bakoitzean 2 edo 3 ordu galtzen dituzu bidean ordutegi aldaketaren eraginez. Eguna nekatuta bukatzen nuen argazkiak atera, aukeratu eta ‘Circum’ izeneko blog baterako kronika idatzi ondoren. Biharamunean, goizeko 5etan irteten zen hegazkina eta agian goizaldeko ordu bietan oheratu nintzen. Eta horrela 45 egunez. Gogorra izan da.

«Talentua da argazkia atera behar duzun unean argi izatea zer nahi duzun eta zergatik»

Elefante bat, Thailandian. (Tino Sorianok utzitakoa)
Ohituta egongo zara ‘jet lag’-era...

Ordutegi desfasea oso nabarmena da transmongoliarrean mugitzen zarenean, Moskutik Txinara. Ofizialki, tren barruan Errusiako hiriburuaren ordutegiari jarraitzen diote. Baina une batean gosariak eta bazkariak kointziditu egiten dute. Bazkaltzeko orduan esnatzen zara eta erabat deskolokatuta zaude.

Olympus kamerarekin munduari bira eman zenionean, kaleko argazkia egin behar izan zenuen?

Kaleko argazki hutsa da. Hoteletik irteten zara, ezker-eskuin begiratzen duzu, norabide bat hartu eta, hortik aurrera, ateratzen dena... Adibidez, Hong Kongeko hoteleko harreragileak aholkatu zidan hipodromora joateko eta nik pentsatu nuen: «Hemen istorio interesgarria egon daiteke», eta halaxe egin nuen “Un día en las carreras”. Zaldiak, jendea apustuak egiten… Ez zen alferrikako bisita izan!

Halaber, gogoan dut Thailandian elefanteen ospitaleen historian murgildu nintzela, eta Hegoafrikan, berriz, kaleko haurrei zirku arteak irakasten zizkien zirku berezi bati buruz hitz egin zidatela.

Tanzaniako ezkontza bateko gonbidatuak. (Tino Sorianok utzitakoa)
Nola moldatu zinen munduari 30 egunean bira eman zenionean eguneko 100 euro baino gutxiago gastatuz?

‘Munduko birarik merkeena’ zuen izena. Benetakoa izan zen, ez nuen tranparik egin. Meritua zen Londres, Hong Kong edo Los Angeles bezalako leku garestietan erdiguneko lekuetan ostatu hartu behar izana. Gastuak zorrotz kontrolatu behar izan nituen. Horri esker, esperientzia zoragarria bizi izan nuen 4.500 eurorekin. Ehun euro eguneko, gehi hegazkin-txartelerako 1.250 euro.

Zein egoeratan piztu zaizu argia eta pentsatu duzu «hau da bilatzen ari nintzen argazkia»?

Kontua ez da kamera zintzilik duzula zerbait polita ikusi eta klik egitea eta, azkenean, argazkia duzula pentsatzea. Talentua da argazkia atera behar duzun unean argi izatea zer nahi duzun eta zergatik. Argazkilari profesionalok beti dugu buruan irudi bat, badakigu zer azaldu nahi dugun argazki batean eta nola egin hori lortzeko.

Haur bat Indiako Taj Mahal atzean duela. (Tino Sorianok utzitakoa)
Noiz sortzen da une magiko hori?

Gertatzen da planifikatu gabekoa dela argazkirik onena, bat-batean zeu ere harritzen zaituena; eta sorpresa hori bera transmititzen diozu ikusleari ere. Gertaera horri «serendipia» esaten zaio, itxaropenak gainditzen dituen ezusteko aurkikuntza esan nahi du.

Zein izan behar da bidaia-argazkilariaren eta kale-argazkilariaren etika?

Amateurren itxura duten kamera txikiekin egiten dut lan. Ekipo handi bat eramaten baduzu, argazkian ateratzen denak zenbat kobratu ahal dizun balora dezake. Ez duzu inoiz izan behar kamerari lotutako norbait, baizik eta jakin-mina duen gizaki bat, poltsikoan kamera bat daramana eta, agertzekotan, une erabakigarrian izan dadila.

Argazkilaria zara bidaiaria baino gehiago?

Nik mundua esploratzeko erabiltzen dut argazkigintza. Bidaiaria naiz argazkilaria baino gehiago; esan dezaket argazkiak ateratzen dituen bidaiaria naizela, baina inoiz ez bidaiatzen duen argazkilaria. Azken finean, esan daiteke nire argazkiak mundua ezagutzeko jakin-minaren emaitza direla.

Tino Soriano, Olympus kamera batekin munduari itzulia eman zionean. (Tino Sorianok utzitakoa)
Nola joan da alabarekin Hego Amerikan egindako zeharkaldia, Rio de Janeirotik Limara artekoa?

Primeran! Ez dago ezer politagorik aita-alabak elkarrekin bidaiatzea baino, Uyuniko gazia partekatu, Machu Picchura igo, inkei buruz hitz egin, Boliviako eremu bolkanikoak ezagutu… Azken batean, nik utz diezaiokedan edozein herentzia ekonomiko baino askoz hobea da esperientzia, sentimenduetan oinarritutako herentzia da.

‘Anatomía de una foto’ argitaratu berri duzu. Zer aurkituko du irakurleak?

‘Ayúdame a mirar’ (2019) lanaren jarraipena da, baina praktikoagoa eta autobiografikoagoa, 40 urteko lanbidearen ondoren, anekdotaz josia. Irakurlearekin partekatzen dut nola hartzen diren argazki mota jakin batzuk erreportajeetan eta bidaietako argazkietan. 300 argazki baino gehiago daude.

Haitin, budu zeremonia batean. (Tino Sorianok utzitakoa)
Ba al daude herrialde batzuk besteak baino fotogenikoak direnak?

Fotogenia argazkiaren tranparik handienetako bat da. Exotikoa izateak ez du esan nahi argazki ona denik, ondo egiten ez baduzu. Exotismoaren etiketatik askatu behar da. Izan ere, argazkirik onenak dira kutsu kultural batekin egindakoak. Nire kasuan, Mediterraneoko mundua da, non eroso sentitzen naizen, ikono edo argazkietan interpretatzen eta prozesatzen dakidalako.

‘National Geographic’-en hori oso argi dute eta, horrexegatik, nire eremu kulturaletara bidaltzen ninduten lanak egitera. Tokiari lotutako argazkilariak aukeratzen dituzte. Nire kasuan, Italia eta Espainia bereziki eta, oro har, Mediterraneoa, iruditzen zaizkit fotogenikoak.

Normalean, herrialde exotikoetara joaten naizenean, ondo egoten naiz, baina ez nago pozik. Bidaia labur batean ez duzu sakontasunik lortzen. Leku batean errotuta zaudenean soilik lortzen duzu bertako arima islatzea.